Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek Margari Eizagirre Berriako langilea aske uzteko eta Ibon Urrestarazu eta Alaitz Iturrioz bikote ordiziarra espetxeratzeko agindu zuen atzo, haien azalpenak entzun ondoren. Eizagirreri 12.000 euroko bermea ezarri zion askatasuna berreskuratzeko eta ETAri laguntza ematea egotzi. Urrestarazu eta Iturrioz baldintzarik gabe bidali zituen espetxera, erakunde armatuko kide izatea egotzita. Honenbestez, joan den asteartetik Espainiako Poliziak atxilotutako 20 lagunetik 11 aske utzi ditu Garzon epaileak eta 9 espetxeratu.
Astearte goizaldean detenitutako hiru lagun falta ziren atzo Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzeko, herenegun gauean beste bi lagun Garzonen aurretik igaro gabe poliziak aske utzi ondoren. Deklarazioak goizean hastekoak ziren arren, 13:00ak paseak zirenean hasi zen lehena, Eizagirre, epaileari azalpenak ematen. Gainontzeko atxilotuei bezala, Ibon Fernandez Iradi ustezko etakidearen dokumentuetan haren izena agertzen zela zuen oinarri fiskalaren akusazioak. Horrez gain, Fernandez Iradiri etxea utzi izana ere leporatu zion.Eizagirrek Garzoni azaldu zionez, Unibertsitatetik ezagutzen du Fernandez Iradi eta, beraz, haren izena ustezko etakidearen paperetan agertzekotan, arrazoi hargatik izan zitekeen. Izan ere, Eizagirrek inoiz ez diola ETAri laguntzarik eman esan zuen epailearen aurrean. Polizien aurrean eginiko deklarazioetan Fernandez Iradiri etxea utzi ziola sinatu zuen, baina polizien presioengatik egin zuela gaineratu zuen. Haren azalpenak entzunda, baldintzapeko askatasuna baimendu zuen epaileak.
Mehatxuka haurdun egon daitekenarekin
Ibon Urrestarazuk eta Alaitz Iturriozek, aldiz, inoiz ETAri laguntza eman diotela onartu zuten bai polizia etxean bai Espainiako Auzitegian. Urrestarazuk polizien aurrean sinatutako beste deklarazio batzuk, aldiz, ukatu egin zituen.
Ordiziako bikoteak, baina, presio psikologiko gogorrak pairatu izana salatu zuten atzo. Urrestarazuk, kolpeak jasan izana ere bai. Horrenbestez, bikoteak eginiko deklarazioak tratu txar haien ondorio dira Ainhoa Baglieto abokatuaren ustez. Baglietok Berriari adierazi zionez, Iturriozek haurdun egon daitekeela uste du eta egoera horren berri eman zien poliziei atxilotu bezain laster. Orduztik, sabelean izan dezakeen haurra etengabe kolpatuko zutela esanaz mehatxatu dituzte poliziek bai Iturrioz bai Urrestarazu, atxilotuek abokatuari azaldu zienez. Edozein kasutan, bikoteak Ibon Fernandez Iradi eta Ainhoa Garcia eta haiek zituzten lehergailuak ere etxean gorde zituela ondorioztatu du epaileak atzo kaleratutako autoan. Berriak eskuratu ahal izan duen autoak jasotzen duenez, gainera, «etakide haientzat hainbat materiale eskuratu zituzten», bai eta haiek utzitako lehergailuak garraiatu ere. Horrez gain, Fernandez Iradik aginduta ETArentzat hainbat informazio bildu zituzten bai Urrestarazuk bai Iturriozek, beti ere Garzonek kaleratutako autoaren arabera. Hori dela eta, baldintzarik gabeko espetxeratzea agindu zuen epaileak bientzat.Horrenbestez, joan den astean Espainiako Poliziak Garzonen aginduz atxilotutako 20 lagunetatik bederatziren espetxeratzea ekarri du polizia operazioak. Auzitegi Nazionalean deklaratu duten beste zortzi lagun aske utzi ditu Garzonek. Horietako seik 1.000 eta 12.000 euro arteko fidantza ordaindu dute askatasuna berreskuratzeko eta, beste bi, badintzarik gabe utzi ditu aske. Astearte goizaldean Zumaian atxilotu zuten beste gazte bat berehala utzi zuten aske, gaixotasun larria duela-eta.
«Hiltzaile» izatetik, kalera
Ostegunean atxilotu zituzten bi ordiziar, bestalde, Auzitegira eraman gabe askatu zituzten ostiral gauean. Bi atxilotuon kasua berezia izan da. Izan ere, ordurarte atxilotuei eginiko akusazioak baino askoz gogorragoak leporatu zizkien biei hainbat komunikabidek, polizia iturriak aipatuz. Hainbat hilketa ere egotzi zizkien.
Ostiral gauean, baina,hainbat hilketetan parte hartzeaz akusatutako bi ordiziarrak aske utzi zituzten poliziek, epailearen aurretik pasatu ere egin gabe. Kasua auzitegian jarraitu duten kazetari espainiarrek ezin zuten berria sinetsi, kazetari euskaldunek askatasunen berri emandakoan. Beste komunikabide batzuetan berria entzun arte ez zuten ontzat eman albistea, polizi iturrienganako ohi dituzten sinesberatasuna agerian utziz.
POLIZIA OPERAZIOA. ATXILOKETAK
Eizagirre askatu, eta Urrestarazu zein Iturrioz espetxeratu dituzte
Espainiako Poliziak asteartetik atxilotutako 20 lagunetik 9 kartzelara bidali eta 11 aske utzi ditu Garzonek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu