Ekainaren 10ekoari begira, galdera ikurrak osatu dituzte herri ugaritan

Erabakitzeko eskubidearen alde Bilbon antolatu duten mobilizaziora deitu dute: «Elkarrekin zer egin dezakegun irudikatu nahi dugu»

Bilbon osatutako galdera ikurra, atzo. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena
2017ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Erabakitzeko prest daudela irudikatu nahi dute. Herriz herri eta auzoz auzo bai, baina baita Euskal Herri osoan ere. Horretarako, herritarrak batu, eta galdera ikur erraldoi bat osatu nahi dute Bilbon Gure Esku Dago-ko kideek, ekainaren 10ean. «Elkarrekin zer egin dezakegun irudikatu nahi dugu», adierazi zuten Bilboko mobilizazioa aurkeztean, eta giroa berotzeko baliatu dute asteburua hainbat herri eta auzotan, galdera ikurrak osatuta.

Bilbon, esaterako, ostiralean elkartu ziren Deustun, Santutxun eta Indautxun, eta atzo Otxarkoagan eta Zazpikaleetan. Hiriburu mailako mosaikoa, berriz, eguerdian osatu zuten Isozakiko Ateko eskaileretan ehundik gora lagunek. Puxika gorriak hartuta, galdera ikurrak irudikatu zituzten beste hainbat lekutan ere; ostiralean, esaterako, Etxebarrin, Galdakaon (Bizkaia) eta Arbizun (Nafarroa). Atzo, besteak beste, Algortan (Bizkaia) eta Arrasaten (Gipuzkoa) atera ziren kalera.

Gaur ere izango dute aukera hainbat lekutan Gure Esku Dago-ren dinamikarekin bat egiteko. Lezaman (Bizkaia), 13:00etan elkartuko dira udaletxe plazan, eta Zallan, 13:30ean, herriko plazan. Gipuzkoan ere badira deialdiak: Donostian, Bulebarrean aterako dute argazkia, 12:00etan; Hernanin, Zinkoenean, 13:00etan; Zelatungo zelaietan (Ernio mendiaren magalean), 12:00etan. Azpeitian eta Eskoriatzan, berriz, ekainaren 3an egingo dituzte ekitaldiak.

Itun Herritarra, kontsultak...

Jendea biltzea ez ezik, Herritarron Ituna aurkeztea ere bada ekainaren 10eko mobilizazioaren helburua. Gure Esku Dago-ko kideek aurreratu dutenez, «erabakitzeko eskubidearen alde sortzen ari diren forma eta eduki anitzeko adierazpen guztiak bilduko dituen ituna» izango da.

Bitartean, estatus politikoari buruzko herri kontsultek ere jarraituko dute. Ekainaren 18an, esaterako, Nafarroako 24 herritan aterako dituzte kalera hautetsontziak: Bortzirietan, Mendialdean eta Sakanan. Denera, 142 herri galdeketa egin dituzte orain arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.