Hasi eta berehala eten da Espainiako Auzitegi Nazionalean Ernaiko zazpi kideren eta Topatu-ko kazetari Iraitz Salegiren aurkako epaiketa. Epaiketa hasi aurretik herri harresia irudikatu dutelako kanporatu dituzte.
Salatik kanporatu dituzte auzipetuak eta publikoa "euskal gazteria aurrera" oihu artean #9aklibrepic.twitter.com/ArZLMcRXoI
— Topatu.info (@topatuinfo) May 28, 2015
Minutu batzuetan kanpoan zain egon ostean berriro ere aretora sartu dira auzipetuak. Epaiketa, baina, bertan behera geratu da; ekainaren 11rako jarri dute hurrengo hitzordua. Fiskalak eta AVTren abokatuak esku hartzeko eskatu diote Auzitegi Nazionalari, auzipetuek eta aretoan zeudenek aretoan desordena eragin dutela argudiatuta.
Gazte Danbada ekitaldian “terrorismoari gorazarre” egitea leporatuta epaituko dituzte zortzi gazteak. Periko Solabarria ezker abertzaleko kide historikoa ere epaitzekoa zuten, baina epaiketatik kanpo utzi du, Barakaldoko Libre mugimenduak Twiterren jakinarazi duenez. Fiskaltzak urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen du 85 urteko militante historikoarentzat. Gaur 20:00etarako deitua zuten manifestazioa, hala ere, egin egingo dute.
2013ko Gazte Danbada
2013ko Gazte Danbada ekitaldiaren harira zituzten epaitzekoak Espainiako Auzitegi Nazionalean Solabarria, Iraitz Salegi Topatu-ko kazetaria eta Ernai gazte erakundeko zazpi kide (Irati Sienra, Gotzon Elizburu, Maialen Etxebarria, Mikel Button, Aitor Anda, Garazi Mugertza eta Mikel Moreno).
Terrorismoari gorazarre egitea leporatuta, fiskaltzak eta AVTren akusazio partikularrak bi urteko kartzela zigorra eskatu dute Ernaiko sei kiderentzat, eta urte eta erdikoa Solabarriarentzat, Salegirentzat eta Ernaiko zazpigarren kidearentzat.
Gazte Danbadaren egunean Xabier Lopez Peña preso politikoa hil zen espetxean. Ernaik ohar batean azaldu duenez, hori dela eta, Frantziak eta Espainiak presoei ezarritako "salbuezpenezko neurriak" salatu zituzten ekitaldi hartan.
Ernairen arabera, gazteriaren aurkako "eraso gogorra da" epaiketa hau: "Haien interesen aurkako ahotsak isilaraztea du helburu". Hala ere, ohartarazi du "behin eta berriz jo arren" konponbidearen bidean pausoak ematen jarraituko dutela: "Epaitegietan eseri nahi gaituzte, baina ez gaituzte kaletik botako".