Joxe Mari Ulazia Ibarzabal. Egibideko zuzendari nagusia

«Ekintzailetasunaren aldeko jarrera barnerarazi behar dugu denon artean»

Egibideren hezkuntza egitasmoak pertsona ardatz duela nabarmendu du Ulaziak, eta eleaniztasuna eta berrikuntza sustatzearen garrantzia mahaigaineratu du.

EGIBIDE.
Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko abenduaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Amaitu dira pauso ofizialak. Egibide, Gasteizko Jesus Obrero eta Diocesanas ikastetxeak bateratzen dituen egitasmoa, martxan da dagoeneko. Joan den asteazkenean ofizialki aurkeztu zuten. Orduan irudikatu zen batasun horren eskutik Kristau Eskolakozentro hori Euskal Herriko heziketa zentro handiena bilakatu da da, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako eskaintzarekin. Bost ikastetxe —Jesus Obrero, Nieves Cano, Molinuevo, Mendizorrotza eta Arriaga—, 7.000 ikasle, 450 langile... Diocesanas-Jesus Obrero Fundazioko patronatuak Joxe Mari Ulazia Ibarzabal egitasmoaren zuzendari nagusi izendatu zuen duela urte erdi, eta ordutik buru-belarri dabil bilera eta ekitaldi artean.

Zer moduz doa, aurkezpenaren ostean, heziketa egitasmoen arteko indarrak uztartzeko prozesua?

Orain dela urtebete hartu zuten bi heziketa zentroek bat egiteko erabakia, baina orain ari gara hori martxan jartzen. Ekainean gauzatu zen legezko bateratzea, San Joan bezperetan, baina orain hasten da benetako bateratze prozesua. Egitasmo berria bi kultura eta bi funtzionamendu ezberdinetako jendearekin egin da, eta horrek eskatzen du elkarlana, elkar ezagutzea, zenbait gauza komunean jartzea.

Eta nola egiten da hori?

Jendearengana hurbilduz, bilera asko eginez, asko hitz eginez, asko entzunez, banan-banan, taldeka... Gogo berezia nuen denok batera elkartzeko. 450 lagun gara, langile, eta Ogeta pilotalekua alokatu genuen duela bi hilabete. Egitasmoa azaldu genuen han, zer den eta nola egin nahi dugun. Teoria praktikara eramateko denbora behar da, eta egunez egun joan behar duen prozesua da.

Nola kudeatzen da horren egitasmo handia? 450 langile aipatu dituzu, besteak beste...

Tamaina aldetik harrigarria da, eta horrek abantailak eta zailtasunak ditu. Komunikazioa giltzarria da, gauzak komunean jartzeko gaitasuna. Bestalde, arrakasta izateko txikia izatea da beste giltza bat.

Txikia?

Egibideren kasuan ez gara proiektu txiki batez ari, baizik eta proiektu handi batez. Hortaz, txiki ez bagara, antola gaitezen txiki izango bagina bezala. Hori da nire erronka. Nola markatzen da neurria? Komunikazio mailaren bitartez. Multzo txikietan funtzionatzen dugun neurrian, jendearen partaidetza bultzatzen dugun neurrian, orduan izango dugu txiki gisa funtzionatzeko gaitasuna.

Tamaina alde batera utzita, hezkuntza are eztabaidagai garrantzitsuagoa da azkenaldian...

Onartezina da Espainiako azken bederatzi gobernuetan zazpi hezkuntza eredu planteatu izana. Hori ezinezkoa da. Luzera begirako adostasun politikoak behar dira; nik zer dakit, 25 urtera begira, 40 urtera begira. Zer mundutan ari gara lanean? Zer mundu dugu aurretik? Adostu dezagun guztion artean, ez sigla politikoen arabera.

Irizpide politikoez gain ekonomikoki ere garaiak ez dira onak.

Momentu honetan gu geu kontziente gara dugun administrazio egoeraz. Une honetan zehaztugabe dago Gabonetako aparteko ordainsaria pagatzeko moduan gauden edo ez; egunotan lotu beharko dugu. Bestalde, 2010eko maiatzean egindako soldata murrizketaren alorrean, hitzartutako eskoletako langileen alde agertzen ari dira auzitegiak. Diru hori ez badugu jasotzen, jaso ez dugun bezala, zaila zaigu ordaintzea.Horrek guztiak egoera nahasten du eta kezka sortzen du.

Zer lan ildo nagusi zehaztu ditu Egibidek egitasmo hezitzaileari dagokionez?

Pertsonarengan zentratuko dugu mezu guztia. DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketan ere bai. Ordea, DBH eta Batxilergoan bereziki pertsona bakoitzaren garapen oso eta osatua bultzatu nahi dugu, garapen hori hobea eta osatuagoa izan dadin. Enpatia, konpromisoa, elkartasuna, ardurak hartzeko gaitasuna. Hori bultzatu behar da, bai gizabanakoari dagozkion alorretan eta bai pertsonen arteko harremanetan ere.

Eta Lanbide Heziketaren alorrean?

Ekintzailetasunaren aldeko jarrera irakatsi behar da Lanbide Heziketan, hasiera-hasieratik. Denok daukagu lan bat izateko eskubidea, baina galdera bat datorkit burura: norena da enplegu hori sortzeko ardura? Denon artean ekintzailetasunaren aldeko jarrera barnerarazi behar dugu. Eta ekintzailetasuna aipatzen dudanean berrikuntza datorkit burura; ez produktuen berrikuntza, baizik eta gure prozesuena eta gure antolatzeko moduarena.

Eta hizkuntzak?

Lehendakarigai batek esan zuen pertsona aktiboak eta eleaniztunak sortuko dituen sistema behar zela. Horrekin erabat bat nator. Eleaniztunak esaterakoan, sustraituriko pertsona hegaldunei buruz ari naiz. Bere kulturarekin sustraitua, euskaradunak, baina baita hegaldunak ere, gutxienez ingelesa dakitenak.

Orain arte euskara eta LHren arteko harremana ez da bereziki estua izan, eta are gutxiago Gasteizen.

Lanbide Heziketa senide pobreena da hezkuntza sisteman daukagun euskarazko lerroen artean. Bestalde, Gipuzkoako edota Bizkaiko zenbait lekutako egoera ez da konparagarria Gasteizkoarekin. Hemen eta orain beste egoera bat dago. Dena den, nire euskaldun izatetik eta euskaltzaletasunetik bide hori ere bultzatu behar dela uste dut, eleaniztasun horri hobeto erantzuteko.

Bestalde, etengabeko prestakuntzaren barruan pisu handia egotzi nahi zaio LHri.

Alde batetik, eskola sistematik kanpo gelditzear zeuden pertsonei beste bide bat eskaini die Lanbide Heziketak. Horrekin batera, behar berrietara egokitzeko moldatu behar dugu. Gure ezagutzak gaurkotu behar ditugu, enplegua dutenak eta ez dutenak, azken horien kasuan arrazoi gehiagorekin. Aurreko ikasturtean 3.000 ikasle izan genituen enplegurako prestakuntzan.

Nola kudeatzen da laneratzeko prozesu hori?

Enpresekin oso harreman zuzena edukiz. Orain arte 700 enpresekin harremanetan aritu gara, baina ez hori bakarrik. Erakundeen eskutik sortutako zenbait programen arduradunekin ere harremanetan gaude, Lanbidekoak edota Hobetuz-ekoak, kasu, benetan arazo horri edo gabezia horri erantzun ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.