Duela urte batzuk, ETBko Firin-Faran programan nengoelarik, solaskide batek nazionalismo instituzionalak hitzetatik ekintzetara pasatu behar zuela esan zuen. Nazionalismo ez-instituzionalak kontrako bidea egin behar zuela erantzun nion: ekintzetatik hitzetarako bideari ekin behar ziola. Ba, badirudi ditxosozko komunikatua heldu dela eta abian jarri dela prozesua. Prozesua dela dio ETAk. Prozesu hitzaren esanahiak kontestu honetan ugari izan daitezke. Egia da prozesu baten bidez helduko dela bakearen ezarrera. Egia da, era berean, Batasunaren munduaren integrazio politikoa prozesuala izango dela.Eta horrela… prozesu hitzaren hainbat adigaik itxaropen kutsua bideratzen du. Besterik da armen baztertze eta uzteerabatekoa «prozesuaren» emaitzen araberakoa den. Kasu horretan betikoan geundeke: ekintzetatik hitzetara pasatu ezinean.
Nolanahi ere, atzoko komunikatuarekin hainbat zalantza zabaltzen da, eta prozesuaren garapenak emango du hitzen esanahi zehatza; hitz eta esanahien arteko lotura beti da zaila eta. Lehenik eta behin, eskertzekoa da komunikatua hain laburra izatea. Bigarrenik, nazioarteko begiraleek egiaztatzea duten su-eten orokorra iragartzen zaigu. Hor bukatzen omen da orain arteko ETAren konpromisoa. Ez dakit nahikoa zaion ala ez Batasunari. Eurek esango dute. Gainontzekoei ezezkoan nago, iragarriak zeuden bi osakin falta dira eta: ez duelaatzera bueltarik eta baldintza bakoa dela. Hirugarrenik, inkognitak ere badaude: zertarako atera da komunikatua: ezartzen zihoan larritasuna baretzeko, hauteskundeen jomugarekin, egungo indar koerlazioaren berri emateko…? Dena onerako izan dadila, baina zaila momentuz ekintzetatik hitzetarako prozesua!
Iritzia
Ekintzetatik hitzetara…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu