Ekitaldi ugari egin dira Euskal Herri osoan zehar Gudari Egunaren harira

Ahaztuak taldearen deialdiak baimendu egin ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta beste hiru, debekatu

Erredakzioa
Bilbo
2010eko irailaren 28a
00:00
Entzun
Urtero bezala, hainbat ekitaldi egin dira egunotan «atzo eta gaurko gudariak» omentzeko. Atzo bete ziren 35 urte frankismoak azken fusilamenduak egin zituenetik. Bost lagun fusilatu zituen1975eko irailaren 27an; tartean,Jon Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi ETAko kideak. Frankismoaren biktimei gorazarre egin eta memoria historikoa aldarrikatzeko, Ahaztuak 1936-1977 elkarteak antolatutako ekitaldiak baimenduta egin dira aurten, iaz ez bezala. Beste hiru ekitaldi «terrorismoa goratzeko» zirela esanda debekatu egin ditu Herrizaingo Sailak, eta beste ekimen asko, gehienak, isilean egin dira Euskal Herriko txoko askotan, bai atzo, bai asteburuan.

Atzo egin zioten gorazarre Txikiri, hil zuten egunarekin, bere herrian, Zarautzen. Hilerrian bildu ziren eguerdian haren senide eta lagunak, Ahaztuak elkarteko kideak eta herritarrak. Auzitegi Nazionalak iazko ekitaldia debekatu eta ertzainak hildakoaren senide eta lagunei oldartu zitzaizkien arren, aurten, auzitegiaren baimena zuen ekitaldiak. Hala ere, Ertzaintzak gertutik jarraitu zuen ekimena, ertzainen esanetan, ez zela «deliturik» egingo ziurtatzeko. Ertzainak hilerrian agertu zirenean oroituaren senideekin tirabira izan zuten, baina, hala ere, liskarrik gabe egin zen, azkenean, ekitaldia. Arratsaldean, 200 bat lagunek manifestazioa egin zuten herrian zehar.

Irailaren 27 hartan fusilatu zuten beste euskal herritarra, Otaegi, larunbat eguerdian omendu zuten bere jaioterrian, Azpeitiko Nuarbe auzoko plazan.

Atzo beste ekitaldi bat egin zuen Ahaztuak-ek Gasteizen, frankismoak fusilamenduak egiten zituen Santa Isabel paretaren aurrean, eta gune hori behar bezala erakuts dezatela eskatu zuen.

Aralarrek, Memoria Historikoaren Legea bete eta Txiki eta Otaegi biktima gisa aitortzeko eskatu zion Espainiako Gobernuari.

Hiru debeku

Gudari Egunaren harira atzo Alonsotegin, Durangon eta Eibarren egitekoak ziren manifestazioak debekatu zituen Herrizaingo Sailak, «terrorismoa goratuko zutela» argudiatuta. Beste hainbat herritan, aldiz, egin ziren mobilizazioak. Errenterian, adibidez, manifestazioa egin zuten ehunka ikaslek. Getarian 27 lagun bildu ziren, eta Getxoko Erromo auzoan 50. Ertzainek «gudarien argazkiak» kendu zituztela salatu zuten. Laudion ekitaldia egin zuten 75 pertsonak atzo, eta ehun inguruk manifestazioa larunbatean.

Igandean, 1997an Bilbon tiroz hil zuten Jose Miguel Bustinzari egin zioten omenaldia Arratian, eta duela zazpi urte hildako Xabier Kalparsorori Zumaian. Saran, mendi martxa egin zuten Ittun Harrira.



Xose Humberto Baenaren familiak salaketa jarri du

NBEtako Giza Eskubideen Batzordean salaketa jarri du Doris Benegas abokatuak, Xose Humberto Baenaren familiaren izenean.

FRAPeko kidea orain dela 35 urte fusilatu zuten, gerra kontseiluan kondenatu ostean. Prozesuan hainbat eskubide urratu ziren, abokatuaren arabera: bermezko prozesua izatekoa, alderdikeriarik gabeko epaile batek epaitzea, defentsarako eta abokatua izatekoa, eskari bikoitza izatekoa, tratu ankerrak ez jasotzekoa eta bizitzeko eskubidea.

Salaketaren bidez, NBEko batzordeak Espainiako Estatuak eskubide horiek guztiak hautsi zituela onartzea lortu nahi du Baenaren familiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.