Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea

Ekonomia berpizteko, herri gisa itun zabala egitea proposatu du Urkulluk

Krisitik ateratzea «posible» dela adierazi du, baina horretarako instituzio eta eragile guztien arteko elkarlana beharrezkoa dela«Inposatutako mendekotasunik» izango ez duen nazioa aldarrikatu du Alderdi Egunean

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiaren esanetan, oraindik «garai zailak» etorriko dira ekonomiari dagokionez. Krisia gainditzea «posible» dela dio, baina, horretarako, guztien elkarlana beharrezkoa izango dela. Instituzioen zein eragile ekonomiko eta sozialen arteko elkarlana eskatu du horregatik, eta «herri gisako akordio zabala» proposatu du «enpleguaren alde zein Euskadi ekonomikoki berpiztearen alde». Hauteskundeei begira EAJk egindako proposamen ekonomikoak aurkezteko ekitaldian esan zituen horiek atzo Urkulluk, Gasteizen.

Egungo egoera larriari aurre egin ahal izateko «nahiak eta ahalmenak» batzea, «lidergo berri bat» sortzea eta «enpleguaren zein berpizte ekonomikoaren aldeko akordio berri bat sustatzea» ezinbestekoa dela ohartarazi du Urkulluk. Horretarako «gaitasuna izango duen gobernu sendoa» atera behar da Legebiltzarrerako hauteskundeetatik, Urkulluren esanetan, eta bera buru duen Jaurlaritza da horretarako egokia.

Elkarlanean aritzea eta indarrak biltzea eskatu du; «Euskadi lehiakorrago baten alde ahaleginak batzea». Izan ere, hauxe uste du lehendakarigaiak: «Denbora gehiegi egon gara konfrontazio politiko ekonomiko eta sozialean». Eta, krisia gainditzeko, ezinbestekoa izango da guztien artean aurre egitea horri.

Egoera ekonomikoa iraultzeko «helburu nagusia» lanpostuak sortzea dela dio EAJren buruak, eta lehiakortasunaren aldeko apustua egin du horretarako. Lehendakari bada lan mundura arin sartzeko planak abiatuko dituela esan du. Lan politiken kudeaketa ere aldarrikatuko dute jeltzaleek, Gernikako Estatuak jasotzen duen eskumena baita.

«Hazkundearen bidera itzultzeko» ekonomia politikaren «baliabide guztiak» uztartu behar direla azaldu du Urkulluk Gasteizen egindako ekitaldian, eta tresna horien artean funtsezkoenak iruditzen zaizkionak aipatu ditu: «Zorroztasun ekonomikoa, defizita eta zorra neurtzea, zerga sistema hobetzea, administrazio publikoa murriztea, instituzioen arteko koordinazioa egokitu eta sistema publikoaren eraginkortasuna hobetzea, hazkunderako politikak ezartzea, industria politika berreskuratzea, enpresak babestea eta enplegurako politikak abiatzea».

Lotura, herritarren erabakia

Igandean, euskal nortasunaz ere aritu zen Urkullu, Forondako zelaietan egindako Alderdi Egunean. «Inposatutako mendekotasunik» izango ez duen nazioa aldarrikatu zuen EAJren buruak, milaka jarraitzaileren aurrean; «euskal herritarren erabaki askea» lotura bakarra izango duen nazioa.

«Europako gainontzeko nazioekin bat gehiago izanda lehiatuko den Euskadi» defendatu zuen Forondan. Bide horretan, «XXI. mendeko akordio bat» behar dela adierazi zuen, «borondate demokratikoan oinarrituta edozein proiektu politiko» gauzatu ahal izateko.

Independentzia ez zuen espresuki aipatu EAJren urteroko egun handian, proiektu politiko guztiak gauzagarri izango diren egoera aldarrikatu zuen arren. Edozein kasutan, «subiranotasun partekatuak» ahalbidetuko dituen formulak adostearen alde egin zuen, betiere bere burua Europan kokatuta. «Euskadiren heldutasun politikoa bere osotasunean bizitzeko» ahalmena eskatu zuen, «inposatutako menpekotasunik gabe» eta herritarrek «libreki» adierazitakoa beteta. «Euskal herritarrek bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea dute».

Krisi ekonomikotik ateratzea «nazio premia» dela esan, eta haserre, ohartarazi zuen ez duela onartuko justizia sozialari zein abertzaletasunari buruzko «ikasgairik» inork eman diezaion: «Batzuk tiroka ari ziren bitartean, gu egungo instituzioak eraikitzen ari ginen harriz harri».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.