Komunikazioa

EKTk "egonkortzea" lortu du eta horrek "proiektu garrantzitsuetan" sartzea ahalbidetu dio

Gaur egin du akziodunen batzarra, Andoainen, eta aho batez onartu dituzte 2006ko balantzea eta aurrera begirako proposamenak. EKTk iaz ez zuen galera ekonomikorik izan, eta tokiko telebisten eta inpresio zentro baten egitasmoetan sartu da. Horretaz gain, diru laguntza publikoen "egungo politikan eragin" nahi du aurten.

2007ko ekainaren 9a
16:52
Entzun
Euskarazko Komunikazio Taldea (EKT) SAk 2006. urtean "egonkortzea" lortu zuen eta horrek "proiektu garrantzitsu batzuetan" sartzea ahalbidetu dio; hala nola, Hamaika Taldea tokiko telebisten enpresan eta inpresio zentro bateko proiektuan, bietan ere beste bazkide batzuekin. Hala jakinarazi die gaur akziodunei EKTren Administrazio Kontseiluak Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde Kultur Parkean, Ohiko Akziodunen Batzarrean. Iazko arteko bidearen balantzea eta aurrera begirako egitasmoak aurkeztu ditu EKTk, eta akziodunek aho batez onartu dituzte.

Ekonomikoki 2006an, aurreko urteko "egoerari buelta eman eta galerarik ez" izatea lortu dutela esan du Joxean Lizarribar EKTren Administrazio Kontseiluko lehendakariak. "Beraz, komunikazio talde sendoa dugu EKT, euskarazko komunikazio eremua garatze aldera azken urteetan ekarpen handiena egin duena eta bide horretan jarraitzeko prest dagoena". Gaur egun EKTk, komunikabideen alorrean, BERRIA egunkaria eta BERRIA.INFO webgunea argitaratzen ditu, eta zazpi Hitza eskualde egunkarietan hartzen du parte (euskara elkarteekin eta gizarte eragileekin).

Egitasmoak asko izan arren, Joanmari Larrarte EKTren kontseilari ordezkariak nabarmendu du “balantze kontsolidatuak enpresa taldearen finantza egoera sendoa" dela erakusten duela.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren aldetik diru laguntza nahikorik ez dela iristen adierazi du Larrartek. “Urtetik urtera autofinantzaketan pausoak emateko gai garen arren, Jaurlaritzaren Kultura Sailaren aldetik ez dago ez EKT eta ez sektorea indartzeko biderik”.

Martxelo Otamendi BERRIAren zuzendariak 2006an egunkariak "aurrerapausoak" eman dituela azpimarratu du, “produktua hobetuz eta diseinu modernoagoa eginez”. BERRIA.INFO bideoekin hasi izana ere aipatu du, baita BERRIAk bere lehen Estilo Liburua atera izana ere.

Iban Arregi Bertako Hedabideak EKTko enpresaren arduradunak eman du Hitza proiektuen berri, eta 2006a “egonkortze urtea” izan zela azpimarratu du. Hala, dagoeneko lau Hitza bideragarri izateko bidean dira (Tolosaldeko eta Leitzaldekoa, Oarsoaldekoa, Urola Kostakoa eta Goierrikoa). Donostiakoari buelta emateko “pausoak” ematen ari dira, eta Bizkaiko bi Hitzetan hango Foru Aldundiak eta zenbait udalek diru laguntzarik eman ez izana kritikatu du Arregik.

2007. urteko erronkak

2007ari dagokionez, Larrartek adierazi du BERRIAren salmentei eutsi nahi dietela -"handitzeko ahaleginak eginez, erosle berriak erakarriz”-, publizitateko sarrerak handitu nahi dituztela, diru laguntza publikoen “egungo politikan eragin” egin nahi dutela, eta Hamaika tokiko telebista proiektuak abiatuko dituztela.



Otamendik aurreratu du BERRIA produktuaren kanpo azterketa egingo dutela aurten, eta "Internet arloa osatzen eta berritzen" segitzeko lana egingo dutela.

Hitza egitasmoen kasuan, asmoak: egunkariaren diseinua aldatzea, "Interneten herritarrengana gehiago hurbildu" eta diru sarrerak handitu. Bide batez, beste Hitza-k sortzeko eragileekin harremanetan direla jakinarazi du Arregik.

Administrazio Kontseiluak eskerrak eman dizkie aurten ere EKTko langile guztiei -“egunez egun egiten duten ahaleginagatik”- eta akziodunei -“proiektu honi ematen dioten sostenguagatik”-.

Aldaketa bat Administrazio Kontseiluan

Ane Agirregomezkortak arrazoi pertsonalengatik utzi egin du EKTko Administrazio Kontseilua eta, Larrarte kontseilari ordezkariak egindako proposamena ontzat joz, akziodunek erabaki dute Estitxu Breñas izatea kide berria.

Ekuadorren jaio zen Breñas, 1969an, eta Gasteizen bizi da. Geografia eta Historian lizentziatua da, eta euskara irakaslea izan zen AEKn zazpi urtez. Duela hamar urtetik GEU Gasteiz aldizkariko zuzendaria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.