Arnau Baulenas. Abokatua

«El Salvadorko justizia ez dago prestatuta gerra krimen bati erantzuteko»

Baulenas abokatua lanean ari da jesuiten hilketaren egile intelektualak auzipetu ditzaten. Kezkatuta dago «zigorgabetasuna» nagusi delako eta ez delako aurrerapausorik eman nahi erantzukizunak zuritzeko.

RODIGO SURA / EFE.
Edurne Begiristain.
2019ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
El Salvadorko jesuiten hilketaren auziko abokatua ez ezik, EAUko Giza Eskubideen Institutuko Justizia prozesuen taldeko koordinatzaile ere bada Arnau Baulenas (Vic, Katalunia, 1991). Biktimek egia, justizia eta ordaina merezi dutela uste du.

Jesuiten hilketak mugarri bat ezarri zuen El Salvadorren?

Askok uste dute zortzi lagunen odolak balio izan zuela gerrari amaiera emateko. Baina gaur-gaurkoz, sentimendu askok kolpatzen gaituzte gure baitan. Batetik, jesuitek utzi diguten ondarea oso presente dugulako, baina, tamalez, haiek salatzen zituzten bidegabekeria asko ez direlako oraindik desagertu El Salvadorren. Bestetik, injustizia sentimendu bat ere badugulako, zigorgabetasunak jarraitzen duelako. Auzian aurrerapauso batzuk eman badira ere, oraindik inpunitatea nagusi da, eta ez da benetako aurrerapausorik eman sarraskiaren egile intelektualen aurka. Auzia berriro ireki bada ere, sistema judiziala ez dago prestatuta gizateriaren aurkako sarraski bati eta gerra krimen bati erantzun egokia emateko.

Sarraskiak zigorgabe segitzen du oraindik. Nola dago auzia?

Jesuitekin gertatutakoak ongi islatzen du El Salvadorko sistema judizialarekin gertatzen ari dena. Tamalez, lepo zuridunek eta boteretsuek sistema judizialean agintzen jarraitzen dute. Batzuei legea aplikatzen diete, baina EAUko martiriekinzuhurtzia handiarekin erabiltzen dituzte legeak, indar armatuaren goi kargudunek erantzukizun zuzenak dituztelako. 2017an, Amnistia Legea bertan behera utzi eta gero, auzia berriro irekitzeko eskaera egin genuen egile intelektualak auzipetu zitzaten. Hasieran, epaitegiak arrazoi eman zigun, eta urtebete igaro behar izan zen beste auzitegi batek erabaki hura berrets zezan. Baina legea modu iruzurrezkoak erabiltzearen ondorioz, militarrek lortu dute auzia geldirik egotea Auzitegi Gorenean. Hortik ateratzen dudan ondorioa oso kezkagarria da: El Salvadorko sistema judiziala ez dago prestatuta halako auziei heltzeko eta independentziaz jarduteko.

2018an El Salvadorko auzitegiek berriz zabaldu zuten hilketen auzia. Zer aurrerapauso eman dira ordutik?

Erabaki hura historikoa izan zen, ordura arte sekula ez zelako ontzat jo sarraskiaren egile intelektualen aurkako prozesu bat abiatzea. Garrantzi handiko erabakia izan zen, gizateriaren aurkako krimen batean erantzule nagusiak egile intelektualak izaten direlako. Izan ere, ez du ezertarako balio egile materialak zigortzeak, ez badira zigortzen sarraskia planifikatu eta agindu zutenak. 2000. urtean lehen saialdi bat egin zen egile intelektualak zigortzeko: Jose Maria Tojeira orduko hartan EAUko errektore zenak salaketa bat aurkeztu zuen fiskaltzaren aurrean, baina fiskalak auzia ixteko eskatu zuen, eta epaileak ere gertaerak preskribatuta zeudela erabaki zuen. 18 urte itxaron behar izan genuen berriro auzia ireki zedin. Ordutik, tamalez, apenas eman den aurrerapausorik. Tamalgarria da gure sistema judizialaren geldotasuna, eta ematen du zerbait estali nahi duela.

EAUko Giza Eskubideen Institutuko kide gisa, zein da auzi honetan duzun helburu nagusia?

Nik biktimak ditut lehentasun nagusi. Eta biktimak dira ez bakarrik hildakoak eta haren senideak, baizik eta Jesusen Lagundiko jesuitak. Erdialdeko Amerikako Giza Eskubideen Batzarrak ere hala du jasota. Uste dugu egia eta justizia prozesu bat beharrezkoa dela delituen egileak ezagut daitezen. Ez dago zalantzarik agindua Indar Armatuak eman zuela, hala dio Egiaren Batzordeak, baina beharrezkoa da justizia prozesu bat abiatzea egia jakiteko.

Biktimek justizia eta ordaina eskuratzeko zer neurri hartu dira?

Oso aurrerapauso txikiak eman dira, baita erakundeek ere. Ekitaldi sinbolikoetatik eta hitz politetatik harago, interes txikia dute biktimei benetako aitorpena eta erreparazioa emateko. Biolentzia utzi eta bake egoera bati ekin nahi badiogu, erreparazioa eta berriro ez gertatzeko bermeak ezarri behar dira biktimentzat, baina ez dago benetako borondaterik halako urratsak egiteko. Egunerokoerrealitatea, torturak eta exekuzio estrajudizialak horren isla dira.

Inocente Montano Espainian dago behin-behinean preso. Ongi ikusten duzu han epaitua izatea?

Jesusen Lagundiko kideek askotan esan dute auzia El Salvadorren epaitu beharko litzatekeela, baina, Montano Espainiara estraditatu zutenez, uste dugu han epaitu beharko luketela. Gainera, ezin dute El Salvadorrera eraman, estradizio hitzarmenak ez duelako horretarako aukerarik ematen. Prozesua bururaino eraman beharko luke Espainiak. El Salvadorren abiatu nahi dugun auzirako oso baliagarria izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.