Lan gatazkak

ELA eta LABek "enpresarien menpeko" izatea leporatu diete CCOO eta UGTri, eta "ideologikoki galduta" egotea

ELA, LAB, STEE-EILAS, CGT eta EHNE sindikatuetako 500 ordezkari sindikalek batzar bat izan dute gaur Iruñean, eta CCOO eta UGTri "enpresarien menpeko" izatea eta "enplegu erregulazioko expediente guztiak sinatzea" leporatu diete. LABeko idazkari nagusi Rafa Diez Usabiagaren esanetan, bi sindikatu horiek "ideologikoki galduta daude, eta patronalari lan zikina egiten diote". Batzarraren ostean, Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin dute.

2003ko azaroaren 19a
16:42
Entzun
LABeko idazkari nagusiaren esanetan, Nafarroa "erregimen politiko sindikal bat" da, eta "patronalak, UPNko Gobernuak, CCOOk eta UGTk" osatzen dute. Diezen arabera, "lotsagabeen harresi horri aurre egiteko barricada sindikal bat osatu beharra dago", eta barrikada horren abiapuntua "gaur egin dugun elkarretaratzea izan da". Halaber, datorren hilaren erdi alderako gaur bildu diren sindikatu guztiek euren oinarrik mugituko dituztela iragarri dute "Nafarroako gizarteak egoera honi erantzuna emateko".

"Espedienteak dirua irabazteko baliatzen dituzte"

LABeko idazkari nagusi Rafa Diez Usabiagak salatu duenez, "krisian ez dauden eta arazo ekonomikoak ez dituzten enpresek erregulazio espedienteak aurkezten dituzte dirua irabazteko". Diezek Nafarroako Gobernuaren jarrera gaitzetsi du, "enpresa horien kontra ez baitu ezer egiten, eta aldiz, langileak presionatu eta txantaia egiten dielako". Haren esanetan, Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian "ez da lan egoera hau ematen, Nafarroan enpresarioek Gobernuaren, CCOOren eta UGTren laguntza baitute".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.