Hizkuntz Eskubideen Behatokiak joan den astean jakinarazi zuen kexu gehiago jaso zituela iaz hizkuntz eskubideen urraketarekin lotuta, eta gaur Eusko Jaurlaritzaren Elebide zerbitzuak azaldu du aurreko urtean baino %15 intzidentzia gehiago jaso zituela. 340 gorabeheraren berri izan dute, eta kexuak izan dira horietako gehienak, %92. Administrazio publikoen jardunak sortu du kexu gehien, eta, horren barruan, Osakidetzak.
Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordearen esanetan, ona da Elebiden kexu kopurua areagotu izana. “Ez dira gero eta urraketa gehiago izaten, baizik eta kexuak igotzen dira herritarrek kontzientzia handiagoa dutelako”. Legeetan aitortutako hizkuntz eskubideak gauzatzeko bidean gorabeheren berri jakitea ezinbestekoa dela uste du, egoera zein den jakiteko eta neurriak hartzeko.
Administrazioan, idatziz eta ahoz euskaraz egiteko ezintasunak dituztelako dira kexu herritarrak, eta seinaleak eta horrelakok gaztelania hutsean daudelako ere bai. Jaurlaritzak berak du kexu kopuru handiena, sailen artean banatua; erakunde autonomoetan, berriz, Osakidetza da buruan. Jose Mari Armentia Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariak esan du 21 kexu jaso dituela osasun zerbitzuak; “kopuru handia” dela uste du, baina ohartarazi du Osakidetzak urtean ematen duen zerbitzu kopuruarekin alderatuta “oso-oso txikia” dela kexuen kopurua. Egoera hobetzeko bidea jarriko dutela hitzeman du, nolanahi ere: udazkenerako prest izango dute euskara plan berria.