Politika

Elena Belokik libre segituko du behin-behinean, haurdun geratzeko tratamenduarekin jarrai dezan

18/98 makrosumarioan zigortutako kideak uztailaren 1ean irten zuen kartzelatik -bermepean-, eta gaur haren egoera berriro aztertzeko saioa eduki dute Espainiako Auzitegi Nazionalean, AVTk eskatuta.

2008ko urriaren 2a
13:27
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainiako Auzitegi Nazionalak erabaki duenez, Elena Beloki (47 urte) 18/98 makrosumarioan zigortutako kideak aske segituko du behin-behinean, haurdun geratzeko tratamenduarekin segi dezan. Donostiako erietxe batean ari da tratamendu horretan. Auzitegi Nazionalak ekainaren 30ean hartu zuen Beloki aske uzteko erabakia -hurrengo egunean irten zuen honek-, sei mila euroko bermea ordainduta, eta gaur berriro aztertu du haren egoera, AVTk eskatuta. Ez dio erretiratu bermea.

AVTk Beloki berriz ere kartzelara bidaltzeko eskaera egin du, tratamendu medikua jasotzeko nahikoa denbora izan duelakoan. Dolores Delgado fiskala ere espetxeratzearen alde agertu du, preso ohiak ihes egiteko arriskua dagoela iritzita eta berriz ere delitua egin dezakeelakoan.

Gaurko saioak orduerdi inguru iraun du, eta Alfonso Guevara, Guillermo Ruiz Polanco eta Angeles Barreiro epaileek osatutako tribunalak ahoz jakinarazi diete Belokiri eta honen abokatu Jone Goirizelaiari neurria.

Epaileek aurrez Guardia Zibilaren txosten bat jaso dute, Belokik etxez ez duela aldatu eta behin-behinean aske denetik neurri denak bete dituela esanez -hamabostero joan behar izaten du gertuen duen auzitegira-.

2007ko abenduan atxilotu zuten Beloki, eta Auzitegi Nazionalak hamahiru urteko kartzela zigorra ezarri zion. Geroztik, Soto del Real (Espainia), Castello (Herrialde Katalanak), Villena (Herrialde Katalanak) eta Langraizko (Araba) espetxeetan eduki zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.