Modou Faye 'Beltxa'. Africa United elkarteko burua

«Elhadji zen haren familiaren heldulekua; orain ez daukate ezer»

Elhadji Ndiaye senegaldarra Espainiako Poliziaren Iruñeko egoitzan hilik topatu zuten duela sei urte. Prozesu judiziala trabatuta dagoela iritzita, diru bilketa kanpaina abiatu dute, «familiaren beharrei aurre egiteko».

IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Sei urteren ostean ere, sumindu egiten da Modou Faye Beltxa senegaldar eta Africa United elkarteko burua, Elhadji Ndiayeri buruz mintzatzean. Haren heriotzak hunkitu zuen, konturatu baitzen Iruñeko «edozein beltzi» gerta dakiokeela antzeko zerbait: bortizki atxilotua izan eta Poliziaren zaintzapean hiltzea. Nafarroako senegaldar komunitateak «justizia eta ordaina» eskatu ditu Ndiayeren familiarentzat.

Zertan da Elhadji Ndiayeren heriotzaren auzia?

Sei urte joan dira Espainiako Poliziak Elhadji atxilotu eta komisarian hil zitzaienetik, eta, denbora horretan, inpunitatea besterik ez dute erakutsi. Elhadjiren familiak ez daki auziaz ezertxo ere: Africa United elkartekoek kontatzen dieguna, eta oso informazio gutxi daukagu. Iaztik, dakigun bakarra da auzia Auzitegi Gorenean dagoela, ez aurrera ez atzera.

Nola bizi du egoera hau Ndiayek Senegalen duen familiak?

Hondoa jota daude erabat. Elhadji zen familia horren heldulekua, bai ekonomikoa bai animikoa, eta kolpe latza izan zen haren heriotza. Seme bakarra zen, eta harenama birrinduta dago ordutik. Bestalde, Elhadjiren alaba gazteenak zortzi urte ditu, eta ez du aita ezagutu, eta beste seme-alaba zaharrenek oso dolu gogorra sufritu dute, miseria gorrian. Gaur egun, oinarrizkoena ere falta zaie. Etxearen alokairua pagatzen zuten Elhadjik bidaltzen zien diruarekin, eta orain denak bizi dira amonaren etxean, pilatuta. Ezin diete aurre egin ezta haurrak eskolatzeko gastuei ere.

Ezin dute kalte ordainik eskatu?

Hori da guk aldarrikatzen duguna, baina oraingoz, Espainiak ez die eman, ez justiziarik ez ordainik. Guk hori dugu lehentasuna orain: familia horri laguntza ematea. Horregatik, aurtengo elkarretaratzean, Elhadjirentzako justizia eskatzeaz gain, ordainaren kontzeptuan egin nahi dugu azpimarra. Afrikar bat Europako komisaria batean hil zen, eta inork ez du ardura bere gain hartuko? Zenbait gizarte eragilek erabaki dugu kontu korronte bat irekitzea Elhadjiren familiari laguntzeko, jendeak ekarpen ekonomikoak egin ditzan. Espainiako Estatuak egin beharreko lana da, badakigu, baina, aitortza eta ordaina iristen ez diren bitartean, gizarte zibilak bere gain hartu beharko du ardura hori ere. Eta gizatasun apur bat erakutsi.

Auzia Elhadji Ndiayeren heriotzaz harago doala salatu duzue...

Bai. Finean, Elhadjiren auzia da arazo askoz handiago baten isla. Panafrikanismoaren parte garenok kezka adierazi dugu behin baino gehiagotan, gure herrikideak immigraziora, miseriara eta heriotzara eramaten dituen sistema honen gainean. Zerk bultzatzen ditu beren bizitza arriskuan jartzera?

Zerk?

Europako gobernuen politikek, batik bat. Frantzia da adibiderik eskandalagarriena. Parisek hamarkadak daramatza Afrikako hainbat herrialderi lehengaiak lapurtzen, Europako gainerako gobernuen oniritziarekin. Frantziak ez du petroliorik, uraniorik edo urre alerik. Ez du ezta kakao hazi bakar bat ere, baina munduko ekoizlerik handienetako bat da. Nola da posible hori? Afrikako herrialdeei lapurtzen dizkielako lehengai horiek guztiak. Frantzia potentzia bat da, kolonialismoari esker.

Nola egiten du hori?

Jihadismoaren kontrako borrokaren aitzakiarekin, Afrikako herrialdeetan diktadoreak jarriz edo horiek babestuz, Mendebaldearen interesak babestearen truke. Txotxongiloak jartzen dituzte, finean. Badira herrialde horiek demokratikoki gobernatzeko gai diren lider panafrikanistak, baina, kasualitatez, beti irabazten dute Mendebaldeko gobernuen babesa dutenek. Afrika tarta bat da potentzia handientzat, eta euren artean banatzen dute. Afrika burujabe, demokratiko eta baketsu bat amesgaiztoa da haientzat.

Zergatik?

Ezinen luketelako koilara sartu. Frantziaren ekonomia, adibidez, hondoratuko litzateke, esplotazioan eta lapurretan oinarritua dagoelako. Munduko 25 herrialde pobreenak dira, hain zuzen, Frantziaren kolonia ohiak: Senegal, Mali, Ginea, Txad, Burkina Faso, Sudan... Frantzia aipatu dut baina Europako Batasun osoa errudun da, arpilatze horren konplizeak diren heinean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.