"Testuinguru ekonomikoak" bultzatutako erabakia izan dela azaldu du Elhuyarreko zientzia unitateko arduradun Maria Gilek, baina ez du azalpen horretan bakarrik geratu nahi izan. Argudiatu du kontsumo ohituretan aldaketa nabaria izan dela iragan urteotan; 1.500 harpidedun inguru ditu papereko aldizkariak —"iraunkorra da"—, baina "irakurleen mugimendua" ikusten dute, batez ere, sarean jartzen dituzten edukietan, eta horrek bultzatu ditu lan egiteko era berriak aztertzera. Horren inguruko azterketa eginda erabaki dute paperean ateratzen duten aldizkariaren maiztasuna urritzea; han jasoko dituzten edukiak gaiak "sakonago" lantzeko erabiliko dituztela esan du.
Iaz, Eusko Jaurlaritzak euskarazko hedabideentzako laguntzak ebatzi zituenean irismenaren irizpidea nagusitu zuen, eta hainbat hedabideri —tartean Elhuyar bera— kalte egin zien horrek. Nolanahi ere, Gilek azaldu du horrek erabakian eragina izan badu ere ez dela izan aldizkaria hiruhilabetekari bihurtzeko "arrazoi nagusia".