Zer dira artisau erara egindako elikagaiak? Zein alde dago nekazaritza industrialaren eta iraunkorraren artean? Zertan desberdintzen dira abeltzaintza intentsiboa eta estentsiboa? Zertaz da garrantzitsua bertako produktuak kontsumitzea? Elikadura ekoizpenari buruzko galdera horiek erantzutea ez da zaila Euskal Herriko laborariendako; bai, ordea, arlo horretan lan egiten ez duten anitzendako. Egoera aldatzeko gogoz dira Lurretik Ikasiz proiektuaren bultzatzaileak, elikadura ekoizpenaren auzia ikasgeletara eraman nahi baitute: «Lehendik sentitzen genuen behar eta eskariari erantzun bat eman nahi diogu, eta elikaduraren gaia hurbiletik landu nahi dugu ikasleekin».
Gaur egin dute proiektuaren aurkezpena, Elizondon (Baztan, Nafarroa). Azaldu dutenez, egitasmoaren bidez «etxaldeetako lan egiteko moduak» erakutsiko dizkiete ikastetxeetako haur eta gazteei, «ekoizleei aurpegia jarriz». Zehazki, zazpi dira −momentuz, behintzat− proiektuaren atzean dauden ekoizleak, Zugarramurditik hasi eta Beraraino (Nafarroa) doazenak: Agorleku gaztandegia, Lesakan; Autxitxia gasnategia, Elizondon; Baztango Xurie mahastiak eta upategiak, Arizkunen; Erlanki erlezaina, Beran; Jauregia Esnekiak, Anizen; Maira okindegia, Etxalarren; eta Martinea baratzea Zugarramurdin.
Ekoizleez gain hainbat eragilek lagundu dute proiektua osatzen: Xomorro Agroekologia eta Hezkuntza, Arrea Agroekologia, Baztango Zaporeak taldea, Bortziriak-Malerreka-Bertizarana Elikadura, Baztango Udala eta Nafarroako Gobernua.
Proiektuak azarotik datorren urteko ekainera arte iraunen du. Denbora tarte horretan Baztan-Bidasoa eremuko ikasleek −Lehen Hezkuntzako bigarren ziklotik, DBHko lehenbiziko mailara bitartekoek− elikadura ekoizpenaren gaia sakonago lantzen ahalko dute, tartean etxalde horietara bisita eginez.
Aitor Azkarate Tomassonek Jauregia Esnekiak etxaldean egiten du lan, eta egitasmoaren lau ardatz nagusiak azaldu ditu: eskolak etxaldeetara hurbiltzea, elikadurari garrantzia ematea, elikadura ereduaz gogoetatzea eta laborantzan emakumeek duten rolaz mintzatzea. «Lurretik eta gure etxaldeetatik gero eta gehiago urruntzen ari gara. Hortaz, gure oinarrira itzultzeko beharra ikusten dugu», adierazi du. Hala, uste du ez dela hausnartzen janariaren gibelean dagoenaz, eta lan hori guztia ez dela baloratzen. «Zerbait estimatzeko ezagutu egin behar da, hortaz, jaten ematen diguten ekoizleei aurpegia jarri behar zaie».
Bi pauso
Gibelean dagoen lana ikusarazteko saioak dira, beraz, etxaldeetan egin ohi diren bisitak. Maialen Chantre Irazoki Martinea baratzean aritzen da lanean, eta gisako bisitak «denborapasa» hutsak ez direla gogoratu du: «Eskolatik kanpo egiten diren ikasteko espazioak dira. Saio praktikoak antolatu ditugu, ikasleek bueltan zerbait eraman dezaten». Proiektua ikastetxeei helarazteko bi zati daudela azaldu du Chantrek: ekoizleen gida eta ikasmateriala. Batetik, etxalde bakoitzaren xehetasunak bildu dituzte, beren ezaugarri eta historiaren berri emanez. Bisita guztiek bi orduko iraupena izanen dute, eta batzuetan tailerrak egiteko aukera ere egonen da.
Bertzetik, bisita baino lehen eta ondoren ikasgeletan lantzeko ikasmateriala bildu dute gida batean. «Bisitara etorri aurretik eskolan gaia lantzea nahi dugu. Nekazaritza eta abeltzaintza iraunkorraren berri izan dezatela», azaldu du Chantrek. Maila bakoitzarentzat sei saio prestatu dituzte, 50 minutu ingurukoa bakoitza: bost, bisita baino lehen egiteko, eta bat, bisita egin eta gero. «Ikasleei zuzendutako jarduera proposamenez gain, irakasleendako gaiaren inguruko azalpenak ere jaso dira bertan».
Gida hori, baina, ez da Baztan-Bidasoako ekoizleek egiten duten lanaz mintzatzen; elikadura ekoizpenaren gaia lantzea du helburu. Beraz, Lurretik Ikasi egitasmoa elikadura ekoizpenaren gaia Euskal Herri osora proiektatzeko abagunea da. Euskal Herriko bertze txokoetako ekoizle nahiz ikastetxeek gida erabili dezaketelako beren proiektu propioak garatzeko. Eskolako liburuetara iritsi ez den jakintza anitz baitago Euskal Herriko etxaldeetan.