Zer dira artisau erara egindako elikagaiak? Zer alde dago nekazaritza industrialaren eta iraunkorraren artean? Zertan desberdintzen dira abeltzaintza intentsiboa eta estentsiboa? Zertaz da garrantzitsua tokiko produktuak kontsumitzea? Elikagai ekoizpenari buruzko galdera horiek erantzutea ez da zaila Euskal Herriko laborariendako; bai, ordea, arlo horretan lan egiten ez duten anitzendako. Egoera aldatzeko gogoz dira Lurretik Ikasiz proiektuaren bultzatzaileak, elikagai ekoizpenaren auzia ikasgeletara eraman nahi baitute: «Lehendik sentitzen genuen behar eta eskari horri erantzun nahi diogu, eta elikaduraren gaia hurbiletik landu ikasleekin».
Atzo aurkeztu zuten proiektua, Elizondon (Nafarroa). Azaldu zutenez, egitasmoaren bidez «etxaldeetako lan egiteko moduak» erakutsiko dizkiete ikastetxeetako haur eta gazteei, eta «ekoizleak bertatik bertara» ezagutzeko modua eman. Zehazki, zazpi ekoizle daude oraingoz proiektuaren atzean, Zugarramurditik hasi eta Beraraino (Nafarroa) doazenak: Agorleku gaztandegia, Lesakan; Autxitxia gasnategia, Elizondon; Baztango Xurie mahastiak eta upategiak, Arizkunen; Erlanki erlezaina, Beran; Jauregia Esnekiak, Anizen; Maira okindegia, Etxalarren; eta Martinea baratzea Zugarramurdin. «Eskala txikiko proiektuak gara, salmenta zuzena eginez, lurra zainduz, inguruko baliabideak errespetuz erabiliz eta herriko komunitateen parte izanez lan egiten dugunak», borobildu zuten.
Ekoizleek ez ezik, beste hainbat eragilek ere lagundu dute proiektua osatzen: Xomorro Agroekologia eta Hezkuntzak, Arrea Agroekologiak, Baztango Zaporeak taldeak, Bortziriak-Malerreka-Bertizarana Elikadurak (Cederna Garalur), Baztango Udalak eta Nafarroako Gobernuak.
Proiektuaren lehenbiziko edizioak azarotik datorren urteko ekainera arte iraunen du. Denbora tarte horretan, Baztan-Bidasoa eremuko ikasleek —Haur Hezkuntzako bigarren ziklotik DBHko lehenbiziko ziklora bitartekoek— elikagai ekoizpenaren gaia sakonago lantzen ahalko dute, bertzeak bertze etxalde horietara bisita eginez.
Aitor Azkarate Tomassonek Jauregia Esnekiak etxaldean egiten du lan, eta egitasmoaren lau ardatz nagusiak azaldu zituen: eskolak etxaldeetara hurbiltzea, elikadurari garrantzia ematea, elikadura ereduaz gogoetatzea eta laborantzan emakumeek duten rolaz mintzatzea. «Lurretik eta gure etxaldeetatik gero eta gehiago urruntzen ari gara. Hortaz, gure oinarrira itzultzeko beharra ikusten dugu», adierazi zuen. Hala, uste du ez dela hausnartzen janariaren gibelean dagoenaz, eta lan hori guztia ez dela baloratzen. «Zerbait estimatzeko, ezagutu egin behar da; hortaz, jakin behar dugu nor diren jaten ematen diguten ekoizleak». Horrez gain, proiektuko kideek ez dute atzendu nahi emakumeek historikoki baserrian zer zeregin izan dituzten, eta gaur egun laborantzan eta artisautzan egiten duten lanari ere erreparatu gogo diote.
Bi pauso
Gibelean dagoen lana ikusarazteko saioak dira, beraz, etxaldeetan egin ohi diren bisitak. Maialen Txantre Irazoki Martinea baratzean aritzen da lanean, eta gogoratu zuen gisa horretako bisitak ez direla «denbora-pasa» hutsak: «Eskolatik kanpo ikasteko tarteak dira. Saio praktikoak antolatu ditugu, ikasleek bueltan zerbait eraman dezaten, etxera edo ikastetxera». Proiektua ikastetxeei helarazteko bi zati daudela azaldu zuen Txantrek: ekoizleen gida eta ikasmateriala. Batetik, etxalde bakoitzaren xehetasunak bildu dituzte, eta horien helburuen, ezaugarrien eta historiaren berri eman. Bisita guztiek bi ordu iraunen dute, eta, batzuetan, tailerrak egiteko aukera ere egonen da. Saioetan emandako informazioa ahal bezain ongi ulertzeko, gehienez ere hogei ikasleko taldeak onartuko dituzte bisita bakoitzeko.
Bertzetik, bisita baino lehen eta ondoren ikasgeletan lantzeko ikasmateriala bildu dute gida batean. «Bisitara etorri aitzinetik eskolan gaia lantzea nahi dugu. Nekazaritza eta abeltzaintza jasangarriaren berri izan dezatela», azaldu zuen Txantrek. Maila bakoitzarentzat sei saio prestatu dituzte, 50 minutu ingurukoa bakoitza: bisita baino lehen egiteko bost, eta bisita egin eta geroko bat. «Ikasleentzako jarduera proposamenez gain, gaiaren inguruko azalpenak jaso dira irakasleendako».
Gida hori, baina, ez da Baztan-Bidasoko ekoizleek egiten duten lanari buruzkoa; elikagai ekoizpenaren gaia lantzea du helburu. Beraz, Lurretik Ikasi egitasmoa elikagai ekoizpenaren gaia Euskal Herri osora proiektatzeko abagunea da, Euskal Herriko bertze txokoetako ekoizle eta ikastetxeek gida erabil baitezakete proiektu propioak garatzeko. Eskolako liburuetara iritsi ez den jakintza anitz baitago Euskal Herriko etxaldeetan.