Bizkaiko ahaldun nagusia

Elixabete Etxanobe Landajuela: «Guggenheimeko entzute prozesua ez dugu hasi bertan esaten dena aintzat ez hartzeko»

Etxanobek adierazi du ez dagoela presarik Urdaibaiko museoaren proiektua egiteko. Haren hitzetan, «ahots ezberdinak» entzun beharra dago: «Ea denon artean definitzen dugun Busturialdearentzat zer nahi dugun».

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko uztailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Behin argazki batzuk aterata, Elixabete Etxanobe Landajuela Bizkaiko ahaldun nagusiak (Otxandio, Bizkaia, 1978) nahiago du gortinak igo, 125 urte bete dituen Foru Jauregian egunaren lehenengo eguzki izpiak sar daitezen. Etxanobek agintaldi erdia bete berri du jauregi horretan ahaldun nagusi gisa. Aitortu du denbora oso arin pasatzen dela, baina hasieratik «oso zentratuta» daudela egin beharrekoetan. Gobernuan dauden EAJ eta PSE-EE alderdien harremanaren balorazio «oso positiboa» egin du, eta adierazi du Santos Cerdan auziarekin lotutako ekintzek «nazkatu» egiten dutela. Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektuaz ez ezik, lan eskaintza publikoetako euskara eskakizunen, Batuz sistemaren eta migratzaile adingabentzako harreraren inguruan ere mintzatu da, besteak beste.

Unai Rementeria itzal luzeko ahaldun nagusiaren ostean hartu zenuen lekukoa. Esango zenuke zure nortasuna ipintzea lortu duzula?

Hau jarraikako lan bat da. Lurralde hau den lurralde oparoa izatera heltzeko, aurretik asko egon dira lan hori egin dutenak. Egia da bakoitzak bere aztarna uzten duela, eta guk zehaztu dugu zeintzuk diren gure gidalerroak. Bat aipatzearren, lurralde kohesioa nabarmenduko nuke. Gura dugu Bizkaiko edozein lekutan bizi zarela ere bizi kalitate ona edukitzea. Horrek inplikatzen du zerbitzu publiko egokiak edukitzea Bizkaia guztian, garraio publikoa, azpiegiturak, baita zerbitzu sozialen banaketa egokia ere.

Santos Cerdanen auziak harrabotsa piztu du azkenaldian. Zer-nolako eragina dute horrelako auziek politikan?

Oso larriak dira auzipean dauden kontuak. Nazkatu egiten naute horrelako ekintzek. Kalte handia egiten digute politikan bokazioz eta maite dugulako gaudenoi, jendeak pentsa dezake-eta denok berdin jokatzen dugula, eta ezta antzekorik ere. Neurri irmoak eta zorrotzak hartu behar dira. Ez estetikazkoak bakarrik, benetako neurriak.

PSE-EErekin lotutako auziak ere agertu dira. Zer moduz daude EAJren eta alderdi sozialistaren arteko harremanak?

Gobernu kontseilu honen parte garenok, alderdi batekoak zein bestekoak izan, zentratuta gaude gure betebeharretan eta bizkaitarrekin hartu dugun konpromisoan. Hemen dugun harremanaren balorazio oso positiboa egiten dut.

«[Santos Cerdanen auziarekin lotutako ekintzek] Kalte handia egiten digute politikan bokazioz eta maite dugulako gaudenoi, jendeak pentsa dezake-eta denok berdin jokatzen dugula, eta ezta antzekorik ere»

Zergatik erabaki du aldundiak lan eskaintza publiko batzuetako euskara eskakizunak murriztea?

Guk badaukagu gure lanpostu zerrendetan derrigortasun data duen zenbateko bat, %82 inguru. Hori ez da murriztu. Sententzia batzuk eman dira, eta epaitegiek irizpide batzuk ezarri dituzte. Hautaketa prozesu horietan dauden hautesleak prozesua etenda gera ez daitezen, zera egin da: hizkuntza eskakizuna derrigortasun moduan eskatu ordez, meritu bezala eskatu. Horrek ez du esan nahi profilari dagokion plangintza data iraungitzen denean plaza hartu duen pertsona horrek dagokion profila akreditatu behar ez duenik. Derrigortasun profilak ez dira gutxitu: preskribatze data atzeratu da.

Sindikatu batzuek aipatu izan dutenez, orain arte botere judizialak egin du administrazio publikoak euskararen alde bultzatutako neurrien aurka, baina oraingoan administrazioak egin du atzera.

Sententziek markatu dute jurisprudentzia bat. Guk ezin dugu hautaketa prozesu batzuekin aurrera egin jakinda bat-batean behin-behineko neurri bat irits daitekeela eta prozesua bertan behera gera daitekeela. Inork ezin du esan neurriak hiritarron hizkuntza eskubideak urratzen dituenik, ezta langileenak ere. Horrez gain, ezin da inola ere zalantzan jarri aldundiak herritarrei euskaraz arreta emateko daukan konpromisoa. Baina hautaketa prozesuetan daudenen eskubideak ere bermatu behar ditugu.

Hizkuntza eskakizunen kontrako epaiei bidea eragozteko, lege erreformak egiteko proposamenak eraman dituzte EAJk eta EH Bilduk Eusko Legebiltzarrera. EH Bilduk proposatu du lanpostu publiko guztietarako nahitaezko hizkuntza eskakizun orokorra izatea euskara.

Hemen badaude adin bat duten pertsonak, aspaldi administraziora sartu zirenak eta euskaraz ez dakitenak. Saiatu behar dugu daukagun errealitatera moldatzen legedia. Niretzat garrantzitsua ez da funtzio publikora sartzeko derrigor euskaraz jakin behar izatea, baizik eta administrazioak euskarazko arreta bermatzea.

EAJren xedea euskara eskakizunak eskatzeko derrigortasun indizea ezabatzea da. Segurtasun juridikoaren ikuspegitik, uste duzu planteamendu sendo bat dela?

EAJk egiten duen planteamendua da administrazio publiko bakoitzak bere errealitatearen arabera bere derrigorrezko profil kopurua zehaztea. Horrek gaitasuna ematen dio administrazio bakoitzari bere eremura eta bertako errealitate soziolinguistikora egokitzeko. Hori positiboa da, eta ez du esan gura administrazioak nahi duena egingo duenik. Justifikatu egin beharko du zergatik eta zenbat postu jarriko dituen derrigorrezko profilagaz.

Hizkuntza eskakizunez harago, euskaraz lan egiteko zer bide egiten ari da erakundea?

Egitasmo pila bat ditugu. Euskara era positiboan eta inklusiboan sustatu behar dugu. Orain erronka kalean daukagu, eta horregatik egin ditugu hainbat kanpaina, euskara eremu profesionalean erabiltzeko, baita aisialdian, kirolean eta gainerakoetan ere. Hori da hizkuntza iraunaraziko duen gauza bakarra.

Hainbat esperientziak frogatzen dute autoari erraztasunak emateak trafikoa areagotzea dakarrela. Larrialdi klimatikoak autoen trafikoa murriztea eskatzen duen garai honetan, itsasadar azpiko autobide bat egitea ez al doa kontrako bidean?

Pandemia pasatu zenetik hona, desplazamenduak ikaragarri ugaritu dira. Datuek esaten digutena da ekonomia zenbat eta oparoagoa izan mugikortasuna areagotu egingo dela. Horrek ez du esan nahi guk garraio publikoa sustatzen ez dugunik. Urtero gure aurrekontuen berrehun milioi euro inguru bideratzen ditugu Bizkaibus eta metroa finantzatzera.

Ibai azpiko tunelaren zergatia beste bat da. Arazo bat daukagu Arrontegin. 11 kilometroko erradioan, ez dago beste alternatibarik Arrontegitik pasatzea baino. Gobernu honek erabaki du egunero bertatik igarotzen diren 200.000 gidariei behin betiko soluzio bat ematea. Proiektu hau ez doa garraio publikoaren erabilera sustatzearen kontra, ezta autoa sustatzeko neurri moduan ere. Gainera, itsas azpiko tunel hori garraio publikoak ere erabiliko du. Argumentu bat eta bestea ez ditugu erlazionatu behar.

Urdaibaiko Guggenheim proiektuari buruz, entzute prozesu bat abian da Busturialdean, baina ez da loteslea izango. Ez al zaizu kritika zilegia iruditzen pentsatzea erakundeak zuritzeko egiten dituzuela entzuketa prozesuak?

Ez diogu izaera loteslerik eman, baina guk ez dugu prozesu bat hasiko bertan esaten dena aintzat ez hartzeko. Badago jendea proiektu hau ontzat jotzen ez duena, badago ontzat jotzen ez duena baina zerbait egin behar dela uste duena, eta badago alde dagoen jendea. Gobernu honek ez zeukan zertan entzute prozesu hori egin. Uste dut erantzukizunezko jarrera bat hartu dugula, eta zintzotasunez egindako planteamendu bat dela.

Argi dudana da eskualde horrek, Guggenheimez gain, proiektuak eskatzen dituela. Horregatik abiatu dugu Busturialdeko plan estrategikoa. Espero dugu uztailean proiektuak balidatzea, eta datorren urteko aurrekontuan lehenengo diru erreserbak egitea proiektu ezberdinentzat.

Ez da loteslea izango, baina gehiengo zabal batek museoaren kontrako jarrera agertzen badu, nola jokatuko du aldundiak?

Agirre Lehendakaria Centerrek mila bat elkarrizketa egin nahi ditu, eta momentuz hirurehun egin dituzte. Itxaron egin behar dugu. Orain arte, Guggenheimi lotutako ekintzak ingurugiroa berreskuratzeko ekintzak izan dira. Lurrak garbitu ditugu; hortik harago ez dugu beste ezer egin. Uste dut inork ezin duela egindakoaren inguruan inongo trabarik jarri. Ez daukagu presarik hau egiteko. Ez da denbora txikian definitzeko prozesu bat. Eskatzen du denon artean ikustea zeintzuk diren zona horretako ahots ezberdinak, ea denon artean definitzen dugun Busturialdearentzat zer nahi dugun.

«Niretzat garrantzitsua ez da funtzio publikora sartzeko derrigor euskaraz jakin behar izatea, baizik eta administrazioak euskarazko arreta bermatzea»

Espainiako Gobernuak Kanarietara ailegatzen diren migratzaile adingabeak nola banatu zehaztu du. Bizkaira ez da bat ere iritsiko.

Bizkaira eta Euskadira ez da bat ere iritsiko. Horrek egiaztatzen du aspalditik egiten gabiltzan ahal dugunaren gainetiko esfortzua. Gauden egoeran, nahi izanda ere, ezingo genuke besterik egin. Joan den azarotik salbuespenezko egoeran gaude. Ez da baliabide ekonomikoen kontua bakarrik. Egoki trebatutako langileak behar ditugu, umeei ematen diegun arreta sozioedukatibo eta plan formatiboa emateko. Instalazioak behar ditugu. Alde horretatik, lurralde honen gaitasunak ahalmenetik kanpo daude.

Gaur egungo baliabideekin, bakarrik datozen adingabeek harrera duin bat bermatuta daukate Bizkaian?

Guztiz. Egoera tentsionatu batean gaude aspalditik. Eskaini nahi diegun proiektu sozioedukatibo honetarako, nahiko genuke bolumen txikiagoa izatea. Arreta ez da bakarrik lo egitea eta janaria; askoz gehiago da. Etorkizunean nagusi izango diren pertsona horien integrazioa gura badugu, egoki artatuak izan daitezen behar dugu, hezkuntza bat jaso dezaten edo gure herriak zelan funtzionatzen duen uler dezaten. Kalitatez eta egoki egin ahal izateko zenbatekoak asko esan nahi du.

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak Arartekora jo zuen iaz; familia erreferenterik gabeko atzerritarren lehen harrerako zentroetako langileei jarraibideak bidali omen zizkieten 17 urte eta erdiko nerabeei esateko une horretatik aurrera ezin izango zietela ezer tramitatu.

Ez daukat horren berririk. Aldundi moduan, egin behar duguna da hona heltzen direnei euren proiektu sozioedukatiboa bermatu eta, noski, euren eskubideak bermatu. Hori da guk egiten duguna.

Hilabete honetan gehitu dira ostalari eta merkatari txikiak Batuz sistemara. Jaso duzue iritzi edo kexarik?

Aldundi honek daukan desioa da herritarrengandik hurbil egotea. Batuz sistema ezartzerako, kolektibo guztiekin bildu da Ogasun Saila. Denekin saiatu gara euren gaitasunak eta tamaina kontuan hartzen, egutegi bat jartzen eta erraztasunak ematen. Batuz sistemaren helburua da iruzurrari mugak jartzea. Uste dut helburu horrekin bat gatozela gizartearen gehiengoa.

«Etorkizunean nagusi izango diren pertsona horien integrazioa gura badugu, egoki artatuak izan daitezen behar dugu»

Datorren urtean txosnek egin beharko dute bat. Salatu izan dute «urak gainezka egiteko beste tanta bat» izango dela, jada «itolarrian» daudelako. Zuek erantzun duzue txosnek bat egin beharko dutela Batuz sistemarekin, baina prest zaudetela berriro haiekin biltzeko eta haien argudioak entzuteko. Elkartu zarete?

Duela gutxi bilera bat izan dute Ogasun Sailarekin. Gure helburua da haien bidelagun izatea. Modua topatu behar dugu haien eredua sostengagarri izateko, eta denok egiten dugun moduan, betebeharrak betetzeko. Ahal dugun dena emango zaie helburu hori betetzeko.

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak adierazi du urte amaieran eraman nahi dutela tasa turistikoei buruzko araua Batzar Nagusietara. Bizkaian ba al dago araua egiteko eperik?

Bizkaian arin egingo dugu, baina behin jakinda zer egin nahi dugun. Turismo aldetik errealitate oso ezberdinak ditugu Bizkaian. Mundakak, Karrantzak eta Ortuellak ez dute errealitate bera. Kontsentsu bat behar dugu udal mailan. Eudelen hausnarketa egin behar dute foru-arau proiektura zer eraman behar dugun jakiteko, gero batzar nagusiek onar dezaten. Ez naiz ausartzen Eiderren modura denbora jartzen. Nahiko genuke arin izatea, baina gauzak ganoraz, patxadaz eta kontsentsuz egin behar ditugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.