Helduek lekua hartu dute, mahai bakoitzaren inguruan hiruzpalau pertsona nagusi egongo direla bermatzeko. Gero, gaztetxoek bete dituzte libre dauden jesarlekuak. Lehenengo galdera proposatu diete: «Zein da Euskal Herrian izan dugun egoeratik gogoratzen duzun momenturik gogorrena?». Eta horretaz hasi dira berbetan, nork bere oroitzapen eta gogoetak kontatuz.
Iazko ikasturtean hasi zen Begoñazpi ikastola (Bilbo) Gogora memoriaren institutuak proposatutako ariketan lanean. Esperientzia aitzindaria da, emaitzak aztertu ostean beste ikastetxe batzuetara eramango dutena.
Lehenbizi, ikasleek indarkeriaren biktima batzuen testigantzak entzun zituzten zuzenean, ikasgelan bertan. Maialen Etxebarria ikaslea da, eta Iñaki Garcia Arrizabalaga -Komando Autonomo Antikapitalistek hildako Juan Manuel Garcia Arrizabalagaren semea- eta GALek bahitu, torturatu eta hildako Joxi Zabalaren arreba Pili Zabalaren testigantzak entzun zituen gelan. «Esperientzia hunkigarria izan zen, flash baten modukoa», esan du. «Nik garai hura ez nuen ezagutu, eta, hasieran, ez genuen oso ondo ulertzen zer gertatu zen. Handik aste batzuetara hasi ginen gauzak argiago ikusten».
Iazko ikasturtean izan zen hori. Aurten, beste urrats bat egin dute: «Pentsatu dugu entzutea bakarrik ez zela nahikoa», esan du ikastolako zuzendari Merkat Bernaolak. «Indarkeria jasan duten pertsona hauek euren testigantza emateko eta bakeaz, barkamenaz eta etorkizunaz berba egiteko prest badaude, guk ere, gizarte moduan, zerbait egiteko prest egon behar dugu, inoren zain egon barik».
Bigarren urrats horretan, ikasle batzuek ere eman dute testigantza, eta etxekoengana jo dute lekukotasun gehiagoren bila. «Gai honetan, ikasleek normaltasun osoz erantzun dute, eta euren herrian gertatutakoaren jakin-minez», esan du Bernaolak. «Gurasoak, aldiz, ez dira horren lasai egon, gai hau helduontzat gogorragoa izan delako. Guraso batzuek parte hartu nahi izan dute, eta beste batzuek ez: hori errespetatu egin behar da».
Duela aste batzuk, kalera ere jo zuten ikasleek, herritarrei galdetzeko Euskal Herrian izandako indarkeria giroaz zein gogoeta egiten duten.
Gaztetxoak eta helduak
Prozesuari bukaera emateko topaketa antolatu dute ikastolan ikasle, guraso eta irakasleekin. Zenbait belaunalditako gazte eta helduak elkarrekin jarri nahi izan dituzte iraganaz, orainaz eta geroaz berba egiteko. «Gakoa ez da esatea nork daukan arrazoia, ezpada bakoitza zerekin gelditzen den eta hori besteei azaltzea», esan du Bernaolak.
Denbora tarte baten ostean, bigarren galdera proposatu diete lan taldeei: «Zein da euskal gizartearen rola, arazo honi dagokionez, une honetan?». Eta amaitzeko, azken ariketa bat eskatu diete parte hartzaileei: «Utzi mezu bat ehun urte barru biziko diren Euskal Herriko biztanleei».
Hainbat mezu idatzi dituzte horretarako paraturiko txarteletan. Gehienek tolerantziarekin, besteen ideiak errespetatzearekin eta etorkizuna elkarrekin eraikitzearekin dute zerikusia. «Egia egien batuketa da», idatzi du lantalde batek. Horrekin amaitu dute ekitaldia.
Begoña Fernandezek badu seme bat Begoñazpin, eta pozik dago esperientziarekin. Alonsotegikoa (Bizkaia) da, eta gaztetan oso gertutik bizi zuen herri horretako Aldana tabernaren kontrako atentatua 1980an, tabernako jabeen alabak ikaskide zituelako.
«Sinestezina eta oso aberasgarria izan da, ikasleentzat ez ezik, helduontzat ere», azaldu du Fernandezek. «Niri behintzat balio izan dit gaztetan bizi izandako hura gainditzen laguntzeko. Niri zuzenean ez zidan eragin, baina oso ondo jabetzen nintzen nire herria sufritzen ari zela. Niri lagungarri izan zait».
Elkarbizitza ikasgai
Ikasleak, gurasoak eta irakasleak elkartu ditu Bilboko Begoñazpi ikastolak, bortxaren inguruan berba egin dezaten; Gogora-k antolatutako esperientzia aitzindari baten azken pausoa izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu