Eusko Legebiltzarreko Elkarbizitza eta Bakerako Lantaldeak «etorkizuneko elkarbizitzarako eta bakerako oinarri etikoak» adostu ditu. Lantaldeko kideen arabera, bakea lortzeko ezinbestekoa da «indarkeriak eragindako injustizia eta sufrimendua onartzea eta biktimen duintasuna kontuan hartzea». Horretarako, bi printzipio zehaztu dituzte: Oroimenean oinarritutako bakea eraikitzea eta oinarri batzuk zehaztea giza eskubideen urraketak berriro ez errepikatzeko.
Apirilaren 23an osatu zen lantaldea, eta hori da hartu duen lehen erabakia. Lantaldea honako hauek osatzen dute: EAJk, PSE-EEk, PPk, Ezker Anitzak eta Aintzane Ezenarro legebiltzarkideak. Alderdi horiek ezker abertzalea lantaldetik kanpo utzi zutela iritzita, EAk eta Aralarrek uko egin zioten parte hartzeari, eta, zuzendaritzarekin bat ez egiteagatik, Aralarrek alderditik egotzi zituen Aintzane Ezenarro, Mikel Basabe eta Oxel Erostarbe legebiltzarkideak.
Atzo egindako bileran, lantaldeko kideek itun bat egin zuten aurrera begira landu nahi dituzten neurrien «oinarri etikoei» buruz. «Oroimenean oinarritutako bakea» eraikitzea izango da printzipioetako bat. Hori hala, testuan diote oroimenak kolektiboa izan behar duela, eta ez neutrala; eta egiak osoa izan behar duela, eta ez erdizkakoa edo «amnesikoa». Horretarako, gertakarien kontaketa objektibo bat egin behar dela dio. «Bakoitzak onartu behar ditu iraganean izandako erantzukizunak, baita giza eskubideen urraketei dagozkien ondorioak zehaztu eta onartu ere».
Beste printzipio nagusia da bermatzea etorkizunean ez dela izango giza eskubideen urraketarik. Horretarako, ezinbestekotzat jo dituzte giza duintasunarekikokonpromiso etikoa, euskal gizartearen pluraltasunarekiko konpromiso demokratikoa eta elkarrizketarekiko konpromiso demokratikoa.
«Elkarbizitzarako oinarriak» adostu dituzte Bakegintzarako Lantaldean
Batzordeko kideek diote ezinbestekoa dela indarkeriak eragindako mina eta biktimen duintasuna aitortzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu