Pixkanaka badoa aitzinera lurralde elkargo bakarraren bozketa Ipar Euskal Herrian. Bozkatzen azkena Bidart izan da. Gaur egin dute bozketa, eta kontrako joera nagusitu da. 6.566 herritar horiek gehituz, 7.000 herritar ordezkatzen dituzte elkargo bakarraren aurka egin duten hiru herriek: Bidarte, Irulegi eta Etxebarre. Elkargo bakarraren aldekoak, ordea, hamasei dira eta 100.000 herritarretik gora ordezkatzen dituzte. Ostiralean gainditu zuten langa hori. Atzo Idauze-Mendik bozkatu zuen alde.
Hendaia, Sara, Hiriburu, Senpere, Zuraide, Baiona, Maule, Mugerre, Behorlegi, Bagadi, Uztaritze, Altzürükü, Ezpeleta, Arnegi eta Idauze-Mendi dira elkargo bakarraren alde egin duten besteak. Guztira, 104.828 biztanle biltzen dituzte aldekoek. Proposamena onartzeko, herri guztien erdiek —158tik 79k— bozkatu behar dute alde gutxienez, eta alde bozkatzen duten herri horiek biztanleria osoaren erdia —295.993 biztanletik 147.997— ordezkatu behar dute gutxienez.
Emaitzek orekatzera joko dute ziurrenik aste honetan, ostegunean Miarritzeko Herriko Etxean bozkatuko baitute. 24.993 biztanle ditu Miarritzek, eta hirugarren hiri jendetsuena da, Baiona eta Angeluren ondoren. Lehen bozketan, hogei hautetsik ezetsi zuten elkargo bakarra, eta hamabik egin zuten alde. Apirilaren 12an, berriz, Azkarate, Baigorri eta Aiziritzeko herriko etxeek erabakiko dute, eta hilaren 13an, Arberatzekoak eta Donapaleukoak.