Dominique Ameztoi

“Elkargoak ikusi behar du lurrekin zer gogo duen”

Lurzaindiak, ELBrekin, 3,2 milioi euroan saldu nahi den etxalde bateko laborantza lurrak salbatzeko okupazioa hasi zuen ekainaren 23an, Arbonan. Euskal Elkargoa nahi izan du akuilatu, baita parlamentariak ere.

jarraia200280.jpg
Iñaki Etxeleku.
2021eko uztailaren 9a
12:32
Entzun

Ekainaren 23an hasi ziren Lurzaindia eta ELB laborari sindikatua Arbonako Berruetako bideko etxaldeko lurrak okupatzen, laborantza lur horiekin egin espekulazioa salatzeko eta geldiarazteko. Pertsona dirudun batek, egoitzak eta hamabost hektarea laborantza lur 3,2 milioi euroan erostea adostua zuen jabearekin. Dominique Ameztoi Lurzaindiako laborari erretretatua (Ortzaize, 1953) lehen egunetik ibili da okupazioaren segitzen. Okupazio horrekin, zinezko laborantzatik ihes joaten diren lurren etengabeko galtzea geldiarazteko tirrinta nahi izan du jo lurraren herritar aurrezkiak. Atzo, okupatutako lurra lantzen hasi ziren ELB eta Lurzaindia.

Zerk ekarri zaituzte Arbonako lur horren okupatzerat?

Zerk deliberarazi gaituen? Anitz kasu badela hola, non laborantza lurrak saltzen diren etxe edo egoitza batekin. Anitz aldiz lur horiek abusagailu gisa erosten dituzte: etxe ondoan deskantsu egiteko, auzorik ez ukaiteko, eta istorio. Hola, laborantzak galtzen du anitz lur. Anitzetan kario saltzen dira, ardurenean dirua dutenei; bizia ez dutenak horretarik egin behar. Nonbait, Lurzaindiak ez zuen bere lana egiten ahal hor. Zati baten [laborantza lurrak] lehentasunez erosteko galdea egiten genuen, baina ilusio bat da, azkenean, saltzaileak eta erostunak onartu behar baitute. Beti eza ukaiten genuen eta anitz-anitz eremu galtzen genituen.

Ekintza batez behar zen markatu?

Bertze huts handi bat sendi genuen Ipar Euskal Herrian: ohartu gara Euskal Hirigune Elkargoak ez zuela laborantzako lurren gainean lan berezirik batere egiten. Lurzaindiarekin bakarrak ginen lur begiratze lanean ari ginenak. Sentitzen genuen, ondoan, SAFER [Lur Antolaketa eta Baserrialdeko Egituraketa Sozietatea] gu bezainbat jenatua zela horretaz, zerbait egin nahiz, ikusten baitute haiek ere problema badela. Haiek ere entseatuak ziren Euskal Elkargoarekin zerbaiten egitea, baina ez zen deus ere mugitzen. Biziki lur ederrak baitira hor [Arbonako Berruetako bidean], nahi genuen parte bat bederen salbatu. Okupazio hori egin dugu lehentasunez erosteko ahala onartarazteko.

Eta Euskal Elkargoa lot dadin lurraren gaiari?

Segidan galdegin dugu auzapezen sustengua, eta 24 oren barne 80 auzapezek egin dute. Elkargoaren aitzinera joan gara horrekin eta erantzun baikorra ukan dugu, Jean-Rene Etxegarai jin baita Arbonarat, sustenguaren ematera eta hitz ematera lan bat hasiko zutela buruilean. SAFER, Lurren Tokiko Erakunde Publikoa, laborari sindikatuak bilduko zituztela elkarrekin ikusteko zer egiten ahal den.

Zer egiten ahal luke Euskal Elkargoak?

Etxalde bat salgai ikusten delarik, nehork ez du ahalik lurren erresalbu baten egiteko, gazteendako behar-ordua jiten delarik eskaintza bat izateko. Horiek sosari lotuak dira eta Lurzaindiaren ahalak mugatuak dira. Elkargoak ikusi behar du zenbat sos ezarri nahi duen horretako, zer gogo duen; menturaz ez da ohartzen guk ikusten ditugun salmenta guziei. Anitz eremuk laborantzako erabilpena galtzen dute zenbait urteren buruan eta SAFER-ak ez du lehentasunez erosteko ahalik ere. Hautetsiak behar ditugu ohartarazi horri.

Arbonakoa erosi nahi duenarekin mintzatu zineten hastapen hartan.

Kontaktu batzuk ukan genituen, baina arrunt bertze mundu batean bizi dira; dirudun mundu batean. Ikusi dugu arranjamendu bat egiten badugu urrunetik jin behar duela. Ez dira ohartzen ez dutela legitimitaterik. Emazte horrek baditu 76 urte, ez da laboraria, erosi nahi du hori plazerarendako; lasterketa zaldiak baditu. Ez dira ohartzen prezio mailan zer ondorio duen; dirua badute eta arrunt bertze mundu batean bizi dira.

Laborari gazteendako badea lur beharra itsasalde hurbil horretan?

Bai, bada. Arrapitzeko sarean laborantza ikastarotan dabiltzanak badira. Ez dira oraino prest, baina prest izanen direlarik, lurrik ez bada berdin asto izanen dira. Hartako erresalbuak egin behar lirateke; jende horiek formazioa bururatzen dutelarik, gizarteak behar du kapable izan laneko lekua eskaintzeko.

Ez ote da legea aldatu behar laborantza lurren zinez gerizatzeko?

Bai. Horretan ari gara. Bazen lurren gaineko lege bat pasatu beharra zena legebiltzarrean; Hautes Pyrenees [Okzitania] aldeko [Jean-Bernard] Sempastous diputatua [Errepublika Martxan alderdia] ari zen horretan, [Emmanuel] Macronek hitzemana baitzuen, baina iduriz ez da eginen. SAFER-arekin ere bazituen harremanak gizon horrek. Arbonan izan da joan den egunean gurekin mintzatzen eta hemengo diputatuak ere jinaraziak genituen. Denekin aipatu dugu lege mailan den hutsune hori. Sempastous horrek hitzeman digu jinen zela gurekin eta SAFER-arekin mintzatzerat uztailaren 22an. Bada nahikari bat hor, senatari eta diputatuen artean lege hori aldatzeko. Horiek denak ekintza horren [okupazioa] emaitza baikorrak dira.

Zein lirateke lege berri batean ezartzeko baitezpadako neurriak?

Lurren gaineko lehentasunez erosteko ahalmena posible izatea. Arbonako kasuan, konparazione, etxea ez da lehentasunez erosten ahal galdua duelakoz laborantza ezaugarria. Etxalde bat da, halere, baina nehork ez duenez laborantzarako baliatzen egoitza [erakundeetan] nehork ez dezake lehentasunez eros. Ez du nehork prezioa jautsarazten ahal ere: herriko etxeak egiten ahal du eremu eraikigarrietan, baina hor ez du fitsik egiten ahal laborantza lurra delako. Eta SAFER-ak berdin egoitzarekin; laborantzarako ezaugarria galdua duelakoz etxeak. Behar dugu definitu zuzen zer galdegin behar dugun.

Ipar Euskal Herri mailan nolakoa litzateke antolakuntza hobea?

[Erakundeek] Aldi oro lehentasunez erostea galdegitea eta lurren aurrezki egitura handi bat. Gu [Lurzaindia] hala gara nolabait, baina handiagoa behar litzateke. Lurren erosteko eta begiratzeko ahalekin. Bestenaz, beti handitzeari joanen dira lurrak, itsusienak sasituko dira… Egitura azkar bat behar da Lurzaindiaren lana egiten duena. Izan daiteke Lurzaindia bera, baina behar zaizkio ahalak eman. Jada, nahikaria baldin bada, egiten ahal da anitz gauza; momentuan falta dena nahikaria da. Iduri luke ari dela zerbait sortzen, baina ageriko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.