Euskararen eguna

Elkarlana ardatz Euskararen Eguneko mezu instituzionalean

Euskararen Egunerako adierazpena adostu dute Hakoba batzordean. Herri eragileekiko lankidetza beharra jaso dute testuan. “Une aproposa da administrazioek eta herri ekimenak auzolanean bide berriak zabaldu, eta gehiengo soziala euskararen alde egotetik euskararen alde egitera eramateko”.

Euskararen eguneko adierazpen bateratuaren aurkezpena. JAIZKI FONTANEDA, ARGAZKI PRESS
Garikoitz Goikoetxea.
2017ko azaroaren 27a
16:54
Entzun

Elkarlan argazkia erakutsi zuten euskalgintzako gizarte eragileek eta Euskal Herri osoko erakundeek joan den ostegunean, Euskaraldia aurkeztu zutenean. Igandean da Euskararen Nazioarteko Eguna, eta, hari begira, elkarlanaren aldeko mezua ardatz duen adierazpena adostu du Hakoba batzordeak: Euskara auzolan izenburua jarri diote agiriari.

EAEko erakundeen bilgunea da Hakoba: Eusko Jaurlaritza; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak; Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udalak; Eudel udal elkartea; eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea.

Bi kontzeptu nabarmendu dituzte adierazpenean: ilusioa eta elkarlana. “Ilusioa eta elkarlana, euskararen lurralde eta esparru juridiko guztietan ahalik eta erarik bateratuenean gure hizkuntzarentzat etorkizun bizia irabazteko. Elkarrenganako adeitasunez. Elkartasunez”.

Aurreko urteetan egindako lana goraipatu dute. “Zenbat ahalegin pertsonal zein kolektibo, publiko zein herri ekimeneko. Horiei guztiei zor diegu euskarak bizi duen errealitatea”. Urrats horiek eginda, uste dute erabilera jarri behar dela erdigunean: “Erabilera etengabe eta bizi-bizi areagotzea dugu langintza nagusi, ezagutza handitzearekin batera euskararen aldeko hizkuntza ohituren aldaketa sakona gauzatu dadin”.

Elkarlana jarri dute horretarako oinarritzat. “Une aproposa da administrazioek eta herri ekimenak auzolanean bide berriak zabaldu, eta gehiengo soziala euskararen alde egotetik euskararen alde egitera eramateko”. Elkarren aitortza ere aipatu dute. “Ideien konfrontazioari uko egin gabe, irtenbideak adostuz, bakoitzaren eginkizun eta erantzukizunekiko errespetuz, elkarrenganako leialtasunez, eta denok norabide berean bultzatuz. Bakarka ezinezkoa da. Auzolanean, guztiz ilusionagarria”.

Euskararen Eguneko ekitaldia Gasteizen egingo dute igandean, eguerdian. Abenduan 3an ez ezik, euskara urte osoan bultzatu beharraz ohartarazi dute adierazpenean: “Euskararen Eguneko gure konpromisoa datozen 365 egunotan izan dadin lan egitea. Auzolanean lankide zintzo”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.