Suhiltzaileak

Elkarlana larrialdien aurrean

Larrialdientzat ez dago mugarik. Bai, ordea, administrazioarentzat. Larrialdi kasuetan mugakide diren eremuetan suhiltzaileen koordinazioa arautuko duen hitzarmena sinatu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek. Ahalik eta zerbitzu eraginkorrena ematea da helburua.

Irungo suhiltzaileen parkeko langileetako batzuk. JUAN CARLOS RUIZ, ARGAZKI PRESS
Miren Osa Galdona - Gipuzkoako Hitza
2017ko uztailaren 29a
14:05
Entzun

Lurralde arteko mugak fisikoak nahiz administratiboak izan daitezke. Norberak bere autonomiaren baitan jardun dezake, alboan dagoenari muzin eginez. Halaber, komeni da bizilagunarekin harreman ona izatea, inoiz ez baita jakiten noiz izango duzun haren premia. Larrialdiak izan daitezke horren adibide. Hori dela eta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek hitzarmen bat sinatu dute mugakide diren eremuetan suhiltzaileak mobilizatzeko. Prebentzioa eta sute itzaltze nahiz salbamendu zerbitzuen mobilizazioan esku hartzea koordinatzea izango da helburua. Modu horretan, erakundeen arteko lankidetza sustatu nahi da. Arkaitz Orbegozo Gipuzkoako suhiltzaileen zerbitzuburuak (Donostia, 1978) esan duenez, hitzarmenak “izaera ofiziala” ematen dio lehen ere egiten zenari, mugetatik harago egiten diren esku hartzeei. Mugakideak diren eremuetako segurtasuna babesteko, hiru egoera azpimarratzen dira itunean: salbamendua, bai trafiko istripuetan eta baita bizia arriskuan duten pertsonen erreskatean ere; materia arriskutsuen garraioa —ihesak, isurketak edo presio nahiz tenperatura arazoak—; eta suteak. “Demagun Mutrikun larrialdi bat gertatu dela. Gipuzkoatik Zarauzko suhiltzaileak edo Azpeitikoak hurbilduko lirateke. Baina bada Bizkaian Mutrikutik gertuago dagoen parke bat: Markina-Xemeingoa. Hitzarmenari esker, gertuen dagoen suhiltzaile taldea joango da gertakariaren lekura. Suhiltzaileen arteko koordinazioa zehaztu da”, argitu du Orbegozok.

Larrialdiek ez dute muga administratiboez ulertzen, eta, ezbeharraren aurrean, erantzunak azkarra izan behar du. Imanol Lasa Gipuzkoako Gobernantza eta Komunikazio diputatuak (Zarautz, 1971) nabarmendu du lehen ere ohikoa zela probintzia arteko elkarlana, baina egungo errealitatera egokitu gabe zegoela:”Elkarlana ohikoa izan arren, orain arte Bizkaiarekin bakarrik genuen hitzarmena. Hitzarmena berritu dugu orain, eta, bide batez, hiru lurraldeen arteko lotura finkatu ere bai”.

Suhiltzaile talde bakoitzak zer pauso eman behar dituen zehazten du itunak. Funtzionamendua “argia” dela dio Lasak. Mugakide diren udalerrietan ezbeharren bat gertatzen denean, larrialdiak koordinatzen dituen SOS Deiak zentroak hiru lurraldeetako zerbitzuei jakinaraziko die lehenengo irteera berehala egin behar dutela. Dei hori suhiltzaile etxeetan hartuko dute. Bakoitzari ez dagokion lurraldean egiten den esku hartzea laguntzazkoa izango da; eta istripua gertatu den lurraldeko suhiltzaileak bertaratzen direnean, haiek hartuko dute operatiboaren agintea eta ardura. Adibidez, Mutrikun gertatutako sute batera Markina-Xemeingo suhiltzaileak iristen badira lehenik, Gipuzkoakoak iristen direnean haiek hartuko dute operatiboaren gidaritza.

Gainera, segimendu batzorde bat ere eratuko da. Lasak adierazi duenez, suhiltzaileek erantzun eraginkorra ematen duten ziurtatzea da batzordearen egitekoa. “Hitzarmenean jasotzen den guztia betetzen dela bermatzeko sortu da, zerbitzua nola hobetu dezakegun jakiteko”, gaineratu du. Aldundi bakoitzeko bi kidek osatuko dute batzordea: “Politikariak nahiz teknikariak egongo dira, lurralde bakoitzak duen egituraren arabera”.

Irakurri erreportaje osoaGipuzkoako Hitzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.