Uholdeak

Elkarlanak lokatza eraman du

Uztailaren hasierako euriteek kalte handiak eragin zituzten Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan. Dagoeneko igaro dira bi aste, baina urak harrapatutako herrietako asko garbiketa lanetan ari dira oraindik ere.

2014ko uztailaren 18a
21:27
Entzun

Arrastoak, oraindik ere, agerikoak dira. Baztan gogor jo zuten hilaren 4ko uholdeek. Ordubete iraun zuen euri jasak, baina ur azpian utzi zuen Elizondo. Karrikak erreka bilakatu ziren. Itzuli da Baztan ibaia bere bidera. Behera botatako paretetako harriak zelaietan barreiatuta gelditu dira. Baina lokatza hasi da lehortzen, desagertzen, garbitzen. Ibar osoak bat egin du urak kalte egindakoekin, eta elkartasunak eta elkarlanak eraman dute lohia, ibaian behera.

Gazteen babesa nabarmendu dute Elizondoko herritarrek. Sentitu dute haien berotasuna. "Egoera zaila da, baina ekarri du gauza onik". Josetxo Sanzenak dira hitzak. Autoak konpontzeko tailer bat du herrian. Urak 1,20 metro egin zuen gora haren etxabean, hilaren 4ko uholdeen ondorioz. "Hogei pertsona inguru aritu ziren hemen nirekin lanean; gazte anitz tartean". Ezin izan da lanera itzuli, oraindik ere. "Hamaika aldiz egin du ibaiak gora hemen; baina ez orain bezainbertze. Ikaragarria izan da. 1980ko hamarkadan ondoko zubia moldatu egin zuten. Lehen, urak ez zuen hainbertze egiten gora. Oraingo zubia estuagoa da; akaso horrek ere eragin du oraingoa".

Tailerrean zituen makinak hondatu zaizkio Sanzi; urak izorratu ditu etxabean zituen hiru autoak, halaber. Bat berea zen; bertze biak, berriz, bi bezerorenak. Perituaren zain zegoen Sanz astelehenean. Lan egiteko jantzia soinean zuen, lan egiteko aukerarik ez zuela izanen jakin arren.

"Aseguruen Konpentsazio Partzuergoaren bidez ari gara laguntzen gaia bideratzen; oraindik ez dakigu zer jasoko dugun. Bakoitzak bere aseguru etxearekin hitzartutakoaren arabera emanen omen dizkigute laguntzak. Oraindik ez dakigu deus", azaldu du Sanzek.

Baztango Udalaren erantzuna eta babesa eskertu ditu: "Dirurik ez dute, baina ahal izan duten guztia egin dute". Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinaren jarrerarekin, berriz, haserre agertu da. "Herrira etorri, baina urak kalte egindako denda bakarrera egin zuen bisita. Eta bertzeok? Tristea da, gero, horrela jokatzea".

Bisitak eta laguntzak

Nafarroako eta Espainiako gobernuetako hainbat agintari egon dira Elizondon bi asteotan. Baztango Udalak urak kalte egindako tokiak hondamendi eremu izendatzeko eskaera egin du, baina Madrilek ez du onartu. Horrek ez du erran nahi, hala ere, laguntzarik emanen ez dutenik. 1,6 milioi euro baino gehiagoren galerak zenbatu dituzte, oraingoz. Nafarroako Gobernuak Tokiko Inbertsioen Planaren bidez konponduko ditu azpiegituretan izandako kalteak. Norbanakoei eta enpresei, berriz, hainbat zerga ez ordaintzeko aukera emanen diete.

Baztango herriko etxeko arkupeetan urak hondatutako altzariak daude pilatuta, oraindik ere. Urak azpian hartutako hainbat denda martxan dira, berriz ere; bertze zenbaitetan, denbora gehiago beharko dute lanari berriz ekiteko. Futbolin tabernan, "nola edo hala" ari dira egunotan. "Baztandarren Biltzarra hemen dugu; herriko bestak ere laster hasiko dira; lan egin beharra dago", azaldu du ostatuaren jabe Kani Galarregik.

Urak lau hozkailu izorratu ditu Futbolin ostatuan. "Motorra aldatu diegu, behin-behinean erabili ahal izateko; baina gero hozkailu berriak erosi beharko ditugu", azaldu du. Uraren indarra "beldurtzeko modukoa" izan zela erantsi du.

Uholdeen eguneko argazkiak barra gainean jarri ditu Galarregik. Bideoa ere egin zuen, ibaiaren indarra erakusteko. "Inoiz ez genuen horrelakorik ikusi hemen", onartu du. Perituen esku jarri ditu ostatuan egindako argazkiak. Urak kalte egindako bertze herritarrak bezala, partzuergoaren erantzunaren zain dago Galarregi. Bertze herritarrek bezala, halaber, herriko eta ibar osoko jende gaztearen jarrera eskertu eta txalotu nahi izan du: "Ikaragarria izan da haien erantzuna. Jende gazte pila aritu da gurekin garbitzen eta laguntzen. Bestak ziren Iruñean eta Lesakan, baina gazteak hemen gelditu ziren, gurekin lanean".

Enkarna Andueza ere lehengo egoerara itzultzeko lanean ari da, atsedenik gabe. Arropa eta zapata denda bat du ahizparekin, Txokotoko zubitik gertu. Anduezak karrikatik ikusi behar izan zuen urak Kattalingorri denda nola hartzen zuen. Kristalak apurtu zizkion ibaiaren indarrak. Dena txikitu zuen. Betiko martxan aritu ahal izateko, lanean ari dira orain. "Espero dugu zati bat asteon zabaldu ahal izatea. Urak dena hondatu du. Ezin izan genuen deus egin".

Anduezaren helburua da ahalik eta azkarrena martxan jartzea. "Udako hilabeteak dira onenak. Turistak heldu dira, eta ezin dugu itxita egon hilabeteotan", nabarmendu du. Gazteen elkartasuna eskertu du Anduezak ere: "Oronozko, Gartzaingo eta bertze hainbat herritako gazteak aritu ziren laguntzen. Benetan eskertzekoa izan da haien jarrera".

Txokotoko presaren ondoko eremuan handia izan zen urak egindako txikizioa. Bazter guztiak hartu eta estali egin zituen Baztan ibaiak. Zubiaren ondoan dago Txokoto taberna. Uholdeak gertatu baino bi aste lehenago dena berritu egin zuten. Orain, dena hondatuta dago, berriz ere. Ateak itxita dauzka, oraindik ere, ostatu horrek. Kanpoko aldean, urak hondatutako hozkailuak eta bertzelakoak ageri dira, gertatutakoaren adierazgarri.

Emakumeen zentroa, itxita

Uztailaren 4ko uholdeek herexa gaitza utzi dute Ipar Euskal Herrian. Kaltetu batzuen lekukotasunak bildu ditu Ipar Euskal Herriko Hitza-k. Puskak ez ezik, hunki ezin dena ere eraman die urak, betirako. Honamendi eremua izendatu izana berri zinez ona zaie aitzina segitzeko.

Elizondoko osasun etxean ere, nabarmenak dira uholdeek utzitako arrastoak. Lanean ari dira, nola edo hala. Emakumeen Arretarako Zentroak, hala ere, ezin izan ditu ateak ireki. Osasun etxeko beheko solairuan dago zentro horren egoitza, eta urak erabat hartu zuen azpian, joan den uztailaren 4ko uholdeetan.

Hainbat paretatan zuloak ageri dira. Dena dago hondatua, erabat. "Hemen ezin dugu deus egin. Burlatako zentrora bideratu behar izan ditugu hemengo emakumeak; hemen ezin dugu inor artatu", azaldu dute osasun etxeko langileek.

Osasun etxeko paretetan nabarmena da uholdeetan urak hartu zuen maila. Egoitza horren atzeko zubian ere, agerikoak dira uraren indarrak eragindako kalteak. Pareta puska luzeak behera bota zituen Baztan ibaiak, bidetik atera eta gero. Ondoko etxeetan ere sartu zen ura. Horietako batean, autoa ate guztiak irekita daukate, oraindik ere, lehortzen.

Uholdeen ondoko egunetako euriak, hala ere, ez du horretan batere lagundu. "Eguraldia ez dugu lagun izan", erran du Enkarna Anduezak. Liburutegian ere, lehortzen ari dira liburuak oraindik, apalategietatik at. Eguneroko martxa hartu nahi du Elizondok berriz ere. Hori lortzeko bidean dira herritarrak. Elkarrekin, eta elkarlanean.

Errekako urek ekarri makurrak

Ipar Euskal Herri osoak malkoa isuri du uztailaren 4an, urak egin kalte kolosalengatik. Larriena Izurako eiherazainaren heriotza izan da. «Aita gorago aparkatzera joana zen manitua, eta gibelerat jitean, oinez, urak eraman du, ene begien bistan. 84 urte zituen, eta zangoak flakatuak; gainera, gaua zen, eta ez ninduen entzun, erran bainion zegoen tokian geldi zedin. Orain, dena galdu dut», dio, negarretan, Pierre Salles zenaren semeak, burumakur. Eihera izan ondotik, segeria hartu zuen; aita-semeek errekako indarra baliatzen zuten horretarako, ekonomiara egokitzen jakin izan dutelako.

Pagolan, berriz, aitatxi batek otoizka salbatu zuen bere burua. Traktorearen gainean zen, eta urak motorra estaltzen zion. «Ez dadila bara, bertze gisaz urak eramanen nau, ez dadila bara!». Doidoietarik salbatu zuen bere burua.

Uroski, Ministro Kontseiluak hondamendi natural izendatu du kalteak pairatu dituzten ehun herrien eskualdea.

Dominika Zamponi (Izpurako baratzezaina). «Ez dakit jendeak deusik ikasiko ote duen makur honetatik; horrek nau gehien kezkatzen»

Izpuran barazki ekoizpena du, Errobiren hegi-hegian, Laustanian. 1998an instalatu zen, eta emeki-emeki oreka lortua zuen, erositako tresneria guzia ordaindua baitzuen, eta, bertzeak bertze AMAP sareari esker, diru sartze finkoak zituen. «Ez nuen gehiagoren beharrik; ongi nintzen. Ez nuen inbertsio haboro egiteko enbeiarik», dio irri ttipi batez. Izan ere, hasi zelarik, ofizioko bakarra zen Barnealde guzian. Beraz, makina berezien eta landareen lortzeko, urrunera jotzera behartua zen, Charenteraino (Frantzia).

Gainera, aurtengo mozkinak zinez eder heldu zitzaizkion; biltzeko puntuan zituenak oro urak eraman edo zikindu dizkio, ezin salduzkoak orain; eta makurrena, lau berotegiak nola tresneria oro baliogabetu dizkiola. Iazko sasoi txarrari aitzina hartua zion, indar berezia egin eta usaian baino gehiago landatu baitzuen. Dena bideratua zuen, oreka eder batera iristeko. «Orain, kezkatzen nauena heldu den urteko primadera da, urtarriletik martxora arteko prestaketa lanak zinez garestiak baitira, eta aurtengo udan saldu behar nuenak zukeen ordainduko; uda honetan bizitzeko dirua, iazko udak eman zidan bezala». Halere, baikor mintzo da, urak ez baitizkio harri eta zikinkeria gehiegi ekarri, bertze lekuetan egin duen bezala. Hala, baratzea 5-10 zentimetroko lohi geruza batek estaltzen dio, baina lur «fina eta aireztatua» denez, ona ere izanen da baratzerako. Hemendik goiti AMAP sareari esker aitzina eginen duela azpimarratu du, horrek duelako zinez motibatzen: «Ofizio honetan, saltzen ez baduzu, ez duzu ekoizten ». Hari beretik, sekulako elkartasuna bizi izan du; gaitzaren biharamunean berean, 40 bat lagun hurbildu zaizkio, herriko etxetik, auzoak, bai eta guziz ezezagunak zituenak ere. «Berotegiak ditut behar; inork balitu, ongi jin!», dei egin du. Errobirengan konfiantza zuen, eta segitzen du berdin pentsatzen. Bertan denez geroztik, urak sekula ez baitzuen gainezka egin. Horregatik, bertze kezka sakonagoak dizkio lanak ematen: «Orain, hau jasan dugu, eta esperientzia latza izan da; uroski, dirua jasoko dugu, eta emeki-emeki martxan ezarriko dugu afera… Baina zer erakaspen hartzen du jendeak? Planteatuko ote du zerbait gaizki egin duela? Zerbait eginen ote du hobetzeko? Edo geldituko ote da zuhaitzak botatzetik? Hainbertze betoiztatzetik? Gauzak ongi eginak ote dira?». Orain, negura begira karraskan ariko da lanean, lurra berriz landu eta barazkien landatzeko. Funtsean, Zamponik burua altxatzea deliberatu badu, ofizioarekiko maitasunagatik deliberatu du: «14 urtetan erosi nuen lehen motokultorea!». Zorionez, etxean ez du hainbertzeko kalterik ukan, gorago bizi baita. Hala, auzoak aterpetzen ditu, haiei matelasa baizik ez baitie utzi Errobik.
Zamponiren negutegi hautsia

Elodie Francois (Izpurako zeramika ofizialea). «Galdua naiz, ez dakit nondik hasi; merkatu guziak ezeztatu ditut»

«Etxe, ateleria, ekoizpen eta tresneriarik gabe utzi naute uholdeek », dio ahots dardartiaz. Lurretik bizi da; buztina hartu eta eskuz landu eta gero, labean errearazten du, merkatuetan saltzeko. Kurtsoak ere antolatuak zituen heldu nahiz haurrentzat. Uda lanez gainezka zetorkion. Orain, ordea, guzia aldatu zaio: «Standby- an naiz, galdua; ez dakit nondik hasi. Merkatu guziak ezeztatu ditut, ekoizpenaren %50 urak eraman didalako. Labea eta lehengaiak xehatuak ditut».

Duela bi urte hasi zen bere kontu lanean, eta, azaroaz geroztik, 500 euro irabazten zuen; egoeraz kontent zen. Orain, ordea, oro «hutsetik» arrahasi behar da, baina ez du argi ikusten non, nola eta zer mediorekin. Etxerik ukaiteko enbeia ere galdu du, karabana batean bizitzea ere pasatu zaiolako burutik. Udan, Zamponirentzat lan eginen du; negurako, berriz, lan bila hasiko da, «oreka ekonomikoa berreskuratu arte». Zorionez, sostengu kanpaina abiatu dute: soutenonsefceramique. jimdo.com. Are gehiago, Izpurako herritarrek etxeko behar diren guziak bildu eta behar duenari banatzen dizkiote. Hala ere, lagundu nahi izanez gero, gelditzen zaion ekoizpena erostera joan, horretarako merkatu berezia antolatzen duelarik. Edo Garazin lokala atzematen lagundu: «35 metro karraturekin aski nuke». Azpimarratu du gertakarian izigarriena zuhaitzen krisk-kraskak hurbiletik entzutea zela baina ilunpean deus ere ikusi gabe.

Arño Uhart (Bunuzeko zurgina). «Aitaren, aitatxiren eta ene proiektua du urak eraman»

Hoztako ura eta Lapiotz besarkatzen diren gunean bizi da; goitizena ere hortik datorkio: zubiburu. Bizi eta lan ere egiten zuen bertan, aitak eta aitatxi zenak bezala. «Tuk-tuk entzun zuen emazteak; ilunpean jaiki zen, ustez ohoinak zirela. Balkoira jalgi, eta furgoneta urpean ikusi zuen, burua apaldu, eta eskailera punta ez zen aspaldi ageri; orduan orroka hasi zen. Aitaren eta aitatxiren mende bateko proiektu osoa digu urak eraman», kontatu du, lañoki, Xuburuk. Zurginak behar dituen guziak ito dizkiote bi errekek: teilak, makinak, ibilgailuak… Etxea bera ur zirimolak inguratua zuen. «Alabak ere deitu genituen, agur mezua utziz». Aitzina segitzeko, asurantzaren emaitzen beha dira. «Zer egin behar dut bestela, lan bila hasi, ene 57 urterekin? Nork onartuko du eskatuko dudan saria? Ene esperientzia eta kalitate labelekin nehork ez nau nahiko, garestiegia izanen naizelako eta ez dut gutieneko soldata onartzen ahal!», dio, eskuak zabal-zabalik. Horregatik, asurantzak eman gai duenetik entseatuko da bizitzen ondoko bi urteetan, erretretara arte. Enpresa ezin du orain hetsi, lana etxean berean duelako egiteko, eta jasangaitza zaio berak dakiena bertze norbaiti egiten uztea. Gainera, «ezin dut bertze familia bat lanjerrean ezarri, ene langileak 54 urte baititu, eta etxea oraindik ordaintzen ari baita». Arazo larriena diru sartzerik ez ukaitea da; gastuak, aldiz, sekulakoak izanen dira. Preseski, uholdeen bezperan kontablearekin egona zen, eta, aspaldiko partez, kontuak onak zituen. Tresneria ona erostea du orain ideia, bi urteren buruan saldu ahal izanen duena, erretretara partitzeko mementoan. Mezu hau pasarazi nahi izan du: «Jin diren guziei eskerrak eman nahi dizkiegu, Herriko Etxea barne, sostengua alimalekoa izan baita. Caset jauna izan da ikusi ez dugun bakarra». Latza izan da makurra; orain leher eginak dira, zainetan, ulertzekoa den bezala. «Gure aita zenak hau ikusi izan balu, sekula ez zigukeen hemen eraikitzen utziko. Lehen Mundu Gerla ezagutu zuen, baina hau bezalakorik ez», dio Arño Uharten aitak, begiak lausoturik, eta jatsa eskuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.