Elkarlanean arituko dira BERRIA eta Herri Urrats

Lankidetzarako hitzarmena sinatu dute Herri Urratsek eta BERRIAk. Adostu dute Herri Urrats festaren egunean bertan ez ezik urte osoan ere elkarlanean aritzea.

BERRIAko eta Herri Urratseko ordezkariak, gaur. HERRI URRATS
BERRIAko eta Herri Urratseko ordezkariak, gaur. HERRI URRATS
Irati Urdalleta Lete.
2025eko apirilaren 30a
14:27
Entzun 00:00:0000:00:00

Bi aste eskas falta dira maiatzaren 11rako, Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko Herri Urrats jairako. Festaren atarian, BERRIAk eta Herri Urratsek elkarlanerako hitzarmena sinatu dute gaur.

Donamartiriko (Nafarroa Beherea) Arberoa ikastola eta Senpereko kolegioa (Lapurdi) laguntzeko izango da aurtengo jaia, eta Elgarrekin leloaren bueltan arituko dira. Horri jarraikiz, BERRIAk eta Herri Urratsek ere elkarrekin aritu asmo dute. Horretarako, egunean bertan eskaintza zabala egingo du BERRIAk: Nafarroa-Badok gunea, Araba-BERRIA gunea eta Lapurdi-Mantangorri eszena atonduko dituzte. Gainera, besteak beste, BERRIAk egun horretako egunkariaren aleak eta Ipar Euskal Herriko Hitza-renak banatuko ditu gosari gunean.

Elkarlana, urte osoan

Hala eta guztiz ere, elkarlana ez da jaiaren eguneko kontua bakarrik izango. Hala azaldu du Ainara Lasa BERRIAko marketin arduradunak: «Herri Urratsek Elgarrekin leloa aukeratu du aurten, eta, azken urte hauek bezala, BERRIAk Herri Urratsekin daukan lankidetza eta aliantza hori estutzeko urtea izan da aurtengoa ere». Zera izan dute xede: Ipar Euskal Herrian euskararen presentzia sustatzea eta BERRIAren bidez Herri Urratsi Euskal Herri osoan proiekzioa ematea. Horrekin lotuta, esaterako, Seaskak diru bilketa bat abiatu zuen, euskaltzaleak Erlezain izatera deitu, eta BERRIAk baliabideak jarri ditu kanpaina horretarako. Bestalde, Badok-ek eta BERRIAk parte hartu dute Herri Urratsen testuinguruan antolatzen den maketa lehiaketan ere, eta formula berriak arakatu dituzte, «kanpainaren irismena handiagoa izan zedin».

Zuzen-zuzenean Herri Urratsekin lotuta ez badago ere, Lasak nabarmendu du Ipar Euskal Herriko euskal komunitatearentzat erreferentziazkoak izango diren euskarrietan eta baliabideetan sakontzen jarraitzen duela BERRIAk: «Alde horretatik, Ipar Euskal Herriko Hitza-k jauzi bat egin zuen azaroan: berritu egin zen». Horrela, Ipar Euskal Herriko euskaldunei eta euskara sustatzen ari direnei leku hobea eta zabalagoa eskaini asmo diete: «Esparru komunikatiboan ere jauziak egiten ari gara, Ipar Euskal Herriko eragileek baldintza hobeak eduki ditzaten beren mezuak zabaltzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.