Elkarrekin Podemos-IUk ez du babestu konbentzio konstituzionala

Hezkuntza, osasuna eta trantsizio energetikoa izanen dira koalizioaren lehentasunak

Elkarrekin Podemos-IUren urte parlamentarioaren hasiera atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Isabel Jaurena.
2023ko irailaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Hauteskundeei begirako tramankulua». Horrela definitu du Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IU koalizioak Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak konbentzio konstituzionala. Haren erranetan, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak egindako proposamena «juridikoki bideraezina» da. Aitortu du bere taldeak ere uste duela autogobernuaren auziari bidea ireki behar zaiola, baina Urkulluren jarrera ez zaie egokia iruditu.

Atzo goizean urte parlamentarioari hasiera emateko koalizioak antolatutako gosari informatibo batean egin zituen adierazpenok, Gasteizen. Hala, erran zuen Urkulluren proposamena lantzea legebiltzarrari dagokiola, hura delako «euskal herritarren ordezkari legitimoa». Horregatik, autogobernuari buruzko lantaldea irekitzea eskatu zuen Gorrotxategik, auzia Madrilera eraman baino lehen «euskal herritarren ordezkariek proposamen zabala eta adostua» egiteko. «Zer balio demokratiko du lehendakari baten izenean aurkezten den konstituzio erreformarako proposamen batek? Horrelako proposamen bat Eusko Legebiltzarrean adostu eta eztabaidatu ondoren egin behar da», borobildu zuen.

Horrez gain, taldeak datorren legealdian izanen dituen lehentasunez mintzatu zen Gorrotxategi: hezkuntza legea, osasun publikoko legea eta trantsizio energetikorako legea. Hezkuntzari dagokionez, publikoaren alde eginen dutela berretsi zuen, eta Jaurlaritzaren proiektua ez dutela babestuko: osoko zuzenketa prestatzen ari dira. Izan ere, salatu zuen Jaurlaritzaren pauso guztiak bideratu direla «itunpekoaren etorkizuna ziurtatzera» .

Aldaketa eskaria

Osasun publikoko lege proiektua ere ez du begi onez ikusi taldeak. Gorrotxategiren hitzetan, euskal herritar guztiek osasun zerbitzua eskuratzeko aukera berak izan beharko lituzkete, baina gaur egun hori ez da gertatzen: «Euskadin, beheragoko gizarte klase batekoa izateak, ikasketa gutxiago izateak, eremu sozioekonomiko deprimitu batean bizitzeak edo hilaren amaierara iristeko zailtasunak izateak gaixotasun kroniko bat izateko aukerak areagotzen ditu».

«[Osasun publikoko lege proiektuak] ez du anbiziorik eta ez die benetako arazoei aurre egiten», adierazi zuen Gorrotxategik. Hortaz, hura aldatu ezean ez du koalizioaren babesik jasoko. Horretaz gain, taldeari garrantzitsua zaio honako zerbitzu hauek Osakidetzan sartzea: odontologia, fisioterapia, logopedia, podologia, gerontologia, ortopedia eta buru osasuna.

Trantsizio energetikoaren legeaz mintzatzean, adierazi zuen «oso berandu» datorrela, eta ezarritako neurriak 2026ra arte ez direla eraginkorrak izanen. Hala, nabarmendu zuen «klima larrialdia konpontzeko» mekanismoak martxan jarriko dituztela: bertzeak bertze, energiaren enpresa publikoa sortzea proposatu zuen. Funtsean, «norabide politikoan aldaketa bat» eskatu zuen koalizioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.