Elkarrekin Podemosek adierazi du Osakidetzaren «pribatizazioari» galga jarri behar zaiola

Ongizate estatua eta zerbitzu publikoak defendatuko dituela adierazi du Miren Gorrotxategi lehendakarigaiak. Salatu du osasun sistema publikoa «eraisten» ari direla.

AHAL DUGU
Miren Gorrotxategi, Elkarrekin Podemoseko alderdikideez inguratuta, Bilbon gaur egin duten mahai inguruan. BERRIA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko martxoaren 2a
15:15
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpainaurre bete-betean daude alderdi politikoak, tartean Elkarrekin Podemos. Aukeratu eskubideak izeneko mahai ingurua antolatu dute gaur Bilbon, eta Miren Gorrotxategi lehendakarigaiak Osakidetzaren kalitatea hobetzeari eman dio garrantzia. Nabarmendu du Osakidetzaren «pribatizazioari» galga jarri behar zaiola, eta, horretarako, ezkerreko gobernu bat egon beharko dela Eusko Jaurlaritzan.

Pilar Garrido Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusia eta Isa Gonzalez bozetarako hautagaia, besteak beste, alboan izan ditu Gorrotxategik gaur egindako mahai inguruan. Elkarrekin Podemosen lehendakarigaiak zerrendatu egin ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun sistema publikoaren arazoak: «Espezialistek artatzeko itxaron zerrendak handitu egin dira, gehiago kostatzen da familia medikuarekin ordua hartzea, langileak falta dira, eta haien baldintzek okerrera egin dute».

Nabarmendu du osasun publikoa «eraistea» dela hori, «aseguru etxe pribatuei laguntzeko». Hurrengo Jaurlaritza osasun enpresa pribatuei eta eskuinekoei «aurre egitera» ausartuko ote den, hori da hauteskundeetan «jokoan» dagoena, Gorrotxategiren iritziz. Elkarrekin Podemosen lehendakarigaiak azaldu duenez, sinetsita daude osasunarekin zerikusia duten gai guztiei egin behar zaiela tokia Osakidetzan: «Osakidetzak osasun mentala, dentista, betaurrekoak, fisioterapia eta halako zerbitzuak barne hartzea nahi dugu». Osakidetzak zerbitzu horiek eskaintzeko xedea programan sartuta daukate, adierazi duenez.

«Ongizate estatu baten indarra bere zerbitzu publikoenaren arabera neurtzen, eta guk horien alde borrokatuko dugu», aldarrikatu du Gorrotxategik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.