EP Elkarrekin Podemos Pedro Azpiazu Ogasun kontseilariarekin negoziatzen ari da Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak onartzeko aukera. Gaur beste bilera bat izan dute bi aldeek, eta EPk azaldu du "aurrerapenak" egin direla klima aldaketaren eta politika feministen inguruan. Koalizioko buru Lander Martinezek adierazi du "zati garrantzitsu bat" geratzen dela oraindik aztertzeko, baina akordioa "gertuago" dagoela.
Martinezen esanetan, politika ekonomiko eta sozialen atalean lortu nahiko dute orain adostasuna. Koalizioak jakin nahi du Jaurlaritza zein neurri hartzeko prest dagoen herritarrak eta enpresak krisi ekonomiko posible batetik babesteko.
Elkarrekin Podemoseko eledunak gobernuari eskatu dio neurriak har ditzala, Caritas elkartearen txostenaren arabera bazterketa egoeran dauden 300.000 herritarren baldintzak hobetzeko. Martinezek aurreratu du Jaurlaritzari proposatu dioten enplegu plana agian ez dela izango haiek nahi luketen tamainakoa, eta argitu du zerga erreforma baterako eskaria Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batzar nagusietara bideratuko dutela azkenean.
Martinezek ez du zehaztu nahi izan zenbaterainokoak diren Jaurlaritzarekin dituzten desadostasunak, eta nabarmendu du "asko" gelditzen dela negoziatzeko oraindik. Azpiazurekin egingo duten hurrengo bilerak ez du egun jakinik oraindik, baina negoziazioak "pixkanaka eta diskrezioz" egitearen alde mintzatu da Elkarrekin Podemoseko eleduna.
Bileran Jaurlaritzako ordezkariez gain, Podemos eta Equo alderdietako kideak egon dira. Izan ere, Elkarrekin Podemos koalizioko hirugarren alderdiak, Ezker Anitza-IUk, aurreko astean adierazi zuen bere bi parlamentariek aurrekontuen aurka bozkatuko dutela. Horiek salatu zuten Jaurlaritzak ez duela kontu «garrantzitsuei» buruz hitz egin nahi EPrekin; kasurako, erreforma fiskalaz eta enplegu politikaz.