M29ko batzordeak elkarretaratzea egin du gaur Bilboko Justizia Jauregian. Erasoen ondorioz sortutako M29 batzordeak deitu du elkarretaratzera, Poliziaren «arrazakeria» salatzeko, eta pertsona migratzaile eta arrazializatuak «kriminalizatzeko» duten joera «sistematikoa» gaitzesteko.
Poliziaren erasoak pairatu zituen mutilari salaketa jarri zion Ertzaintzak, eta gaur deklaratu du. Antolatzaileek oraindik ez dakite zer delitu egozten dioten, baina, beren susmoen arabera, agintearen kontrako atentatua leporatu diezaiokete. Mutilaren amak, ordea, salaketa jarri dio Ertzaintzari, semeari jipoiak eta tratu txarrak eman zizkiotela iritzita. Erasoa grabatu zuen San Frantziskoko (Bilbo) bizilagun batek ere salaketa jaso du mozal legearen ondorioz.
Antolatzaileek adierazi dutenez, Poliziaren indarkeriazko jarrera hori ez da salbuespena: «Auzoan oso ohikoa da profil etnikoengatik geldialdi arrazistak egitea, San Frantziskoko bizilagun arrazializatuak etengabe gelditzen dituzte kalean». Konfinamenduan Poliziaren halako gehiegikeriak areagotu egin direla azaldu dute: «Beste herritarrei ez bezala, infekzio puntu bat zirela esaten zieten, burutik jota zeudela... Delitu bat egiten baleude bezala tratatzen zituzten». M29 batzordearen iritziz, «arrazakeriaren gaitza kaltegarriagoa bihurtzen da Poliziaren moduko erakunde boteretsu batek gauzatzen duenean», eta, ondorioz, martxoaren 29ko gertaerak «ezin dira zigor gabe geratu».
Poliziak izan dituen jokabideak ikusita, Ertzaintzaren protokoloak aldatzea beharrezko ikusten dute antolatzaileek. Horretarako, legebiltzar berriarekin eta elkarteen laguntzarekin protokoloa aldatzeko ados jarri nahi dute.
San Frantzisko auzoan Poliziaren jarrera arrazisten inguruko salaketak ohikoak badira ere, martxoaren 29an jazotako istiluek soka luzea ekarri dute. Ertzaintzak ikerketa bat abiatuko zuela esan zuen, Arartekoa ere jakinaren gainean dagoela esan dute antolatzaileek, eta Amnesty International erakundea kasuaren jarraipen berezi bat egiten ari dela ere azaldu dute.