Utzi gure seme-alabak bakean! idatzirik daukan pankarta bat eskuetan dutela, datorren astelehenetik hasita, astelehenero elkarretaratzeak egingo dituzte Iruñeko Sarasate pasealekuan, PSNren egoitzaren aurrean, azken polizia operazioetan Nafarroan atxilotu dituzten pertsonen senideek eta «torturapean ateratako izenekin osatutako zerrenda beltzean» ageri diren pertsonek.
Horrela jakinarazi zuten atzo ekimenaren bultzatzaileek prentsaurreko jendetsu batean, eta astelehenero egingo diren bilkura horietara azal daitezen dei egin zieten herritarrei eta eragile politiko, sindikal eta sozialei.
Atxilotutako askok torturak salatu dituzte, eta «zerrenda beltzean» direnak, «hamarnaka lagun», noiz atxilotuko dituzten beldur dira senideak. «Gero eta gehiago gara beldurrez bizi garen herritarrak, bereziki astelehen gaua lo egin ezinik ematen dugunak», azaldu zuten atzo. Egoera jasangaitza dela salatu zuten, eta amaitu egin behar duela aldarrikatu. Atxilotuek eta «zerrenda beltzean» daudenek agerian lan egin dutela gaineratu zuten, eta inoiz ez dutela beren militantzia politikoa ezkutatu. Horregatik, lan politikoa berdintasunez egiteko eskubidea eskatu zuten denentzat.
Elkarretaratzeak egiteaz gain, alderdi politikoekin biltzeko asmoa ere badu talde honek.
Elkarretaratzeak egingo dituzte astero «zerrenda beltzen» aurka
PSNren Iruñeko egoitza aurrean bilduko dira Nafarroako azken polizia operazioetan atxilotutakoen senideak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu