«Benetako Jaurlaritza behar da». Horretan ados daude gobernuan dagoen alderdia eta oposizioko alderdi nagusia. Baina benetakoa zer den eta zer ez, iritzi desberdinak dituzte. Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramailearen iritzian, hau behar da: «Oraintxe bertan daukaguna, Patxi Lopez lehendakariak gidatzen duena; eta ez oposizioko aurreneko taldeak eskaintzen diguna, ez lortutakoa galaraziko diguna». Iñigo Urkulluren iritzian, berriz, hau: «Egiazko gobernua behar dugu, aurpegia emango duena. Kritikei argumentuekin erantzuten diena, proposamenekin, eta ekimenekin. Erdi egiak ordezkatzen dituzten gezurretan ezkutatzen ez den gobernu bat». Eta hori «EAJren gobernua» dela zehaztu du.
Biek ala biek definizio luzeak eman zituzten atzo «benetako gobernua» izan behar duenaren inguruan, eta argi gelditu zen norberarena dutela egiazkotzat biek. Ekimenik eza leporatu zioten elkarri, eraginkortasunik eza eta iraganera itzuli nahi izatea.
Urkulluk igandean «benetako Eusko Jaurlaritza» behar dela esan ostean liskar betean hasi dira PSE-EE eta EAJ. Jaurlaritza ez dela behar bezain bertakoa esan nahi izan duela egotzi dio PSE-EEk EBBko buruari: «Urkulluren ustez, batzuek ez dugu euskal adjektiboa merezi, eta, beraz, daukagun Eusko Jaurlaritza ez da benetakoa», esan du Pastorrek.
PSE-EEko bozeramailearen iritzian, horrek argi erakusten du «EAJk erakundeei dien errespetua, bere esku ez daudenean». Urkulluk «pluralismoari erakutsi dion mespretxuarekin» bat datoz hitz horiek, Pastorren irudiko.
Urkulluk bere blogean azaldu du «benetako Eusko Jaurlaritza» esan zuenean «benetako» adjektiboa «Jaurlaritzarentzat» zela eta ez «Euskorentzat». «Euskadin bizi gara, eta Eusko Jaurlaritza izena duen erakunde batek gobernatzen gaitu. Horregatik behar dugu benetako Eusko Jaurlaritza».
PSE-EErena ez zaio «benetakoa» iruditzen, Radio Nacionalen esan duenez: «Ez da benetakoa, ez dituelako betetzen dagozkion funtzioak». Blogean zehaztu du: «Ez dugu behar etengabe Euskadiren antolaketa instituzionala zalantzan jartzen duen Jaurlaritzarik; eztabaida artifizialak bultzatzen dituenik. Ez dugu behar ardurak bere gain hartzeko gai ez denez etengabe besteen ardura bila ari den Jaurlaritzarik. Ez dugu behar garai politiko hau Euskadiren normalizazio politikorako baliatzen ez duen Jaurlaritzarik».
Pastorren iritzian, PSE-EEren gobernuak betetzen ditu, ordea, bete beharreko baldintza guztiak: «Etxeko lanak egiten dituen gobernu bat dago. Ideiak eta proiektuak dituen gobernu bat, eta osatu zen unetik martxan jarri dituen aldaketak bultzatzen jarraitzeko gogoa duena». Bere lana «ondo» egiten ari da Jaurlaritza, Pastorrek azpimarratu duenez, eta ondo ari ez dena EAJ dela gaineratu du: «Proposamen eta alternatibarik gabeko alderdia dago oposizioko buru». Gobernuak proposatzen duen guztiari ezetz esatea egotzi dio. Jeltzaleen programa bakarra hauteskundeak aurreratzeko eskatzea eta legebiltzarraren lana oztopatzea dela salatu du, «bere hutsaltasuna estali nahian». Jarrera horrekin «deserosoak zaizkion eztabaida batzuk» saihestu nahi ditu EAJk, Pastorren irudiko, iruzur fiskalaren kontrako borroka kasu.
Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramailearen iritzian, berriz, «urduritasunak» etengabe ezker abertzaleari begira egotera behartzen du EAJ.
Elkarri eraginkortasunik eza egozten tematu dira EAJ eta Jaurlaritza
Ekimenik eza egotzi dio Urkulluk PSEri, eta gobernuaren proposamenak baztertu eta bozak eskatzera mugatzea PSEk EAJri«Benetako Jaurlaritza» norbere alderdiak osatutakoa dela diote Urkulluk eta Pastorrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu