Ezker abertzaleak lehentasunezkotzat jo du Nafarroan elkarrizketa politikoari «lehenbailehen» heltzea, eta, horregatik, alderdi politiko guztiei —bereziki UPNri— «erantzukizunez» jokatzeko deia egin die. Iruñean eskainitako prentsaurrekoan Pernando Barrena ezker abertzaleko kideak esan duenez, garai berriotan ezinbestekoa da alderdien arteko inkomunikazioa amaitzea. Elkarrizketari heltzeko orduan, 1998ko azaroaren 5ean Nafarroako Parlamentuak onartutako adierazpenari heldu dio ezker abertzaleak, eta haren baliagarritasuna nabarmendu du.
Lizarra Garaziko prozesuaren garaian, 1998ko azaroan, onartua izan zen adierazpen hori, eta bost puntu ditu: batetik, itxaropena agertzen du orduko ETAren su-etenak indarkeria behin betiko uzteko balioko duela; bigarrenik, auzi politikoak konpontzeko indarkeriaren erabilera baztertzen du, eta berresten du elkarrizketa eta aniztasuna direla gatazka konpontzeko bidea; hirugarrenik, azaltzen du Nafarroako herriak eta hura ordezkatzen duten foru erakundeek bakarrik har ditzaketela Nafarroari eragiten dioten erabakiak, eta nafarrak direla, «nafarrak soilik», euren patuaren jabe; laugarrenik, Parlamentuak berresten du indar politiko orok edozein proiektu defenda dezakeela metodo demokratikoen bidez; azkenik, prozesuak aurrera egin ahala sor daitezkeen foroetan aurreko irizpide horiek kontuan hartu behar direla dio.
Barrenaren arabera, adierazpenaren edukiak gaurkotasun handia du, eta «euskarri egokia» izan daiteke etorkizun hurbilean alderdien artean elkarrizketa bideratzeko. UPNk orain arte aipatu du Parlamentua dela elkarrizketarako foro bakarra. Barrenarenustez, «bigarren mailako eztabaida da non eta nola eztabaidatzen den. Orain lehentasuna elkarrizketarako beharrak du, eta gero gerokoak», azaldu du.
Barrenarekin batera, Txelui Moreno eta Alicia Iribarren ezker abertzaleko kideak izan dira. Iribarrenek, euskaraz irakurritako agiri batean, azpimarratu du «aro berri baten ateak irekitzen» ari direla, eta egoera horrek «politika egiteko beste modu bat» eskatzen duela. Ezker abertzalearen ikuspuntutik, garai berri horren ezaugarrietako bat izango da nafarren hitza eta erabakia errespetatua izan dadila, eta horregatik dei egin dio Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariari «Madrilera begiratzeari utzi» eta nafarren borondatea errespetatzeko «gobernadore zibilaren lana albo batera utzita».
Aliantza estrategikoak
Gainera, azaroaren 20ko Nafarroako emaitzen analisia egin du ezker abertzaleak. Haren ustez, UPNrekin gobernua osatu izanadago 2008ko bozekin alderatuta PSNk izandako boto galeraren atzean. «Beheranzko joera zuzendu lezake 180 graduko bira eman eta aldaketa politiko eta sozialaren alde gauden indarrekin elkartzeko gaitasunik balu, horrela bere espazio naturalera itzuliz, baina gogoeta hori egitea haien esku baino ez dago».
Ezker abertzalearen ustez, Geroa Baik esparru euskaltzale eta eskuin zentrokoa indartu nahi du, eta Ezkerrak, berriz, ez ditu asmoak bete, ez delako «gai izan PSNk galdutako botoak biltzeko». Gainera, haren ustez, Amaiurrek berretsi du aldaketa politiko eta sozialerako motorra izango den eremua indartzen ari dela. «Eremu abertzale eta aurrerakoi zabalago baten aldeko urrats etengabeak behar dira, Nafarroan aldaketaren aldeko sektore guztiekin aliantza estrategiko bat gauzatzea lortu arte».
Elkarrizketa politikoari heltzeko deia egin die Barrenak Nafarroako alderdiei
Ezker abertzaleak dio «euskarri egokia» dela 1998ko azaroaren 5ean Parlamentuak onartu zuen adierazpena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu