Bake prozesua egonkortu eta hura aurrera ateratzeko dauden «zailtasunak eta aukerak» aztertu nahi ditu HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeak. Haren egitekoen artean dago elkarrizketa «akuilatzea, erraztea eta ahalbidetzea», eta, horretarako, beharrezkotzat jo du Euskal Herrira etorri eta elkarrizketa horien protagonista izan behar dutenekin hitz egitea. Halaxe egingo dute. Astelehen eta asteartean Euskal Herrian izango dira, «informazioa lehen eskutik jasotzeko».
Silvia Casalek, Brian Currinek, Pierre Hazanek, Ray Kendallek, Nuala O'Loanek eta Alberto Spektorowskik osatzen dute taldea, eta ez da Euskal Herrian izango diren aurreneko aldia. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak haien lana beharrezkotzat jo ez arren, gogotsu ari dira prozesua errazteko lanetan. Azkenekoz, otsailean izan ziren Euskal Herrian, eta, orduan ere, alderdien arteko bilerak abiatzeko bideak jartzea izan zuten helburu nagusi. Bilera horiek ez dituzte hasi oraindik, agerian behintzat. Beraz, besteak beste, xede horri helduko diote oraingoan ere.
Taldeak berak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, bi lan izango dituzte oraingoan. Batetik, elkarrizketei dagokienez, «bake prozesua egonkortzeko estrategia bateratua bultzatzeko» dauden zailtasun eta aukerak aztertuko dituzte. Eta, bestetik, zenbait gai zehatzen inguruko informazioa eta analisia biltzen saiatuko dira, «eragile sozial eta politiko kualifikatuengandik»: ETAren indarkeriaren amaierari eta gatazkaren ondorioei buruz elkarrizketak hasteko prestasunari buruz, Espainiako Gobernuak euskal presoak gizarteratzeko egin duen planari buruz, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Sorturi buruz har dezakeen erabakiari buruz eta adiskidetzearen eta memoriaren inguruan martxan diren hainbat egitasmori buruz.
Agerraldia legebiltzarrean
Eusko Jaurlaritzako iturriek Efe berri agentziari esan diote ez dituztela HNTren «zerbitzuak» behar. Hala ere, Eusko Legebiltzarrean agerraldia egingo du taldeko kide Alberto Spektorowskik, asteartean. PPk eta PSE-EEk ezezkoa esaten jarraitzen duten arren, taldea zilegitasuna irabazten ari da, eta horren erakusle da Spektorowskik Legebiltzarreko Bakearen eta Bizikidetzaren lantaldean agerraldia egitea. Lantalde horretan PSE-EEko, PPko, EAJko eta EBko legebiltzarkideak daude, baita Aralarretik kanporatutako Aintzane Ezenarro ere.
Espainiako Gobernuak ere ez du onartzen HNT egiten ari den lana. Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak honela esan zuen herenegun: «Ez dira ongietorriak, eta ez dira beharrezkoak». Beren ahaleginak beste nonbaitera bideratzeko eskatu die, gainera. Fernandez Diazen arabera, «Espainia estatu demokratikoa da, subiranoa, eta ETA garaitu du. Ez du inolako harreman talderik behar». PPk beti jarraitu dion ildoari jarraitu zion, eta HNT ezker abertzalearekin lotu zuen.
Elkarrizketetarako aukerak eta zailtasunak aztertuko ditu HNTk
Astelehen eta asteartean Euskal Herrian izango dira, «eragile politiko eta sozial kualifikatuekin» bilerak egitekoLegebiltzarreko bakearen lantaldean hitz egingo du Spektorowskik, taldeko kideak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu