Elkartasuna, bidean bat egiteko

EH Bilduk deituta, Kataluniako prozesua babesteko mobilizazioa egin dute Donostian. EAJren jarrera kritikatu du Iriartek, «PPren sozio» dela esanez: «Ez gaitzatela engaina; har dezagun Katalunia eredu»

3.000 lagun inguruk hartu zuten parte Donostian, atzo, Kataluniako erreferenduma babesteko EH Bilduk deitutako manifestazioan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena
Donostia
2017ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Elkartasunez», Kataluniako prozesua eta urriaren 1eko erreferenduma babestu egin direla esan zuen EH Bilduko koordinatzaile Arnaldo Otegik Donostiako manifestaziora deitzeko agerraldian. Dei hori babes erakustaldi bihurtu zuten atzo 3.000 lagun inguruk, Herri oso bat mugimenduan. Kataluniarekin bat. Demokraziarekin bat lelopean egindako mobilizazioan —euskaraz eta katalanez zegoen idatzita goiburua—. Esteladak eta ikurrinak eskuan, Artzain Onetik Zuloaga plazaraino egin zuten martxa, eta han ere argi utzi zuen Maddalen Iriartek ekitaldiaren xedea, Agirre lehendakariaren hitzak gogora ekarrita: «Gu beti Kataluniarekin. Espainiaren mespretxuen aurrean tinko eutsi diotelako».

Izan ere, EH Bilduko bozeramailearen esanetan, «erregimena kolokan» jartzea lortzen ari da Kataluniako prozesua, bi herriei erabakitzeko eskubiderik aitortzen ez dien «erregimen» berbera. «Zuen borroka gure borroka da. Zuen etorkizuna gure etorkizuna da. Eta zuen askatasuna gure askatasuna da», esan zien EH Bildukoak katalanei: «Visca Catalunya lliure. Gora Euskal Herria askatuta». Oihuka erantzun zuten Zuloaga plazan bildutakoek, «independentzia» eta «Kataluniarekin elkartasuna» oihuka. Iriarte: «Katalunia erakusten ari da demokrazia dagoela, egon behar dela herrien eta herritarren askatasunaren oinarrian».

17:00etarako jarri zuten martxa hasteko ordua, Artzain Onean. Euskal herritarrak ez ezik, kanpotik etorritakoak ere nabari ziren jende artean, katalanak gehienak. Haiekin batera zeuden EH Bilduko eta hura osatzen duten alderdietako kideak: Ainhoa Beola, Arkaitz Rodriguez, Lorena Lopez de Lacalle, Maddalen Iriarte eta Arnaldo Otegi, besteak beste —katalan batek baino gehiagok baliatu zuen aukera Otegirekin argazkiak egiteko ere—. «Altsasukoak aske» zioen pankarta bat ere jarri zuten errepide ondoan Altsasuko (Nafarroa) gazte auzipetuen gurasoek, datorren larunbaterako elkarretaratze batera deitzeko.

Eskerrak eta kritikak

Babesa eskertu zuten Herrialde Katalanetako hainbatek. CUPeko diputatu Albert Botran eta Mireia Boyak, esaterako, parte hartu zuten manifestazioan. «Garrantzitsua da erreferenduma irabaztea», esan zuen Boyak, martxa hasi baino lehen: «Baina garrantzitsua da emaitza defendatzea ere, eta, horretarako, gainerako herrien indarra daukagu; batez ere, gaur hemen dauden euskal herritarrena». Espainiako Kongresuko diputatu Joan Tardak ere (ERC) bidali zuen esker mezua, sare sozialen bidez.

San Martin kaletik Foru pasealekura joan, eta Salamanca pasealekuan barrena egin zuten manifestariek Zuloaga plazarako bidea, besteak beste, «bi herri, borroka bat» oihu eginez. Beñat Gaztelumendi bertsotan ari zela bete zuten plaza: «[...] Euskal Herria ta Katalunia, nahiz ez garen herri bera; gu ere sartu gaitezke haiek irekitako bidera». Bide hori bide bat eta bera dela nabarmendu zuen Iriartek ere. «Kataluniako errepublika hurbilago baldin badago, euskal errepublika ere hurbilago egongo da», esan zuen, Lluis Llachen L'estaca eta Esteban Urkiaga Lauaxeta-ren Mendigoxaliarena aipatuz.

EAJren jarrerak, ordea, aldendu egiten du Euskal Herria «askatasunaren» bide horretatik, EH Bilduko bozeramailearen ustez. «Gipuzkoa hipotekatuko dugu hamarkadetarako, errauskailuarekin herritarren osasuna arriskuan jarriz. Ehunka haurrek asteburuero milaka kilometro egin behar dituzte senideak kristal zikin baten atzean ikusteko... Hara nola negoziatzen duten batzuek», esan zuen, jeltzaleak «PPren sozio» bihurtu direla kritikatzeko: «Ez gaitzatela engaina; har dezagun Katalunia eredu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.