Erakunde ezaguna da Askapena Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo. 1987tik, sortu zenetik, «askapen borrokan» ari diren herriekin elkartasuna landu du eta nazioarteko gatazkei buruz komunikabide nagusiek ematen ez duten beste ikuskera bat ekarri du geurera. Sozialismoaren eta independentziaren aldeko eta «inperialismoaren» aurkako mugimenduen eremuan kokatzen du bere burua eta «joan-etorriko elkartasuna» lantzen du, Euskal Herriko gatazka nazioartera zabalduz eta beste herri batzuetako egoera Euskal Herrira ekarriz.
Urte hauetan guztietan erakunde horrek harreman sare zabala eratu du nazioarteko herri mugimenduekin, ezkerreko alderdi politikoekin, intelektualekin eta komunikabideekin. Horren lekuko dira Amerikan zein Europan zehar sortu diren Euskal Herriaren Lagun taldeekin eta euskal diasporako erakundeekin batera antolatu dituzten ekimenak. Besteak beste, Euskal Herrian egindako polizia operazio eta epaiketak salatu dituzte: Egunkaria-ren eta Udalbiltzaren aurkako auziak, Jon Anzaren kasua, Asel Luzarragarena...; memoria historikoa zabaldu dute: Uruguaiko Filtroko ospitalean 1994an izandako gertaera; eta gatazka politikoa konpontzeko eginiko proposamenak aurkeztu dituzte: Zutik Euskal Herria agiria azaldu dute unibertsitateetan, komunikabideetan eta beste hainbat forotan. Hain zuzen ere,Walter Wendelin, atzoko polizia operazioan atxilotutakoa, ezker abertzalearen agiria azaltzeko eginiko bidaia batean zela atxilotu eta kanporatu zuten Venezuelatik, Espainiako Justiziak eskatuta.
Era berean, eta globalizazioaren aurkako mugimenduek gonbidatuta, hainbat ekimenetan parte hartu du Askapenak. Besteak beste, Istanbulen eginiko Europako Gizarte Foroan eta L' Humanite Frantziako ezkerreko eragileek antolatutako jaialdi erraldoian parte hartu du aurten.
Lan luze eta oparoa
Baina Askapenaren helburua ere bada nazioarteko gatazkak Euskal Herrira hurbiltzea, hedabideetan eginiko ekarpenen bitartez - atxilotuetako batzuek kolaborazio ugari egin dituzte euskal komunikabideetan- edo hitzaldiak eta ikastaroak antolatuz -aurtengo UEUko ikastaroan Boliviako prozesua izan dute hizpide-, liburuak eta bideoak editatuz, salaketa kanpainak antolatuz -Israelgo produktuen aurkakoa, adibidez-, eta abar.
Ehunka izan dira, halaber, azken bi hamarkadetan Askapenaren laguntzarekin mundu osoko hainbat herritara brigadista moduan joan diren euskal herritarrak. Aurtengo udan 90 pertsonak parte hartu dute ekimen horretan, eta, besteak beste, Venezuelan, Bolivian, Argentinan, Uruguain, Palestinan eta Eskozian izan dira, hango egoerari bertatik bertara erreparatuz.
ASKAPENAREN KONTRAKO POLIZIA OPERAZIOA
Elkartasuna susmopean
Munduko herri eta kultura gutxituen ahotsa gurera ekarri eta Euskal Herriko egoera nazioartera zabaldu du Askapenak azken bi hamarkadetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu