Eba Ferreira. Harrera elkarteko lehendakaria

«Elkartasunari eutsi eta gehiago hedatu nahi dugu»

Preso eta iheslari ohiei laguntza emateaz arduratzen den elkarteak batzarra egin du, eta Ferreira hautatu du lehendakari berri; hark «erronka handitzat» du ardura hori.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
gotzon hermosilla
Santurtzi
2023ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Mamariga auzoan, Santurtzin (Bizkaia), jende askok ezagutzen du Eba Ferreira (Barakaldo, Bizkaia, 1973): BERRIAren galderei erantzuten dien bitartean, behin baino gehiagotan moztu behar izan du jarduna bata eta bestea agurtzeko. 2002tik 2010era Athleticeko jokalaria izan zen, lau aldiz Espainiako Ligako txapeldun izan zen eta 55 gol sartu zituen. Orain beste lehia bati ekin beharko dio, Harrera elkarteko lehendakari izendatu baitzuten joan den larunbatean Bergaran (Gipuzkoa) egindako XI. Batzar Nagusian.

Preso eta iheslari ohiei etxera itzultzean orotariko laguntza ematea da Harrera elkartearen jardueraren zioa. Hori berretsi zuten larunbateko batzarrean, eta graduen progresioak ekarritako egoera berrien aurrean lana egokitzea eta indartzea ere erabaki zuten.

Zer moduz joan zen batzarra?

Egia esateko, ni urduri samar joan nintzen, erronka handia delako, baina batzarra oso ondo egon zen. Dena oso apala izan zen, oso hurbila, erraztasun handiak eman zizkidaten eta ni oso pozik irten nintzen handik. Lasaitasun handia eman zidaten. Eta jendea ere uste dut pozik irten zela handik.

Noiz izan zenuen lehen kontaktua elkartearekin?

Duela hilabete inguru deitu zidaten, hona etorri ziren eta parte hartzea proposatu zidaten. Segundo batzuk behar izan nituen baiezkoa emateko.

Zein da Harrera elkartearen helburua?

Batez ere, espetxetik ateratzen den jendeari laguntza ematea. Preso ohi asko zigor luzeak bete ondoren irteten dira, lekua aurkitu ezinik arazo ugariri aurre egin behar diotela, edo erretiroa hartzeko adinean, baina babesik gabe ezer gutxi kotizatu dutelako.

Hamar urte baino gehiago igaro dira elkartea sortu zenetik. Pozik zaudete orain arte egindako lanaz?

Ni sartu berria naiz eta laster jarriko naiz horretara, baina, orain arte ikusi dudanaren arabera, badirudi oso lan ona egin dela. Adibidez, elkarteak ez du zorrik, eta horrek esan nahi du gauzak ondo egin direla. Baina gure asmoa da elkartea hedatzea, jende gehiagorengana iristea eta ahalik eta pertsona gehieni laguntza eskaintzea.

Nolako beharrizanak izaten dituzte preso ohiek espetxetik ateratzen direnean?

Beste egoera guztiz desberdin bati aurre egin behar izaten diote, eta horrek adar asko ditu. Administrazio kontuetan, adibidez, agiriak lortzeko edo tramiteak egiteko zailtasunak izaten dituzte; ekonomikoki ez dute laguntzarik edo oso laguntza urriak dituzte; batzuek osasun arazoak dituzte, zenbaitetan, Gizarte Segurantzak bere gain hartzen ez dituen kontuetan ere. Asmoa da ahal den neurrian laguntza ematea edozein esparrutan: administrazioarekiko harremanetan, dentistaren gastuekin, lan kontuetan eta abar.

Orain beste errealitate bati aurre egin behar diozue: gradu aldaketen ondorioz baldintza berezietan edo denbora tarte batez espetxetik ateratzen diren presoena, alegia.

Hala da. Hori izan da batzarrean jorratutako gaietako bat, eta geure burua ondo prestatu beharko dugu horrelako egoerak gero eta maizago gertatuko direlako eta horri aterabide bat eman behar zaiolako. Pertsona horiek laguntza behar dute, eta haiekin egon behar dugu.

Erbestetik itzultzen diren iheslari ohiek ere behar bereziak dituzte?

Bai, gehienek oso denbora luzea eman dutelako atzerrian, eta batzuetan guztiz galduta daude. Horiei ere laguntzen saiatzen gara.

Zu Kuban deportaturik dagoen Joxe Anjel Urtiagaren senidea zara. Duela urte batzuk salatu zenuten Air Europak galarazi zizuela hegazkina hartzea hura bisitatzetik zentoztela. Zertan gelditu zen afera hura?

Erreklamazioa jarri genuen, baina ez zuen ezertarako balio izan. Air Europak argudiatu zuen debekua AEBetatik zetorrela eta horren aurka ezin zutela ezer egin.

Horren moduko beste arazorik izan duzue?

Badirudi arazoa nire senarrarekin dutela [Joxe Anjel Urtiagaren anaia Bittor Urtiaga], eta ez dugu ulertzen zergatik, haren kontrako auzirik ez dagoelako eta beti aurkeztu duelako zigor aurrekarien ziurtagiria, baina, antza denez, AEBek erabaki dute segurtasunagatik ez diotela hegan egiten utziko. Duela hilabete inguru berriro joan zen, eta azkenean lortu zuen, baina traba handiak jarri zizkioten.

Harrera elkarteak nola lortzen du laguntza horiek guztiek dakartzaten gastuei aurre egitea?

Elkarteak 3.000 bazkide inguru ditu, eta badaude laguntza ematen duten zenbait enpresa eta elkarte ere, baina elkartasun kate horri eutsi eta ahalik eta gehien hedatu nahi dugu jende gehiagori eta esparru gehiagotan lagundu ahal izateko, beharrak ere gero eta gehiago izango direlako. Herritarrei dei egin nahi diet elkarteko bazkidetza egiteko edo bakoitzak ahal duen neurrian ekarpena egiteko. Horrela lortuko dugu preso eta iheslari ohiek bizi baldintza duinak izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.