Elkarte memorialistek ez dute etsi Iruñeko Erorien Monumentua eraisteko borrokan. Azaroaren 15erako, manifestazio batera deitu dute Iruñean, 18:00etan. Monumentu frankistatik irtengo da martxa, eta udaletxearen aurrean amaituko da. Azaroaren 20an, ostegunez, Franco diktadorea hil zenetik 50 urte beteko dira, eta denbora horretan guztian egon dira elkarte memorialistak «biktima gisa, egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermearen zain».
«1936tik, frankismoaren milaka biktimak gure giza eskubideak zapalduta ikusi ditugu. Gure birraitona-amonak, aitona-amonak, gurasoak eta gu geu frankismoaren errepresaliatuak izan gara», esan dute ohar batean. «Erailak, bortxatuak, espetxeratuak, esklabo bihurtuak, torturatuak, erbesteratuak, bahituak, lapurtuak, ahaztuak eta abar izan gara». Gogoratu dute Memoria Demokratikoaren Legean bertan jasota dagoela diktadurari aurre egin eta demokrazia defendatzeagatik pairatu dutela hori guztia milaka pertsonak.
Gurutzadak jarraitzen du
Diktaduran «errepresioa besterik» ez zuten espero biktimek. Erantsi dute diktadorea hil ondoren espero zutela demokraziaren aldetik egia, justizia eta erreparazioa izatea, baina oraindik itxaroten daudela.
Bestalde, elkarteen arabera, beharrezkoa da manifestazioa egitea, «frankistek oraindik badutelako Iruñean beren gurutzadan hil zirenen omenezko hiri monumenturik», eta ez nolanahikoa, gainera. Hala, elkarteek dei egin diete Nafarroako gizarteari, eragile sozialei, sindikatuei eta «pertsona on guztiei» babesa eman diezaieten frankismoaren biktimei, egiaren, justiziaren eta erreparazioaren eta berriro ez gertatzeko bermearen aldeko ahalegin horretan. Monumentu frankista «degradatzaile» hori eraistea exijitzeko deia da azaroaren 15ekoa, «masiboki eta beste behin ere».