«Iraganeko desadostasunak hazi fidagaiztasuna eta politikari kalkuluak elikatu zuhurtasuna bazterrera utziz», proiektu ezkertiar eta abertzalea aitzinera eramateko xedez, indarren batzearen aldeko mezua plazaratu dute Ipar Euskal Herriko berrogei bat hautetsi abertzalek. Bil gaiten manifestuaren lehen izenpetzaileak dira, eta atzo aurkeztu zuten dei horren mamia, Baionan egin prentsaurrekoan. AB, Batasuna, EA zein kartarik gabekoak dira, eta guztiek proiektu politiko «biltzaile, berritzaile eta moderno» baten eraikuntzan partaide izan nahi dute. Hari horri segi, «Ipar Euskal Herriko abertzaletasunarenberregituraketa prozesu batean sartzeko xedea» dutela diote.
«Mesfidantzak tokirik ez du; iraganean hainbat desadostasunek elkarrengandik urrundu gaituzte, baina, gaurko egunean, hurbiltzea ahalbidetzeko puntu baikorrak badira», Alain Iriart kontseilari nagusiaren hitzetan. Ikusirik azken urteetan lortu «ezin ukatuzko» aitzinamenduentzat ez dela iraunkortasunik segurtaturik eta Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalik ez dela onarturik, «balio ezkertiar eta ekologistetan oinarritu proiektu abertzalearen» azkartzeko beharra azpimarratzen dute manifestuan. «Paristik ikusi behar dute hemen bat egiten dugula», adierazi zuen Ixabel Etxeberria Urruñako hautetsiak.
EH Bai plataformak abertzaleen arteko elkarlana eramatea ahalbidetu du, eta haiek «oraindik urrunago» joateko nahia plazaratzen dute, urratu ildo horretan urrats gehiago egin behar direla erranez. «Abertzale mundutik haraindian» direnei ere egin diete elkarlanaren deia. Abertzaleak beste ikusmolde politikoko herritarrekin «frankotan eskuz esku aritu» direla diote, euskara, Euskal Herriko Laborantza Ganbera, Batera plataforma zein euroaginduaren aurkako mugimenduak adibide gisa hartuz.
Bilduren emaitzei begira
Hego Euskal Herriko egungo egoera ikusiz, uste dute elkarlanerako memento «egokia» dela. Bilduk lortu emaitzek islatu elkarretaratzearen eskaerak Ipar Euskal Herrian ere «aditua eta hedatua» izan behar duela diote.
Euskal herritarrek Frantziako eta Espainiako estatuen joeraren aldaketa eskatzen dutela agertu da hauteskundeetan, Iriarten iritziz. Hori dela eta, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere, «beharrezko diren sare guztiak baliatuz», gatazka politikoaren aterabidea eta euskal preso guztien askatasuna lortzeko urratsetan parte hartzeko deia egiten dute. «Hego Euskal Herrian hats berria dute; hemen ere berdina nahi dugu, Euskal Herria gauzatzeko», adierazi zuen Daniel Olzomendi Izurako (Nafarroa Beherea) auzapezak.
Alderdi abertzaleek deiari erantzun bat ematea espero dute manifestuaren izenpetzaileek.
Elkartzeko deia egin dute Ipar Euskal Herriko berrogei hautetsi abertzale inguruk
Proiektu ezkertiar eta abertzalea garatzeko, «iraganeko zatiketak bazterrera uzteko» beharra adierazi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu