ELA-ren ez ohiko batzarra

Elorrietaren arabera, Jaurlaritzaren "praktika neoliberalek" sinesgarritasuna kentzen diote Ibarretxe planari

Ez ohiko batzarra egiten ari da ELA sindikatua Bilbon. Sindikatua antolakuntza berri batez hornitzea, eta horretarako, ezinbestean, estatutuak egoitzea da bilkuraren xedea. Nolanahi ere, Joxe Elorrieta ELAko idazkari nagusiak kritika gogorrak egin dizkio Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariari.

2003ko ekainaren 26a
17:31
Entzun
Elorrietaren arabera, Euskal Herriko administrazioen politikak "praktika neoliberaletan" oinarritzen dira, baita Eusko Jaurlaritzarena ere, eta joera horrek sinesgarritasuna kentzen dio EAEko Gobernua bultzatzen ari den subiranotasunaren aldeko egitasmoari; hots, Ibarretxe

planari. "Subiranotasunaren aldeko egitasmo horrek herritarren gehiengoarentzat interesgarri diren edukiekin bakarrik egin dezake aurrera. Eta herritarrek bat egiten duten puntuetako bat gizarte ereduari dagokiona da, errenta edo gizarte mailari dagokionez, diskriminazioarik gabeko gizarte eredua nahi baitu herritarren gehiengoak", agertu du.

ELAko idazkari nagusiak salatu duenez, Ibarretxek ez du inoiz arazorik izan patronalarekin lerratzeko; prekarietaren aurka sindikatuekin bat egiteko eskatu zaionean, ordea, sekula ez du horretarako adorerik izan. "Euskal Herriko agintariek patrolanarekin duten lotura gero eta estuagoa eta agerikoagoa da. Lotura hori arlo sindikalean ere ikusten da, gutxiengo diren sindikatuekin hitzarmenak bultzatzen baitira, manifestatzeko eskubideak murrizten baitira, eta langileenganako gero eta gehiegikeria handiagoak onartzen baitira", adierazi du. Ildo horretatik, bai botere politikoak, bai patronalak, Euskal Herrian ordezkaritza duten sindikatu espainiarrak beren helburuak lortzeko tresna gisa erabiltzen ditu, ELAko idazkari nagusiaren iduriko.

ELA "klase sindikatua eta abertzalea" dela azpimarratu du Elorrietak, eta bere helburu nagusiak egungo marko juridiko-politikoa gainditzea eta gizarte eredu bidezkoago bat lortzea direla .

Nolanahi ere, gaurko batzarraren helburua barne antolakuntzaren plan berria eta estatutuak onartzea zen. Izan ere, lehengo sei federazioetako batzuk bat egin dute, eta, ondorioz, lau bakarrik izango dira etorkizunean. Era berean, herribatzak sortuko dira plan berriaren bidez, eta emakumeen eta gazteen esku-hartze aktiboagoa bermatu nahi dute.

Federazioen murrizketa burokraziaren zama arintzearren eta giza baliabideak orekatzearren egin dute.

Hau da 90 urteko ibilbidean ELAk ez ohiko batzarra egiten duen lehendabiziko aldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.