INGURUMENA

Elorrioko Pibet enpresak gai toxikoak isuri ditu Pulla errekara

Erredakzioa
DONOSTIA
2005eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak zigor espedientea irekitzea erabaki zuen atzo Elorrioko (Bizkaia) Pibet enpresaren aurka, Pulla errekara nahita gai toxiko bat isurtzeagatik. Isurketaren ondorioz, Zumelegi eta Ibaizabal ibaiak asko kutsatu dira, etakalte handiak eragin ditu. Isurketa ez dela ustekabean izan onartu dute enpresako arduradunek eta halaxe jakinarazi zieten bertara joandako Ingurumen saileko teknikariei ere. Enpresako biltegi bat garbitzeko erabilitako garbigarri bat isuri zuten errekara, 73 litro guztira.

Kutsatutako ura aztertu eta gero, Jaurlaritzak baieztatu du errekara botatako produktu horrek gai toxikoak dituela. Isurketak aparra sortu du Pulla errekan, eta apar hori Ibaizabal ibaira iritsi da gero. Isurketa ezbeharra edo istripua izan ez denez, Jaurlaritzak larritzat jo du gertatutakoa eta enpresa horri isun ekonomiko handia jarriko dio. Dena den, oraindik ez dute zehaztu zenbatekoa izango den, ingurumenari eragindako kalteak aztertu ondoren erabakiko baitute.

Boroako zentraleko isuria, kezka iturri

Kezka iturri da oraindik Zornotzan (Bizkaia) joan den astean Boroako zentralak San Pedro errekan eragindako isuria. Zornotza Bizirik elkarteak hitz gogorrak izan ditu Zornotzako alkatearen aurka. Isuriak inguruko animaliengan kalterik ez duela eragingo esan duela diote Zornotza Bizirik elkartekoek. «Izan ere, isuriko substantzien %80 minbizi eragileak dira», azaldu dute zentralaren aurkako elkarteko ordezkariek.

Substantzia kutsakorrak Ibaizabal ibairaino iritsi direla diote, eta, oro har, ondorioak larriak izan daitezkeela. «Baserritarrak beren abelburuek kutsatutako errekatik edan dezaketen galdetzen dute», azaldu zuen atzo Zornotza Bizirik elkarteko Juan Ramon Dudagoitiak. Zentraleko arduradunek isurketa garai honetan beren beregi egin duten susmoa dutela esan zuen; «elur ekaitzaren ondorioz ibaiek ur gehiago baitute eta ura zikin baitator».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.