Gatazka politikoa

Elorza: "Ibarretxe plana alde batekoa da; nazionalistek egin dute nazionalistentzat"

Odon Elorza PSE-EEko alkate donostiarraren iritziz, Ibarretxe plana "alde batekoa da, nazionalistek egina baita, nazionalisten nahiak asetzeko". ETB-2ko 'El Punto' saioan adierazi duenez, "ez du gure herriaren pluraltasuna islatzen", eta "sozialistok ezin dugu plan horrekin bat egin", gaineratu du. Halaber, plan horrek "irteerarik gabeko kalezulo baten sartzen" gaituela nabarmendu du, eta Ibarretxe honako mezua helarazi dio: "Horrela ez Ibarretxe jauna, horrela ez dugu aurrera egingo".

2003ko azaroaren 19a
12:51
Entzun
Donostiako alkatearen ustez, egoera politika "zaila" bizi du egun Euskal Herriak, eta Ibarretxeren proposamenarekin zailtasun hori "areagotu" egin dela iritzi dio. Estanis Amuchastegi Andoiango PSE-EEko zinegotziaren aurka atzo eginiko erasoa salatu du, eta bete alderdikidea "esfortzu handia egiten" ari dela azpimarratu du "bere herriaren alde lan egiteko". Bi mutur "argi" sumatzen ditu Elorzak; batetik, PP eta bestetik Ibarretxe eta bera babesten duen Hirukoa. "Alderdi sozialista tartean gaude, eta egia esan, oso egoera zaila da hau guretzako", zehaztu du Elorzak.

Odon Elorzaren esanetan, Ajuria Eneako akordio apurtu zenetik "akats ugari" egin dira euskal politikagintzan. Halaber, azken urteetan "politika judizialitzatzen" ari dela esan du, eta politikaren patrimonioa berreskuratu egin behar dela gaineratu, "betiere, oinarri demokratikoak kontuan hartuz".

PSOEren egoera

Extremadurako (Espainia) presidente Juan Carlos Rodriguez Ibarraren (PSOE) hitzak ere ekarri dizkiote gogora Elorzari. Rodriguez Ibarrak "Aznar dagoen lekuan ondo dagoela" esan berri du, eta Donostiako alkatearentzat "deigarriak" dira adierazpen horiek. "Alderdi sozialista une zail bat bizitzen ari da, eta Espainia mailan estatu eredua ikusteko modu ezberdinak ditugu", azaldu du. PP "gogor jokatzen" ari dela nabarmendu du, "politika zentralista, atzerakoi eta apur bat neofrankista" landuz.

Hala ere, alderdi sozialistak Jose Luis Rodriguez Zapatero izeneko "buru sendo" bat duela gaineratu du, eta azken boladan PSOEren politikak gizarteari begira "sinesgarritasun gutxi" duela badirudi ere, "egoerari buelta emango" diotela nabarmendu du.

Kataluniara begira

Kataluniako sozialistak krisian ote dauden galdetu diote Elorzari, baina berak ez duela hori uste erantzun du. "Maragallek eta Zapaterok harreman ona dute, eta hori oso garrantzitsua da". Orain PSC-k ezkerreko gobernua osatzea helburu izan behar lukeela azpimarratu du, baina hori ERCn esku dagoela esan du. Pascual Maragallen figura goratzeaz aparte, "Espainia plurinazional, progresista, ideia berritzaileak dituena eta Europara hanka onarekin sartzeko kide egokia da Maragall", azpimarratu du.

Kataluniako gizartea eta euskal gizartea "ezberdinak" direla esan du. Elorzaren esanetan, PP "nazionalismoa aztoratzen" ari da, eta hori dela eta nazionalistak "indarra hartzen" ari dira eta euren "estrategia nazionalistak sendotzen". "PPri bost axola zaio hori, Espainian botoak ematen baitizkio", adierazi du. Hala ere, PPk Katalunian "gogor" joko duela iragarri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.