Elurra ari du han-hemenka, eta Euskalmetek eta Aemetek abisu laranja ezarri dute Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Meteo Francek, berriz, abisu horia eman du Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behererako.
Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du Neguko Bidezaintza Plana Koordinatzeko Organoa lanean ari dela goizetik, "elurra oso behean egingo duela aurreikusita". Kontu handiz gidatzeko eta Ertzaintzari kasu egiteko ohartarazi du. Gainera, abisu berezia eman die kamioiei: "Trafiko Zuzendaritzak gogoratzen du kamioiek debekatua dutela ezkerreko erreitik zirkulatzea, elurra kentzeko makinek eta larrialdietarako ibilgailuek elurrak eragindako gorabeherei erantzun ahal izateko". Bihar goizeko zazpietatik bederatzietara errepidean ez ibiltzeko ere eskatu die kamioiei, ordu horretan egoten delako zirkulazio handien.
Gidari guztiei gomendatu die "beharrezkoa ez bada" ez hartzeko ibilgailurik. Gidatu behar badute, arreta handiz gidatzeko eskatu die, abiadura motelean eta segurtasun distantziak zainduz. Mendateak saihesteko eta sakelakoaren bateria beti kargatuta emateko ere eman dute abisu.
Errepidera atera aurretik, haien egoeraz informatzeko eskatu du, gainera.