Guraso bananduak eta umeak

Emakume bat epaitu dute Baionan, senar ohiari sei urteko umeagatik zegokion zaintza denbora ukatzeagatik

Umea aitaren eskuetan uzteko txanda zenetik hiru hilabetez horri uko egin dio emakumezko batek. Aitak salaketa jarri ondoren ama Herrialde Katalanetan atzeman du Espainiako Poliziak, semearekin. Epaia hilaren 24an emanen dute.

2008ko uztailaren 4a
14:05
Entzun
Joan den urriaren 3an banandutako senar-emazte batzuei beren sei urteko semearekin egoteko honako erregimena ezarri zien epaileak: amak umea soilik astean behin ikusi ahal izanen zuen, asteazken edo larunbatean, eta hirugarren pertsona baten begiradapean. Aitari eman zioten zaintzaren zatirik handien-handiena.

Horiek hala, otsailaren 27an emazte ohiaren esku utzi zuen gizonezkoa bien semea, zaintza behatzen duen erakunde judizialaren egoitzan, Baionan. Baina hura berriz jasotzera agertu zenean ez emazte ohia ez semea ez zituen aurkitu.

Gizonak salaketa jarri zuen, baina biak ez zituzten maiatzaren 16a arte topatu. Emazte ohiak Espainiako pasaportea du -aitak, aldiz, irlandarra-, eta Benidormen (Valentzia, Herrialde Katalanak) atzeman ditu hura eta semea Espainiako Poliziak.

"Ez da betiko umea itzuleran aurkitu dudana. Alaia zen, oso soziablea, eta orain triste eta erasokor dabil; irakasleak ez ditu jada errespetatzen", kexatu da aita. Salatu duenez, amak beldurtu egin du.

Epaiketa atzo egin zuten, Baionako Zigor Auzitegian. Amaren kontrako akusazioa hauxe izan zen: "semea ebastea". Alta bada, emaztekia ez zen epaiketara agertu. Ebazpena hilaren 24an jakinaraziko dute jujeek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.