Etxean dira, oraingoz. Emakume bat eta haren semea etxegabetzeko agindua emana du Iruñeko epaitegi batek, baina prozesua etenda dago behin-behinean. Jarauta kaleko 82. zenbakian bizi dira biak, eta epaitegiko ordezkariak 09:00etan ziren han agertzekoak. Etxegabetzea geldiarazteko xedez, Iruñerriko Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak ere bertaratzeko deia egin zuten atzo, eta dozenaka lagun bildu dira 07:30ean. «Etxegabetze guztien kontra» zioen pankarta bat zabaldu dute, eta, gutxinaka, jende gehiago gerturatu da, kalea moztu duten arte.
08:30ak aldera, sarrailagile bat bertaratu da bizitokira, baina etxegabetzearen aurka mugitu direnek geldiarazi egin dute. Espainiako Polizia ez da Jarauta kaleraino sartu: San Lorenzo eta Kale Nagusiaren arteko kantoian gelditu da furgoneta bat, baina 09:00ak aldera alde egin dute.
Etxebizitza Sindikatuko ordezkari Iker Narbonak azaldu duenez, epaitegiko ordezkariak «kaleko jantzita eta inori ezer esan gabe» azaldu dira, baina kalea jendeak hartuta zegoela ikusita, alde egin dute: «Sindikatuko bi kide epaitegira joan dira informazio eske, eta han esan diete, oraingoz, ez dutela baldintza egokirik ikusten etxegabetzea gauzatzeko, baina horrek ez du esan nahi bueltatuko ez direnik». Hori dela eta, kalean gelditzea erabaki dute sindikatuko ordezkariek.
Egoera prekarioan
Etxetik egotzi nahi duten emakumearen eta bere semearen egoera «oso gogorra» dela azaldu du Narbonak: «Semeak %75eko buruko desgaitasuna du, eta oso baldintza txarretan bizi izan dira orain arte. Azkenik, etxebizitza bat topatu zuten alokairuan, Iruñeko Alde Zaharrean, eta gogotik egin behar izan zuten lan hura zaharberritzeko. Alta, gero konturatu ziren iruzur egin zietela, etxea alokatu zien pertsona ez baitzen etxearen benetako jabea. Etxejabe horrek salaketa jarri du familia honen kontra, eta handik egotzi nahi dituzte».
Etxebizitza Sindikatuko bozeramailearen arabera, gainera, familiaren babesgabetasuna «erabatekoa» izan da prozesu osoan: «Epaiketarako aukera ere ukatu die epaileak, eta prozedura bizkor bat abiatzea erabaki du. Ez diete moratoriarik aplikatu, eta oso denbora gutxian heldu da etxegabetze agindua».
Iruñeko Udalaren iturriek diotenez, zerbitzu sozialek bizitoki alternatibo bat eskaini diote familiari, Etxe Bat programaren barruan. Horren arabera, logela bat alokatzeko aukera emanen diete, partekatutako etxebizitza batean. Aukera hori prest egon arte, ordea, hotel batean egon beharko dute. Etxebizitza Sindikatuak esan du aukera horri uko egin diola familiak, bere egoeragatik: «Desgaitasun handia duen seme bat edukita, infernua izan daiteke hotel bateko logela batean bizi behar izatea», esan du Narbonak.
⚠️ Iruñeko Alde Zaharrean, gaurko dago ezarrita beste familia baten etxegabetzea, eta desalojoari aurre egitera deitu du berriz ere Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.
— Gedar.eus (@GedarLangileKZ) June 19, 2025
Etxegabetze ororen aurka, Jarauta kalean biltzen ari da jendea.@Kontseilua_Iru@EtxeSindikatuapic.twitter.com/6OeQBFNawI