Asteartean gertatu zen hilketa. Goizaldean jaso zuten deia larrialdietan, gizon batek bere buruaz beste egin zuela leihotik bere burua botata. Haren etxera joan zirenean, hilik aurkitu zituzten bi umeak, 3 eta 6 urtekoak. Gurasoak bananduta zeuden, eta egun horretan aitaren zaintzapean zeuden haurrak.
Indarkeria matxistarekin lotu dute hilketa, amarekiko mendeku gisa hil zituela gizonak umeak. Izatez, emakume bizkaitarrak salaketak jarriak zituen bikotekide ohiaren aurka. Poliziaren aurrean egin zuen salaketaren arabera, haurrak hiltzearekin mehatxu egina zion gizonak. Tratu txarrak jasan zituela ere kontatu zien poliziei.
Babesa eskatu zuen epaitegian, baina epaileak ez zuen onartu. Espainiako Herri Defendatzaileak ikerketa bat hasi du, kasu horretan administrazioak egoki jokatu ote zuen argitzeko. Zehazki, argitu nahi du emakumearen arriskuari buruzko zer azterketa egin ziren eta zer ondorio atera zituzten.