Jatorri sozial, adin eta bilakaera profesional oso ezberdineko bost emakume dira. XX. mende hasieran jaiotakoa zaharrena, 30 urtera iristen ez dena gazteena. Baina bostek badute elkarri lotzen dien hari sendo bat. Bostak igaro dira unibertsitatetik. Fakultate batean emakume batek ikastea salbuespena zenean ikasi zuten batzuek; gehienak emakumeak eta emakume onartuak direnean besteek.
Maria Luisa Agirre (Tolosa, 1919) medikua da. Tolosako medikua ere deitu izan diote, haren izenaz ahaztuta, «harakinari edo beste lanbide batzuetakoei bezala». 36ko gerraren ondorengo urte gogorretan ikasi zuen medikuntza, lehendabizi Madrilen eta gero Salamancan eta Santanderren (Espainia), eta medikuntza orokorrean espezializatzeko gogoa izanda ere, pediatra bilakatu zen. «Oso lotsatia nintzen, eta bakarrik emakumeak ikusi nahi nituen. Gizonezkoak kontsultan izateak lotsa ematen zidan», dio barrez.
Unibertsitatean sartzea gutxi batzuen esku zegoen garaian ikasi zuen medikuntza. Bera bezalakoek aukera zipitz bat ez zutenean. Izan ere, emakumea eta baliabide ekonomiko gutxiko sendi batekoa zen. Baina ikasi nahi zuen.
Udal eskolako irakasle baten kemenari esker, Tolosako Udalak beka bat eskaini zion, eta diru gutxirekin joan zen Madrilera. «Tolosako familia baten etxean bizi nintzen, eta astero babarrunak bidaltzen zizkidan aitak treneko makinistaren bitartez».
Medikuntzako lehenengo urte hartan bera izan zen emakume bakarra. Bigarren urtean beste bat hasi zen; hirugarrenean beste bat... «Gutxi, oso gutxi ginen».
Maria Ruizen (Irun, 1984) kasua oso bestelakoa da, garaia bezala. 2002an hasi zituen Historia ikasketak, 2006an Antropologiakoak, eta ikerketa feminista eta generokoari buruzko masterra egin berri du. Ez du emakume izateagatik oztopo berezirik aurkitu ikasketetan eta lanean, nahiz eta desorekak oraindik ere badiren, «zeharkakoak badira ere».
Aitzitik, historia ikasten ari zela, ohartu zen «zeinek egin duten historia». «Hor ikusi nuen emakumeen bizipenak ez direla jaso, ezkutatu egin direla. Historian ikusezin bihurtu gaituztela. Eta ikasketek ez zuten genero ikuspegirik lantzen».
Oso bestelako egoera aurkitu zuen antropologia ikasten, kezka handiagoa erakusten zuena: «Generoa eta ikuspegi feminista landu izan ditugu eskoletan. Eta oso aberasgarria izan da, beste mundu ikuskera bat eta kontzientzia dagoelako hor. Beste historia bat».
Ikerketa feministari buruzko masterra egin du, eta ikaskide guztiak emakumeak izan ditu. «Oraingoz, emakumeok erakusten dugu gai honekiko interesa».
Frankismoaren urte ilunak
Marta Cardenasek (Donostia, 1944) frankismo garaiko «unibertsitate iluna» bizi izan zuen. Baina emakume izateak gizonezkoekiko abantaila bat eman zion. Familian giro artistikoa zegoen, eta Arte Ederrak ikasi nahi zuela esan zuenean, ez zioten oztoporik jarri. «Arte Ederrak ikastea eta margolaria izatea! Gizonezkoa banintz, ikasketa serioak egin beharko nituen, arkitektura edo. Baina emakumea izanik, zorteko izan nintzen».
Madrilera joan zen ikastera, eta han, neska ugari eta «molde oso zaharreko» beste horrenbeste irakasle aurkitu zituen. «Ikasleekin esperientzia berri bat izan nuen, eta mutilak zoragarriak izan zitezkeela jakin nuen [kar, kar]». Baina irakasle «jasanezinak» ere aurkitu zituen. «Bazen alferez bat irakasleen artean, eta ikusita nik gogo handiz egiten nuela lan, esan zidan: 'Ez hartu hain serio lana, egunen batean ezkondu eta utzi egingo duzu eta'».
Lanean hasi, eta margoak saltzen zituela ikusita, bere ibilbidea horretara bideratzea erabaki zuen. «Senarrei laguntzeko, berea uzten duten emakume asko ikusi ditut, baina nik jarraitu egin nuen».
Anouk Iraola (Donostia, 1959) bost anai-arreben artean unibertsitate ikasketak egin dituen bakarra da. «Amak bultzatuta» hasi zen unibertsitatean, ingeniaritza industriala ikasten. «Amak beti esaten zidan ez nuela beste inoren mende egon behar, nik neuk egin behar nuela bidea». Nafarroako Unibertsitatean ikasi zuen, eta ondo gogoan du bost emakume besterik ez zirela 80 ikasleko gelan. «Baina ez daukat garai hartan diskriminatua izanaren oroitzapenik».
Gerora, ordea, bai. Lanean hasi eta ama izan zenean, lanera itzultzeko presioa sentitu zuen. «Haurra izan eta astebetera deika nuen nagusia, ez zoriontzeko, baizik eta noiz itzuli behar nuen galdetzeko». Orduan erabaki zuen bere kasa lan egitea, eta gaur egun ere horrela segitzen du, hainbat enpresaren aholkulari gisa.
Ana Belen Juaristik (Zarautz) garbi izan zuen oso gaztetatik bere ikasketak eta bizitza profesionala nora bideratu behar zituen. Familiako enpresan hasi zen administrari lanak egiten, eta une jakin batean, proiektuaren gidaritza hartu zuen: «Belaunaldi aldaketa gertatu zen, eta, orduan ere krisi garai batean, ni jarri nintzen etorkizunerako proiektua gidatzen».
Beti gizonez inguratuta egin du lan, baina «eroso» sentitu izan da. «Baina egia da emakumeak gutxiengoa garela enpresa munduan». Orain Adegi eta Confebaskeko lehendakariordea da, eta hor ere emakume bakanetakoa.
Emakume jakintza igorleak
Emakumea unibertsitatean hasi zela ehun urte bete direla eta, garai eta arlo ezberdinetako bost emakumek beren esperientziak kontatu dituzte Donostian, diputazioak antolatutako ekitaldi batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu