Angeles Sanchez. Amnesty Internationaleko kidea

«Emakumeak beti dira biktima, ez bakarrik gerra eta gatazka egoeretan»

Andrazkoak gerra sari gisara erabili dira mende askotan, eta duela gutxi arte isilpean egon da errealitate gordin hori. Amnesty Internationaleko kide Angeles Sanchezek gaia ezagutarazten dihardu.

LANDER F.ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2011ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Lehen Mundu Gerra eta Bigarren Mundu Gerra, Bosnia eta Herzegovinako gerra, Ruandako sarraskiak, Kongoko Errepublikako borrokak, Irakeko gerra, Afganistangoa. Herrialde horietako gatazketan elementu komun bat bada: emakumeak sistematikoki bortxatu dituzte, eta arma gisara erabili izan dituzte. Historian hor egon da beti arazoa. «Betidanik emakumeak eta haurrak talde zaurgarriena izan dira». Angeles Sanchez (Madril, Espainia, 1942) Amnesty Internationaleko Emakume Taldeko kidea da, eta arazoa gizarteari ezagutarazteko, Emakumeen gorputza gerra sari bezala hitzaldia eman zuen atzo NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Genero Indarkeriaren erroak eta hura errotik kentzeko gakoak jardunaldietan.

Emakumeek gatazketan jasandako bortxaketak urte askoan gai isilpekoa izan dira. Zerk eragin du gaia ezkutuan egotea?

Emakumeak beti izan dira ahaztuak. Ez dakigu, esaterako, zenbat emakume bortxatu zituzten Bosnia eta Herzegovinan. 60.000 emakume bortxatu zituztela esaten da, baina ez dira datu zehatzak zabaldu. Izan ere, sarri bortxatutako emakumeek ez dute esango bortxatu egin zituztela. Beldurragatik, haien senarrek arbuiatuko dituztelako, lotsagatik eta abar. Baina emakumeak beti dira biktima, ez bakarrik gerra eta gatazka egoeretan. Hemen ere, duela gutxira arte, ez zen genero indarkeriagatik hilketarik izaten, pasio hilketak izaten ziren. Emakumeak beti izan dira ikusezinak, eta zenbait gizarte patriarkaletan oraindik ere halakoxeak dira.

Bortxaketak arma gisara erabiltzea gerra krimentzat hartzeko urratsak egoki egin al dira?

Bosnia eta Herzegonivako gerra izan zenean, Slodan Milosevicek eta Radovan Karadzicek emakumeak sistematikoki bortxatzeko politika onartu zuten. Haien arraza garbitzeko politikaren barnean zegoen erabaki hori. Soldaduek ez zituzten emakumeak aurkitzen eta bortxatzen; ez. Hori egitera behartzen zituen politika bat zegoen atzean. Emakume musulmanak bortxatzeko agindua zuten. Gainera, kontzentrazio esparruak antolatu zituzten haurdun zeudenak umea izatera behartzeko. Horren berri izan zenean lortu zen bortxaketak gerrako krimentzat hartzea. Horregatik, gaur egun, Milosevic eta Karadzic bortxaketak agintzeagatik ere epai ditzakete.

Zer gertatzen da sarriago, andreak gerrako saritzat hartzea edo norbaitek bortxaketak egiteko agintzea?

Bi kasuak izaten dira. Lehengo batean esan zuten orain Gaddafik emakumeak bortxatzeko agindua eman duela eta gainera soldaduei viagra emango diela. Kongon, aldiz, ez gaude oso ziur zer gertatzen den, baina momentu honetan emakumeak bortxatzen dituzte gatazkako sariak balira bezala. Ohorezko krimenak ere izan ohi dira; Iranen eta Afganistanen, besteak beste. Emakumea bortxatu ondoren, senarrak hil egiten du, familiaren ohorea apurtu duelako.

Bortxaketa hauen biktimek zer ondorio pairatzen dituzte?

Arazo psikologikoez aparte, GIB birusarekin kutsatzen dituzte sarri, baita euren umeak ere. Avega-agahozo Ruandako alargunen elkarte bat da. Haiek emandako datuen arabera, elkarteko emakumeen %70ek GIB birusa dute. Hori heriotza da beraientzat, sendagaiak erosteko baliabiderik ez dutelako. Batzuetan, bortxatu ez ezik senarrak haien aurrean ere hil izan dituzte; hori ez da inoiz sendatzen.

Bortxatzen dituzten emakumeak haurdun gelditzen dira zenbaitetan. Zer gertatzen da umeekin?

Ez dakigu. 2006an film bat aurkeztu zuten, Bosniako emakume baten historia kontatzen duena. Emakume bortxatuak alaba bat izan zuen, eta aita heroi bat izan zela kontatzen zion. Azkenean, aita arerioa zela jakin zuen. Gai hau jorratzen zuen lehenengo filma izan zen. Umeak izaten dituztenean ez dakite zer egin. Herrira etsaiaren haur batekin itzuliko dira? Lotsagarria da haientzat. Beste batzuek sekretuan izaten dute, beste batzuk familiakotzat hartzen dute... Baina gehienekin zer gertatu den ez dakigu. Zehazki dakiguna da ume horietako asko GIB birusarekin jaiotzen direla. Neska soldaduak ere kasu bereziak dira, sexu esklabo moduan erabiltzen dituzte sarri. Buruzagien seme-alabak izaten dituzte, eta askatzen dituztenean bizirik irauteko prostituitu egin behar izaten dute.

Emakumeek erasoak salatzeko aukera izaten dute?

Emakumeek erasoak salatzeko eskubidea dute. Kongon, adibidez, emakumeak laguntzeko elkarte bat sortu dute. 2003an sortu zen, eta hasieran emakumeak ez zirela ausartuko pentsatzen zuten. 2009ra arte 8.000 emakume baino gehiago lagundu zituzten. Baina emakumeek salaketa jartzeko beldurra izaten dute maiz. Bakarrik gelditzeko beldurra, beren familien arbuioa jasotzeko beldurra, herrian estigmatizatuak izatearena... Kongoko elkarteko presidenteak kontatu zigun emakume bat senarrari gertatutakoa kontatzera ausartu zela, eta senarrarekin batera salaketa jartzera joan zirela. Senarra jo zuten, eta emakumeari ezpainak moztu zioten. Argazkia ikusi nuen, eta irudi hori ez dut inoiz ahaztuko.

Nola lagundu daitezke emakume hauek?

Amnesty Internationalek, adibidez, txostenak egiten ditu, eta gobernuei ematen dizkiegu. Gobernu askok emakumearen diskriminazioaren aurkako ituna sinatu dute, eta hori bete dadin eskatzen diegu. Emakumeak babesteko legeak eskatzen ditugu, eta daudenak betetzeko.

Zerbait lortu da?

Bortxaketak gerrako krimen izatea eta gizartean arazoa ezagutaraztea. Urrats oso garrantzitsuak dira. Epaituko dituzten agintariak hori egiteagatik ere zigortuko dituzte. Pixkanaka goaz, eta aldaketak izan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.