EHUko irakaslea eta Hegoa institutuko kidea da Irantzu Mendia (Gasteiz, 1976), eta, genero perspektibatik, emakumeen memoria kolektiboa berreskuratzearen inguruan lan ugari egin ditu. Asteazkenean, Azpeitiko Emakumeen Txokoan izan zen, honako tailer hau ematen: Zergatik berreskuratu emakumeen memoria historikoa? Gure memoriaren hutsuneak betetzen.
Zergatik berreskuratu emakumeen memoria historikoa?
Historiaz eta memoria historikoaz galdezka aritzen garenean, derrigorrean agertzen zaizkigu galdera garrantzitsu batzuk. Adibidez: Nork gogoratzen du? Zer gogoratzen da? Nola gogoratzen da? Zergatik dira gauza batzuk historiarako garrantzitsuak eta beste batzuk ez? Zer geratzen da historian erregistratuta? Hau da, sozialki garrantzia zeri ematen zaion galdetzen dugu, zer den historian gelditzeko duina. Orduan, horrelako galderak egitearekin batera, ohartzen gara historia eta, beraz, memoria historikoa androzentrismo hutsean aritu izan direla. Erdigunean gizonezkoen ikuspegiak eta esperientziak soilik jarri dituztela eta guztia horien gainean eraiki dutela. Gainera, ikusmira eta esperientzia horiek unibertsalak izango balira bezala hartu izan dituzte, eta suposatu dute emakumeonak ere berdinak direla. Horregatik, berreskuratze hori androzentrismoa identifikatzeko eta salatzeko prozesua da: genero harremanek guztiz zeharkatzen eta baldintzatzen dute memoria historikoa eraikitzeko prozesua.
Zer esan nahi du emakumeen memoria kolektiboa genero ikuspuntutik berreskuratzeak?
Lehenengo egitekoa da interesa eta aztergaiaren fokua emakumeengan jartzea, eta horien errealitate sozialaren ikuspuntuan kokatzea. Logikoki, ikuspuntu hori oso baldintzatuta dago bizi izandako kontuengatik. Emakumeak historian beti biktima gisa agertu gara. Izan ditugun eta izaten ditugun subordinazio esperientziak salatu eta mahai gaineratu behar ditugu. Ekitatearen aldeko konpromisotik abiatzen da emakumeen memoria historikoaren berreskuratzea. Ez du izan nahi ez subjektiboa ez eta inpartziala ere. Oso partziala izan nahi du, eta emakumeen ahalduntzea bilatzen du ekitatean urratsak egiteko. Alde horretatik, nire ustez, memoria eraikitzeko prozesuek eraldaketa sozial eta politikorako erreminta bezala balio beharko ligukete. Ez badute horretarako balio, zer edo zer ez gara ondo egiten ari.
Zein ondorio ditu berreskuratze horrek?
Historikoki periferikotzat hartu, baztertu edota isildu egin da emakumeak bizitzaren hainbat arlotan. Hori ikusarazten eta aitortzen laguntzen du berreskuratzeak. Beste nolabait izendatzearren, indarkeria sinbolikoari aurre egiten laguntzen dio. Indarkeria mota hori oso errotuta dago jendartean, eta horrek ekartzen du historiarako garrantzitsuak diren emakumeen ekarpenak alboratzea edo baztertzea. Orduan, ez da soilik ikusezintasuna, baita desbalorizazioa ere. Berreskuratze horrek gure bizitzei eta gure ekarpenei balioa ematea dakar. Baztertze horrek eragin handia izan du gure konfiantzan eta, emakume gisa, gure autoestimuan.
Nola egiten duzue berreskuratzea?
Hegoa institutuko kideok, adibidez, El Salvadorko emakumeekin horrelako lanak egiten aritu gara. Baita Mendebaldeko Saharako emakumeekin ere. Lan horietan, hango emakumeek nahi izan dutenari jarraitu diogu, eta haien memoria kolektiboaren erregistro idatzia bermatu dugu. Oso oinarrituta dago, nola ez, ahozko memorian eta testigantzetan, baina bermatze horrek badu isla idatzi bat.
Haiek esaten zuten inguruan ikusten zituzten liburu guztiak gizonezkoek eginak eta gizonezkoen ingurukoak zirela, eta ez zituztela ikusten islatuta beraien esperientziak, beraien ekarpenak, beraien ikuspuntuak eta beraien hitzak. Garrantzia ematen zioten erregistro idatziari, eta gu horri erantzuna ematen saiatu ginen. Inportantzia eman genien haientzat ezinbestekoak ziren gertaera historikoei ere. Ez zuten zertan izan historia ofizialak jasotzen edo gogoratzen zituen gertaerak. Emakumeen memoriak oso gorpuztuak izan ohi ziren, eta bizi esperientzia zehatzetan eraikita zeuden. Aldiz, memoria ofizialak joera dauka indarkeriaren biktimak oso modu abstraktuan eraikitzeko.
Gizarteak ba al du prestasuna emakumeen memoria berreskuratzeko?
Gure ingurunean eta mundu mailan badago memoriaren garrantziaren suspertzea. Batez ere, herri mugimenduen eta mugimendu sozialen partetik. Ez du bultzakada instituzionala, baizik jendartetik ateratakoa da. Alde horretatik, esango nuke interesa piztuta dagoela, baina ez nago hain ziur emakumeen memoria kolektiboaren berreskuratzean dagoenik piztuta interes hori. Historian gertatu den bezala, emakumeon borrokatik jaiotzen da interes hori, eta, guk ez badugu egiten, guk ez badugu gure esku bide bezala mahai gainean jartzen, aurrerapauso gutxi izango dira.
Horregatik, Emakumeen Txokoa bezalako espazioak oso interesgarriak ikusten ditut nik, han nolabait loturak, hartu-emanak eta emakumeon hausnarketa kolektiboak indartu daitezkeelako. Horrelako espazioak behar dira gero jendartearen aurrean ideia artikulatuak eta indartsuak agertzeko. Eskertzekoa da, horrelako gaietan murgiltzeko prestasuna agertzeagatik eta emakumeei beste bultzakada bat emateagatik. Hori behar du jendarteak.
Iraganeko emakumeen memoria berreskuratu egin behar izan duzue. Gaur egungo emakumeena ere berreskuratu beharko al da?
Galdera ona da hori. Ohituta gaude ikustera nola behin eta berriz hutsegite berak egiten ditugun. Aurrekoan, egiaren, justiziaren eta erreparazioaren inguruko UEUko jardunaldietan izan nintzen, eta kontu hori atera zen. Bere garaian egin ez genuena orain egin behar dugula esan genuen. Ildo berean esango nuke orain emakumeon memoria historikoaren inguruan egiten direnek belaunaldi ezberdinetako emakumeon loturak egiteko balio beharko liguketela. Memoria berreskuratzeko egin izan ditugun prozesuetan bertako emakumeek lortu izan dute belaunaldi desberdinak lotzea. Izan ere, batez ere gazteak aritu izan dira berreskuratze lan horretan, eta horrek belaunaldi guztiak indartu ditu.
Interesgarria izango da ikustea hemengo gazteen artean zer pertzepzio dagoen. Ez dakit beren bizitzarekin loturarik ikusiko duten, baina, nire ustez, gakoa hori da. Emakumea historiaren eta memoria historikoaren erdigunean egotea lortzen dugunean, gazteek ere euren balioaren eta garrantziaren kontzientzia eduki ahal izango dute. Eta, beraz, ez da atzerapausorik izango.