Gipuzkoako Poliklinikako traumatologoa

Ricardo Cuellar: «Emakumeek lau eta sei aldiz arrisku handiagoa dute aurreko lotailu gurutzatua hausteko»

Cuellarrek dio erronka nagusia dela prebentzio programak ezartzea kirol klubetako prestatzaileen taldeetan eta erakundeen artean.

Ricardo Cuellar, Gipuzkoako Poliklinikako traumatologoa. GIPUZKOAKO POLIKLINIKA
Ricardo Cuellar, Gipuzkoako Poliklinikako traumatologoa. GIPUZKOAKO POLIKLINIKA
Estibaliz Navarro Argaz
2025eko maiatzaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Egunotan kirurgia artroskopikoari eta belaunari buruzko kongresu bat egiten ari dira Donostian, eta kongresuko zuzendaria da Ricardo Cuellar (Madril, 1955). Kirurgia artroskopikoan ibilbide luzea egina du, eta, azken urteotan emakume kirolarien artean aurreko lotailu gurutzatuko lesioen gorakada kezkagarria ikusirik, horretan oinarritu du bere ikerketa lana. «Epidemia berria» deitu dio arazo horri. Datu epidemiologikoetan eta ebidentzia zientifikoetan oinarrituta, protokolo espezifikoen beharra nabarmendu du Cuellarrek. Faktore biomekanikoei, hormonalei eta psikosozialei heldu behar zaiela uste du. 

Zergatik jarri duzue arreta gai horretan?

Arrazoi nagusia zera da, leku guztietan, aurreko lotailu gurutzatuko lesioa izugarri ugaritu dela, batez ere emakumeen artean. Azken urteotan, emakumeak bete-betean sartu dira kirolaren munduan, batez ere futbolean. Gipuzkoako Futbol Federazioaren datuetan oinarrituta ikerketa egin eta gero, egiaztatu dugu gizonen baldintza berberak izanda ere emakumeek lau eta sei aldiz arrisku handiagoa dutela aurreko lotailu gurutzatua hausteko.

Lesio mota hori emakume kirolarien epidemia berritzat jo duzu. Zer faktore daude horren atzean?

Batetik, kirol jarduera handia dago gaur egun; bestetik, nahiz eta gizonentzat eta emakumeentzat jokoaren baldintzak berak izan, ezaugarri anatomiko eta biomekanikoak aintzat hartuta, emakumeek gizonek baino arrisku handiagoa dute.

Beste faktore bat, adibidez, klub batean jokatzea da. Klubetan kirola askoz zorrotzagoa da; izan ere, partida eta entrenamendu gehiago egiten dira. Zenbat eta gehiago praktikatu, orduan eta arrisku handiagoa duzu istripua edo lesioa izateko. Hori ere estatistikoki egiaztatuta dago, eta lesio arriskua askoz ere handiagoa da klubeko kirol jardueran, eskola kirolean baino, nolabait esatearren.

Goi mailako kiroletan aritzen diren emakumeei ez ezik, aisialdian kirola egiten dutenei ere gertatzen zaie?

Bai, noski. Guk ez ditugu eliteko kirolariak bakarrik, kirolari amateur asko ditugu, hau da, hemen Gipuzkoan klub pila bat ditugu amateurrekin lan egiten.

Zein adinetan hasten da handitzen aurreko lotailu gurutzatuko lesioa izateko arriskua?

Antzeman dugu haur eta nerabeen artean lesioek gora egin dutela. Neskengan, gainera, arrisku anatomikoa dago, eta, agian, goizegi hasten dira kirol bakar bat egiten.

Zein kiroletan dago arriskurik handiena?

Biraketa mugimendu azkarrak egin behar diren kiroletan dute aurreko lotailu gurutzatua hausteko arriskurik handiena. Horien artean futbola eta saskibaloia nabarmentzen dira, baina baita eskia, errugbia eta eskubaloia ere. Kirol horietan, oinak lurrean blokeatuta egon behar du gorputza buelta ematen ari den bitartean. Mugimendu horrek tentsio handia eragiten du artikulazioetan, eta baliteke lotailu gurutzatuaren erresistentzia gainditzea. 

Alderdi anatomikoari dagokionez, zer alde daude gizonen eta emakumeen artean hausteko arriskua izateko?

Aztertutako hormona desberdintasunak daude, eta, hormona zikloaren fase jakin batzuetan, ehunen hidratazio handiagoa eragiten dute. Horrek ehunen erresistentzia murriztu eta lesio arriskua areagotu dezake. Hori faktore garrantzitsua da, baina ez bakarra. Gizonen eta emakumeen arteko desberdintasun biomekanikoak ere ikertu dira: adibidez, artikulazioen mugimendua gertatzen den modua. Horiek eragina dute giharreria ariketan aktibatzeko moduan. Desberdintasun horien ondorioz, gihar talde batzuek besteek baino gehiago edo gutxiago lan egin dezakete, eta desorekak sor daitezke, lesio arriskua areagotzen dutenak, hala nola aurreko lotailu gurutzatua haustea.

Zure ustez, kontzientziazio falta dago emakumeen artean lesio horren inguruan? Zer hobetu liteke prestakuntza edo erakundeen aldetik?

Bai, uste dut oraindik ez dagoela emakumeen kirolean horrelako lesioei buruzko kontzientziaziorik, eta horregatik da garrantzitsua dei hau egitea. Prestatzaileen taldeetan eta erakundeen artean prebentzio programak ezartzea da erronka nagusia. Programa horiek kostu bat izaten dute, prestakuntza eskatzen dute, entrenatzaile gaituak behar dituzte, eta, batzuetan, oinarrizko klubetan eskuragarri ez dauden baliabide batzuk izaten dituzte. Hala ere, garrantzitsua da azpimarratzea badirela jada ezarrita dauden prebentzio programak; ezartzen badira eta jarraipen egokia egiten bazaie, lesioen maiztasuna eta arriskua nabarmen murrizten da, hala frogatzen duten ikerketetan oinarritutakoak baitira.

Haurrei eta nerabeei dagokienez, zein dira operatzeko irizpideak gorputzaren garapenari ez eragiteko?

Gaur egungo joera aldatu egin da. Iraganean, haur baten hazte prozesua amaitu arte itxaron ohi zen ebakuntza bat egin aurretik. Baina gaur egun hazkunde prozesuari kalterik ez egiteko teknikak ditugu. Arriskutsua izan daiteke haurra lesio bat duela garatzen uztea, belaunean beste lesio batzuk izateko arriskua handitzen baitu. Gainera, azterketa psikologikoek erakusten dute 11 edo 12 urteko haurrei edo nerabeei kirola egitea debekatzeak sozialki bakartu ditzakeela. Gaur egun, garaiz operatzeko joera dago, lesioak okerrera egin ez dezan.

Emakume zein gizon izan, desberdina al da lesiotik osatzeko tratamendua?

Lesioa eragin dezaketen gihar taldeak berriz orekatzeko eta indartzeko orduan izaten da desberdintasun nagusia. Baina errekuperazio faseak eta denbora biomekanikoak nahiko antzekoak dira gizonen eta emakumeen artean. Hala ere, orain dela gutxi faktore garrantzitsu bat txertatu da tratamenduetan: errekuperazio psikologikoa. Historikoki, artikulazioaren indarrari, mugikortasunari eta oreka biomekanikoari erreparatu izan zaie kirolean berriro hasteko, baina gaur egun gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio alderdi psikologikoari. Azken ikerketek erakusten dutenez, lotailu gurutzatua hautsi eta bederatzi hilabetera jokalari asko oraindik ez daude prest beren kirol mailara itzultzeko, berriro lesionatzeko arrisku handia baita oraindik. 

Belauneko lesioetan, kontuan hartu al dira emakumeen ezaugarri propioak?

Uste dut hau arazo bat izan dela luzaroan. Iraganean, kirol medikuntza hain aurreratuta ez zegoenean, ez ziren hainbeste bereizten gizonentzako eta emakumeentzako tratamendu irizpideak. Gaur egun, ia kirol mediku guztiek lan egiten dute bi sexuen arteko desberdintasun espezifikoak kontuan hartuta. Lehen, emakumeentzako osatze irizpide espezifikorik erabiltzen ez bazen ere, gaur egun ahaleginak egiten dira tratamenduak paziente bakoitzaren ezaugarri berezietara egokitzeko, gizon zein emakume izan.

Gizonen eta emakumeen arteko desberdintasun biologikoek garrantzi handiagoa izan beharko lukete lesioetatik osatzeko protokoloetan?

Bai. Mediku protokoloari dagokionez, zenbait desberdintasun hartu dira kontuan, baina ez asko. Adibide bat hautsitako lotailua ordezkatzeko erabili beharreko tendoi mota izango litzateke. Lotailu hori aldatu egin daiteke, segun eta gizona edo emakumea den.

Arazo horri dagokionez, kirol medikuntza prest al dago emakumeak modu espezifikoan artatzeko?

Oro har, uste dut kirol medikuntza aurrera egiten ari dela bide horretan, baina ez dago modu berean ezarrita leku guztietan. Klub handietan eta profesionaletan jada badaude protokolo garatuagoak, baina erronka oinarrizko klubetara iristea da, non protokolo horiek ez dauden beti hain ondo ezarrita, batez ere maila apalenetan.

Profesionalak ez diren emakumeek informazio nahikorik dute lesio horren arriskuei buruz eta hura ez izateko moduari buruz?

Seguruenik ez. Horregatik, helburua da erakundeen eta kirola egiten duen jendearen arreta bereganatzea.

Zer egin behar dute emakumeek belauneko lesio hori ez izateko?

Funtsezkoa da sasoi onean egotea. Elikadurak zeregin garrantzitsua du, eta funtsezkoa da gehiegizko pisua ez izatea; izan ere, pisuak presio handiagoa jartzen dio belaunari eta lesio arriskua handitzen du. Horrez gain, funtsezkoa da giharrak indartzeko eta oreka biomekanikoa hobetzeko diseinatutako ariketa espezifikoen programak egitea. Programa horiek entrenatzaile edo prestatzaile fisiko espezializatu batek gidatu behar ditu. Entrenatzaile egoki batek ariketak zuzenduko dizkizu, zure beharretara egokitzen direla eta denboran zehar modu seguruan eraginkorrak direla ziurtatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.