Emakumeen aurkako indarkeria

Emakumeen aurkako indarkeriarekin lotu du Berdintasunerako Institutuak hilketa

Yanela Zaruma gaztearen bikotekide ohia atxilo hartu dutela berri eman dute hainbat hedabidek; Foruzaingoak ez du baieztatu Igandeaz geroztik falta zen etxetik, eta aitak salaketa jarri zuenerako hilik aurkitua zuten

Iruñean, elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean, Yanela Zarumaren hilketa salatzeko. Gaur, beste hainbat herritan egingo dute protesta. LANDER FERNANDEZ ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea Erkuden Ruiz
Iruñea
2011ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Zehatz ez dute egiaztatu oraindik, baina orain arteko zantzuek diote emakumeen aurkako indarkeria kasua izan dela. Berdintasunerako Nafarroako Institutuko zuzendari Sara Ibarrolak genero indarkeriarekin lotu du Beriainen (Nafarroa) herenegun agertutako hilotza. «Hori ematen du aditzera orain artekoak». Hainbat kazetak zabaldu dute andrearen bikotekide ohia atxilotu egin duela Nafarroako Foruzaingoak, hilketarekin zerikusia duelakoan. Poliziak ez du egiaztatu hori, kasua sekretupean dagoela argudiatuta. Hala dela baieztatzekotan, aurten emakumeen aurkako indarkeriagatik Euskal Herrian hildako lehen andrea litzateke Yanela Zaruma. 22 urte zituen, eta hiru urteko haur bat.

Herenegun goizean agertu zen Zarumaren hilotza Beriainen, La Morea aintziran. Paseoan zebilen gizon batek aurkitu zuen, lakuaren bazter batetik hurbil. Indarkeria zantzuak zituen. Bezperatik, igandetik, ez zuten emakumearen berri haren hurkoek. Hedabide zenbaitek berri eman dute telefonoz eztabaida izan zuela andreak, eta harrezkero falta zela etxetik. Alaba itzultzen ez zelako larrituta, herenegun arratsaldean salaketa jarri zuen haren aitak, Espainiako Poliziarenera joanda. Hilotza agertua zen ordurako. Desagertzearen salaketaren arrastoari segika, herenegun gauean egiaztatu zuten Zarumarena zela hilotza. Ez zeraman paperik.

Gorpuaren autopsia atzo zuten amaitzekoa; Zaruma zer-nola hil zuten argitzea espero dute horrekin. Hainbat hedabidek lekukoak aipatuta zabaldu dute lepo inguruan zauri agerikoak dituela emakumearen hilotzak. Nafarroako Gobernuak ez du baieztatu hori, auziaren isilpekotasuna aintzat hartuta. Soil-soilik jakinarazi du lehen begiratuan indarkeria zantzuak ageri zituela gorpuak.

Banandu berri ziren hildako andrea eta ustez atxilotutako gizona. Ekuadorkoa zen jatorriz Zaruma, baina Iruñean bizi zen aspaldiko denboretan. Urte bukaeran, baina, bikotekidearengandik banandu, eta gurasoengana joana zen bizitzera, Burlatara (Nafarroa). «Ez zen oso ezaguna ere herrian, baina zirrara eragiten du gazte bat modu horretara hiltzeak», adierazi du herriko alkateak, Jose Muñozek. Udalbatzak osoko bilkura egin zuen atzo iluntzean, emakumearen hilketa salatzeko. Ondoren, herriko plazan, elkarretaratzea egin zuten; han izan ziren hildakoaren senideak ere. Herrian dolu egun izendatu dute gaurkoa. Adierazpen ofizialean, Burlatako Udalak elkartasuna eta laguntza adierazi dizkio indarkeriaz hildako emakumearen familiari, eta iragarri du herri akusazio gisa aurkeztuko dela hilketari buruzko auzian, baldin eta frogatzen bada emakumeen aurkako indarkeria kasua izan dela.

Iruñean ere protesta egin zuten 22 urteko emakumearen hilketa salatzeko. Hala ere, emakumeen eskubideen aldeko elkarteek gaurko egin dituzte deialdi gehienak: Emakumeen Mundu Martxak, esaterako, iluntze parterako jarri ditu hitzorduak Euskal Herriko hainbat herritan.

Senideak, babes eske

Gizartearen laguntza eskatu du, hain zuzen, hildakoaren aitak, Kleber Zarumak: «Gizartearen, agintarien eta justiziaren babesa behar dugu, arren». Familia nora ezean dagoela adierazi du, «gorputzaren gainean bonba bat erori balitzaio bezala, bihotza puskatuta». Komunikabide batzuek ziurtatu dute gaztearen bikotekide ohia atxilotuta daukala Poliziak, baina aitak esan du ez duela horren berri jaso: «Ezin dut esan zer gertatu den». Nolanahi ere, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko eginahalak galdegin ditu: «Uste dut bidezkoa ari naizela eskatzen: agintariek entzun gaitzatela, eta egin dezatela ahalegin gehiago emakumeak hiltzen dituztenean».

Poliziaren ikerketek zer esango zain, kontuz jokatzeko eskatu du Berdintasunerako Nafarroako Institutuak, onarturik ere zantzu guztiek genero indarkeriarekin lotzen dutela hilketa. Ibarrola presidenteak argitu du andreak ez zuela salatua bikotekide ohia, eta ez du baieztatu atxiloturik baden: «Hurbilenekoak ari dira ikertzen». Elkarretaratzeetara-eta ez dute deitu, argitu arte zer gertatu zen. Nolanahi ere, Burlatako Udalak iragarri bezala, Ibarrolak ere aurreratu du akusazio partikular gisa aurkeztuko direla, Poliziak emakumeen aurkako indarkeriarekin lotzen badu hilketa.

Familiak Ekuadorrera eraman asmo du Zarumaren hilotza, haren jatorrizko herrira. Ekuadortarren Nafarroako elkarteek jakinarazi dute diru bilketa bat jarri dutela abian, aberriratzearen gastuetan sendiari laguntzeko.

1.200 salaketa

Nafarroan emakumeen aurkako indarkeriagatik aurtengo lehen emakumea hil dutenean egin du lehen bilera genero indarkeria jarraitzeko Nafarroako batzordeak. Egoeraren berri emandakoan, gazteen artean izaten ari den aldaketa nabarmendu du Ibarrolak: «Gazteek gero eta genero indarkeria kasu gehiago salatzen dituzte». Haren arabera, lehen baino informazio gehiago dute gazteek, eta gaur egun genero indarkeriatzat hartzen dituzte lehen hala jotzen ez zituztenak.

Salaketei buruzko datuak eman zituzten jarraipen batzordearen bileran atzo. Aurten, urtarrilean eta otsailean, 198 salaketa jaso dituzte Nafarroan. Iaz, berriz, 1.210; 2009an baino %7,9 gutxiago dira horiek. %51,73 bikotekideek emakumeei egindako erasoak izan ziren, eta %34,3, bikotekide ohiek eragindakoak.

Era horretako kasuetan «emakumeek ahalik eta laguntza gehien izan dezaten» sortu zuten jarraipen batzordea. Kide dira Nafarroako Gobernuko zenbait sail, Justizia Administrazioa eta Polizia, besteren artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.